Literaturak ez du horrela funtzionatzen

Lokian ukabilkada bat jaso banu bezala utzi nau, jo eta ma!, Gerediaga Elkarteak eta Durangoko Udalak sortutako Sormen Beka Da literatura bekaren balorazio irizpideen irakurketak: “proiektuaren kalitatea eta gaiaren tratamenduak sor dezakeen interesa (%45); gaitasun berritzailea eta originaltasuna (%20); proiektuaren hedatze ahalmena (%15); zenbateraino sustatzen diren kultur artekotasuna, genero berdintasuna, integrazioa, diziplinarteko izaera eta komunikazio teknologien erabilera (%10); eta aurrez aurreko proiektuaren defentsa (%10)”.

Gehiegi esatea ote da idazle moduan irainduta sentitu naizela? Bai bada, irainduta sentitu naiz! Egia da eta halaxe esaten dut. Idazle gisa, estimatzen ditut diru-laguntzak, baina ez zait onargarria iruditzen diru-laguntza hori jasotzeko diru-laguntza ematen duenaren irizpideen araberako herritartasun egokiaren eta zuzentasun politikoaren azterketa moduko bat gainditu behar izatea, hura irakasle eta ni eskola-ume bagina bezala.

Hori, zorrotz jarrita behintzat, ez da literatura sustatzeko beka bat. Hori da literaturak balio jakin batzuk sustatzeko balio behar duela pentsatzea —zuri garrantzitsuenak iruditzen zaizkizunak—, eta zure iritzi hori eta zure ikuspegi hori ezartzea idazleei —aitakeria heteropatriarkal lotsagabez, estutzen banauzu—, pentsatuz idazleek ez dutela zuk adinako argitasun intelektualik, pentsatuz idazleak ez direla iristen zuri gaur eta hemen zer nolako literatura egin behar den erakusten dizun jakituria horretara.

Esan dezakezu kulturartekotasuna, genero berdintasuna, integrazioa, diziplinartekotasuna, teknologia berrien erabilera literaturan edo nahi duzuna sustatzeko —garraio publikoaren prezioen doikuntza, Pirinioetako otsoen biziraupen duina, Trebiñoren autodeterminazioa…— literatura sortzeko baliagarri izango den beka bat emango duzula, eta nahi duzun bezala dei diezaiokezu horri (GEHNIBDL sortzeko beka, adibidez; hau da, Gaur Eta Hemen Nire Iritziz Behar Den Literatura sortzeko beka), baina ezin diozu literatura sortzeko beka deitu, horrela, biluzik eta inolako mugatzailerik gabe. Hori tranpa da.

Kulturartekotasuna, genero berdintasuna, integrazioa, diziplinartekotasuna, teknologia berrien erabilera literaturan… Horiek denak sustatzea zilegi da, jakina, eta borondaterik onenarekin erabakiko zuten, ziur nago, Gerediaga Elkarteak eta Durangoko Udalak balorazio irizpide horiek ezartzea beka deialdian. Baina literatura ez da hori, literatura ez da horrelakoa, literaturak ez du horrela funtzionatzen. Idazleak ez gaude inori egokiena iruditzen zaiona idazteko, eta literaturaren historiak argi erakutsia du, mila adibiderekin, kausa eder baten aldeko mezua sustatu nahia pozoi hilgarria dela literatura lanarentzat hamarretik bederatzi eta erditan gutxienez.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude