Itzuliz urri mihiak

Ez dut irakurri (oraindik) Anjel Lertxundiren Itzuliz usu begiak liburua, baina aurkezpenean esan dituenak ezinegona eragin didate. Ados nago Lertxundik itzlpengintzaz esaten duenarekin, eta seguru nago liburua bikaina dela, gustura irakurriko dudala, baina begira zer purrustada atera zaidan Facebookeko lagun bati honetaz idazten hasi naizenean:

“Barkatu baina obsesionatuta nauka gai honek. 30 urtetik gora darama literatur itzulpengintzaz gauza bera esaten Anjel Lertxundik (eta Bernardo Atxagak, Juan Garziak, Inazio Mujika Iraolak eta beste askok ere bai), euskal idazleen artean oso txertatuta dagoen diskurtsoa da, teorian behintzat…. Baina irakurleengana gerturatzeari dagokionez, ez da ezer aurreratu, eta beldur naiz liburu honetan ere ez duela egileak (Anduk) estrategiarik proposatzen horretarako (irakurri gabe ari naiz, aurkezpenean esandakoetan oinarrituta). Bien bitartean, euskarazko fikziozko ikus-entzunezkorik ezin da ia batere ikusi, ez bada Zinemaldiaren Euskal Zinemaren Galatik aparte (euskal zinemaren ustezko loraldia, alde horretatik begiratuta, praktikan, euskarari dagokionez, hutsaren hurrengoa da, ordu gutxi batzuetako ekoizpena baino ez baitu osatzen orotara, euli-kaka hutsa eskura dugun ikus-entzunezko fikzioaren unibertsoaren parean). Ez baita fikziozko ikus-entzunezkorik ia batere itzultzen euskarara (ez azpidatzi bidez eta ez bikoizketa bidez), ez baita euskara batu normalizatuan ikus-entzunezko fikziorik batere eskaintzen. Bien bitartean, ahozkotasuna ardatz duen elkarte handi samar bat daukagu, Mintzola, baina bertsolariei begira bizi da batez ere, ikus-entzunezko fikzioaz arduratu gabe, nik dakidala behintzat… Nola da posible hori? Nola irakurriko ditugu fikziozko lan literario itzuliak naturaltasunez eta eroso, ikus-entzunezkoetan fikzioa, urriaren urriz, arraroa eta artifiziala egiten bazaigu, duela 30 urte baino arraroago eta arrotzago kasik? Ez du zerikusirik ikus-entzunezko fikzio itzulirik ez izateak euskarara itzulitako literaturak duen harrera eskasarekin? Irudipena dut 30 urte daramagula gai berarekin bueltaka, gauza berri askorik esan (eta proposatu) gabe (tira, esan bezala, irakurri beharko da liburua, baina aurkezpenean esandakoak kontuan hartuta… esperantza gutxi) eta bitartean euskal bikoiztaileak langabezia gorrian edo bikoizketarekin eta euskararekin zerikusirik ez duten lanetan!”

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude