Zertan egon da euskara Tourrean?

Frantziako Tourra Euskal Herritik pasatu da eta oso pozik gaude euskaldunak, euskara hor egon delako. Helmugako megafonian euskara goxoa entzun zen atzo eta euskarazko egunkari bakarrak ia lau orrialde oparo eman dizkio gaur gertaerari. Ez gara makalak! Baina… Megafoniako esatariak lehen esalditik ezagun zuen ez zela oso aditua txirrindularitzan: etapari “txapelketa” esaten zion, etapako sailkapenari “sailkapen nagusia”, txirrindulariak izendatzean abizena esaten zuen lehenik eta izena gero, ezezagunak balitzaizkio bezala, frantsesezko esatariak emandako datuak errepikatzen zituen behin eta berriz… Euskarazko egunkari bakarreko lau orrialdeetako argazkietan, berriz, ez da bizikleta bakar bat ere ikusten. Euskara Tourrean egon da, bai, baina zertan? Ez da nire asmoa helmugako esataria eta euskarazko egunkari bakarreko kazetariak kritikatzea, haiek ondo egin dute beren lana, egokitu zaien moduan. Askoz ere zabalagoa da arazoa, jakina. Nire irudipena da askotan euskara leku guztietan egotea nahi izaten dugula, eta bai, ondo dago hori, baina egoten jakin behar da, egote hutsak ez duelako ekarpen handirik egiten, traba bsterik ez kasu askotan, euskaraz aritzea delako benetan aurrera egiten laguntzen duena, aritze horretan uneari eta gertaerari emanez indarra eta garrantzia, ez behin eta berriz euskara han dagoela gogoraratze hutsa festa bihurtzeari.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude