Anari, tren bat barrutik barrura

Anariri Adarra saria emango dio Donostiako Udalak, Amagoia Gurrutxaga Urangak Berria egunkariaren webgunean adierazi berri duenez, musikaren munduan egin duen ibilbidearen aitorpen gisa. Ibilbide horren hastapenetan, duela 21 urte, Anarik lehen diskoa kaleratu berritan, Azkoitiko Maxixatzen aldizkarian argitaratu nuen artikulua etorri zait gogora, eta aurkitu ere aurkitu dut Interneteko hodei bateko txoko galdu batean. Lotsa pixka bat ere ematen dit, baina, tira, harrotu ere egiten nau, eta hona ekartzea erabaki dut, zegoen bezala, ezer aldatu gabe (funtsaren funtsean ados bainago orduan idatzi nuenarekin, jakina):

Tren bat barrutik barrure
(Anariri bere diskue dala-ta)

Lou Reeden Pale blue eyes, Joy Divisionen Decades, King Crimsonen Moonchild, Neil Youngen Trasher, Bruce Springsteenen Drive all night, The Ramonesen Questioningly, Psychedelic Fursen Forever Now, Nick Caveren Well of misery, Leonard Cohenen Queen Victoria… Kantu oixen artin erabai ezinde ibiltze’nitxinan garai bateko Radio-3 aspaldi xamarreko artan Diego Manriquek kantante edo musiko bati bere canción eterna zein’tzan galdetze’zixonin. Euskerazko batzuk ere banitxinan oso-oso gustokuk, barru-barrukuk –Benitonak geixenbat, ta baite Ruperrenak’e–, baine, klaro, canción eterna izendatzeko euskerazko bat aukeratzie ez unan sartzen nere orduko eskemetan.

Kantu oixek danak marabilla bat itunan. Kantu oixek, eta beste askok, denborie gelditzie konsegitzen zinaben neretzat, pixke-pixketin beintzet, kantuk iraute’zun bitarte ortan. Eguneroko errealitatetik ertetzeko aukerie emate’zinabenan, eta an, kanpokalde artan, esploradore bat paisaje berri eta zoragarri batin sartzeakun bezela sentitzen nitxinan. Itzekin zaile den ondo esplikatzie baine entenditzie erreza, antzeko zeozer sentiu ez’tunik etzion-ta, kantu batekin ezpa paisaje batekin, edo poema bat letute bestela, edo izer askoko gau batin kotxin sartu eta txofer egiten.

Radio-3 entzuten nun garai artan musika asko entzuten ninan, benetako ilusixukin eta emozixukin, gogotik. Gero, urtik aurrera egin ala, pixket nazkau-edo egin nitxinan. Dana berdine iruditzen asi zitzetenan eta diskuk erosi eta entzutiei laga egin nitxonan. Tarteka-tarteka bakarrik eroste’nitxinan, eta naiko konbentzionalak geixenak.

Baine musikazaletasune ez’ten ola ta ola ain errez galtzen. Beti gelditze’n zeozer barrun. Ta oindik’e bai, oindik’e emozionatze’naun musikikin batzuten. Azkena ire disko berri ori aitzen izen den. Emozionantie iruditu ziten, bene-benetan.

Lasarten zuzenin jotzen ta kantatzen ikusi itunanin –laister izengo’n urtebete– oso ondo pasau ninan. Forkik egun batzuk geruo esan’tzinez, irriparre batin pasau emen ninan kontzertu osue. Lotsa pixket eman zinan ori aitziek. Alaxe izen’tzalako. A ze tonto arpegixe izengo nun nik an, irriparrez, lenengo filan jarrite! Gero Martutenen’e ikusi itunan kantatzen, kartzela ataixen, Etxe barrun zanin. Baine ala’re ni beintzet diskukin askoz geixo emozionau naun. Diskukin ai naun benetan gozatzen. Ze egingo zonagu ba! Neri zuzeneko musikie baino geixo gustau izen’tziten beti diskokue, enlataue. Bazakinat gaizki geratze’ala ori esatie, ez dala emozionalki zuzena, baine nere kasun beintzet egixe den. Ta ire diskukin benetan oso ondo pasatzen ai naun, oso ondo, aspaldixen beste disko batekin pasau ez’teten bezela. Jarri diskue aitzen ta dana barrure dijula sentiu, dana barrun sartze’ala eta barru guztixe gozau egite’ala. Goixen aitau dituten kantukin bezela, ire diskoko kantu batzukin’e denbora geldi-geldi gerau izen den neretzat, pixke-pixketin beintzet, kantuk iraute’un bitarte ortan. Nick Cave zarran pare bat disko ere bazauzkeitxinat etxin, berri xamarrak, baine, bueno, ezta kolorerik ere, Anari, etzion konparatzeik, irie askoz’e benetakuague den, askoz’e barrukuague, askoz’e emozionantiague, askoz’e marabillosuague…

Eszeptikoarena entzuten ai nitzela flipau ninan lenengo aldiz. Sekuleko inderra, sekuleko amorrue, sekuleko biolentzixe zaukein gordeta kantu orrek… Baine ederrena den ze ondo gordeta dauken. Ikeragarrixe! Oin banan-banan ai naun beste kanta danak’e obeto ezagutzen, gauza berrixek bilatzen ta topatzen. Esan dinat len’e, aspaldixen eztinat ain ondo pasau disko batekin.

Nik aitortzei’nat iguel, neu ez konturau arren’e, leikena dala i azkoitiarra izetik eragine izetie diskuk nere barrun sortu dun emozixo ortan. Politte den, izen’e, emozionatzen auen kantu ori egin duna ire errikue dala pentsatzie, eta ezagutzen denala. Baine kantu ederri’pe etzion emozixoik disko batin, eta ire diskun emozixo asko zion, emozixue lepo. Barru-barrutik sortutekue eta barru-barrure ailegatze’ana.

Juan Luis Zabala
(Xestero gaztie)

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude