Lirismorik eta espanturik gabe

Gaur Berria egunkarian Peter Handkeri buruz kaleratu dudan artikuluaren bertsio luzeagoa da hau:

Harritu egin ninduen atzo, Peter Handkeri Nobel saria emango diotela jakin eta gero, Euskarari ekarriak atarian haren testu bakarra dagoela ikusteak, Mikel Antzak duela 35 urte euskaratutako ipuin edo apunte labur bat besterik ez. Garai batean nahiko idazle aipatua izan baitzen Handke euskal idazleen eta literaturazaleen artean.

Susa taldeko kideen bidez ezagutu nuen nik Handke, Jose Luis Otamendik laudatu eta gomendatuta, oker ez banago, eta gaztetako idolatria betean harrapatu egin ninduen haren idazkera niretzat garai hartan harrigarriak, Wim Wendersen zinemagintza travellingzuloarekin batera.

Das Gewicht der Welt (Munduaren zama) izan zen nire garai hartako handketar irakurketetan gehien liluratu ninduena, gaztelaniaz irakurrita: El peso del mundo (Laia, Bartzelona, 1984). Betiko iltzatuak geratu zitzaizkidan dietario edo egunkari hartako ohar labur batzuk:

“Norbaitekin egon eta gero, harro sentitzen naiz neure ezer traizionatu ez dudalako”.

“Gaur arratsaldean nengoen moduan egonda, hilkorrik mespretxagarrienari laguntza eskatzear egon naiz”.

“Neuregandik irten arte ibili”.

“Eguneko lehen beldurra”.

“Ezin izango nuke esan nor naizen, ez daukat aztarrenik txikiena ere neure buruaz: jatorririk gabeko, historiarik gabeko, aberririk gabeko norbait naiz, eta horri heltzen diot”.

“Hodei txiki batzuk ari ziren pasatzen Notre Dameren atzean Jean Renoirren film zahar batean, eta nik pentsatu nuen: beraz, hodei horiek hortik pasatu ziren orain dela berrogei urtetik gora”.

“Goizean atzamarrean ebakia egin eta gero, gauean, platerak garbitzen dituzten bitartean, esparatrapua erortzen zaien ezin konta ahala etxekoandreengan pentsatu; orain, sukalde mordo batean esparatrapu bustiak eta biribilkatuak daude atseden hartzen, tantaka lehortzen ari diren plateren ondoan”.

“Gaur, dendan, gatza erosi nahi eta bilatzen ari zen paketea aurkitu ez duen agurea; handia erosi du, besterik ezean, eta esan du txikiak hiru urte irauten diola. Isiltasun arraro bat zabaldu da denda osoan zehar, denon pentsamenduetan agurea gatza azkeneko aldiz erosten ari zelako ideia zabaltzen zen bitartean”.

Lirismorik eta espanturik gabeko intimismoa aurkitu nuen nik Handkeren idazlanetan, aurreiritzirik eta batez ere aurre-xederik gabeko idazkera; erraza, hitzaren zentzurik zailenean; naturala, hitzaren zentzurik landuenean; prosaikoa, hitzaren zentzurik poetikoenean. Handkeren testuetan etengabeko autokritika moduko bat aurkitu nuen, irakurleari, kritika bihurtuta, barrura zirimiri baten leuntasunarekin sartzen zaiona; zintzoa, hitzaren zentzurik gaiztoenean.

Garai batean saiatu nintzen, baina berehala utzi nion gaztelaniara itzultzen ziren Handkeren lan guztiak irakurtzeari; are gehiago: Peter Handkeren ezer irakurtzeari. Batetik, handiegia zen haren etorria eta emana, ezin jarraituzkoa; bestetik, aspertu, egin nintzen begiak letrazko basamortu luze eta niretzat askotan ezin ulertuzkoetan nekatzen, barrua inarrosten zidaten pasarte gero banakagoen bila.

Das Gewicht der Welt liburuko pentsamendu koxkorrek, espanturik eta lirismorik gabeko intimismo ñimiño hark sortutako apunteek (egile beraren beste testu askorekin batera, jakina) Nobel saria jasoko omen dute. Ez dakit albistea pozgarria den edo ez. Baina bizitzak irakurgai jartzen digun apuntetxo moduan badu indarra.