Lerro islatu ezina

Ruben Sanchez Bakaikoak Facebooken La línea invisible telesailari egin dizkion kritikekin bat nator, eta kritika horiek irakurri eta gero Sanchezek idatzitakoari honako hau gehitu diot bulkada bizkor batean…: eta ez dela ikusten ETAri herritar gehienek (edo askok eta askok behintzat, horien artean geroago “democrata de toda la vida” izandako “liberal tolerante adimentsu eta bakezale” asko, Mario Onaindia, Kepa Aulestia, Agustin Ibarrola, Mikel Azurmendi, etc.) ematen zieten babesa. Basakabiko zerbitzaria, itxuraz euskalduna, guardia zibilarekin liatzen da inolako kezkarik gabe, iturgina, elektrikaria edo autobus txoferra balitz bezain lasai. Ez ba, ez, ez eta ez, hori oso arraroa egiten da, etxe asko eta askotan zitzaiolako izua (eta herra) Guardia Zibilari (eta ezagutzen zutenen kasuan Meliton Manzanasi, jakina), eta asko eta askotan ematen zitzaiolako babesa ETAri, gutxienez lehen urteetan, Francoren aurkako elkartasun giro zabalduan. Eta telesailean hori ez da sumatu ere egiten. Eman behar ETA herritarrekin inolako loturarik ez duten lau iluminatu txoro-panplina direla, zeharo ergelak gainera, aberaskilo putakume koldar nardagarri batek aise manipulatuak (Txillardegi, Krutwig eta gisako beste batzuengan oinarritua omen dago, harrapazan hori, dedio!!!). Txabi Etxebarrietari kantu bat kantatu zion Imanolek eta Jorge Oteizak eskultura bat eskaini zion, oso onarpen handiko lanak biak ere. Ba Etxebarrieta telesailekoa bezalakoa izan baldin bazen, erridikulu galanta egin zuten euskal kulturako sortzaile handienetako bik, are handiagoa haien lanei onarpena eman zietenek, hobe zuketen Meliton omendu, alde ederreko distira izango zuten orain haien lanek. Hura zen gizona hura! Azkarra eta saiatua, inon azkarrik eta saiaturik bada! Tira, esandakoa, niretzat ez du inondik inora islatzen orduan zegoen giroa, eta horrek eragotzi dit gutxieneko normaltasunez ikustea eta baloratzea. Neuk kulpak seguru asko, beste zerbait espero izateagatik!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude