Behiei mintzo

Izenik gogoratzen ez dudan –eta gogoratu nahi ere ez dudan– tertuliakide batek esan du euskara “behiei hitz egiteko hizkuntza” dela, eta aberrazio barkaezina, horrenbestez, euskara gaztelaniaren pare jartzea, ospeari zein eskubideei dagokienez. Euskaldun askori barruan min ematen digu halakoak entzuteak, eta tertuliakide horren adierazpenak biral bihurtuak ditugu dagoeneko geure foro birtualetan.

Ez dauka arrazoirik tertuliakide zital horrek, jakina, nola ba!, besteak beste, Iñaki Segurolak ongi gogorarazi zigun bezala, arrazoia ez dagoelako edukitzerik. Baina aitortu behar da esan duena esateko arrazoiak ez zaizkiola falta, askotan geuk emanak, euskaldunok, geuk halakorik uste gabe, geure hizkuntza behiei, txakurrei, umeei eta –asko jota, onen-onenean– etxekoei eta lagunei hitz egiteko hizkuntza dela usteko bagenu bezala jokatzen dugulako.

Izenik gogoratzen ez dudan –eta gogoratu nahi ere ez dudan– tertuliakide horren adierazpena egunero gosaldu beharko genuke euskaldunok, egunari tinko, indartsu eta fier ekiteko, tertuliakide horri ileak lazteko gogoa gidari nagusi dugula. Onak gara ba gu, alajaina!, norbaitek kontra egiten digunean!

Horretarako, izenik gogoratzen ez dudan –eta gogoratu nahi ere ez dudan– tertuliakide horri ileak lazteko, batzuetan euskalkia beharko genuke, beste batzuetan Xabier Amurizak sukalkia deitzen duena –norberaren bailarako, herriko, herrixkako, auzoko, kaleko, etxeko edo baitako euskara–, baina batua artifiziala dela gogorarazten, geza dela salatzen eta gupidarik gabe gutxiesten hasten bagara jai izango dugu, izenik gogoratzen ez dudan –eta gogoratu nahi ere ez dudan– tertuliakide horri esan duena esateko arrazoiak ematen jarraituko baitugu, haren buru gaineko gominari ikararik txikiena ere eragin gabe.

Honaino nire gaurko hausnarra, Euskal Herriko behi maiteok. Behiez aparteko irakurle bakanei, goraintziak eta esker bereziak zuen arreta finagatik.

Lehen post-data: Saiatu arren gogoratzea lortzen ez dudan norbaitek –barkatuko ahal dit!– Bitoriano Gandiagaren poema hau berreskuratu du, egokitasun handiz nire ustez, gai hauen harira, Twitterren: “Hemen / euskaldun izatea bezalako / gudaririk ez dago. / Hemen euskaraz irakurri / eta euskaraz idaztea bezalako / iraultzailerik ez dago. / Hemen / euskara indartzea bezalako / indar politikorik ez dago. / Hemen ez dago / euskara adinako desafiorik / inperio zurrupariaren / aurka. / Hemen ez dago / euskara adinako / askatasunaren aldeko / itxarobiderik”.

Bigarren post-data: Interesgarriak iruditu zaizkit Maribi Unamunoren hitzak, atzoko Berrian: “Nik uste dut hor ekarpena egin dugula, euskalkiei prestigioa emateko. Gertatzen da beste muturrera joaten garela ere, eta batua ez dela ezertarako behar esaten dutela batzuek. Eta gainera ez du euskalki landua egingo, bere etxean egiten dena baizik. Hori ere ez da, hizkuntzak komunikazio baliabide den heinean, komunikatzeko balio behar baitu. Eta ez gurean zein ondo egiten den erakusteko. Bestalde, euskalkia egitea ere denari deitzen zaio, baita euskalki pobre bat egiteari ere, eta hor identifikazio faltsu asko daude. Batzuetan nahi dugu hizkuntza izatea norbere identitatearen parte, baina orduan urrunegi eramaten dugu, eta esaten dugu norbere identitatea dela beste inorena baino gehiago”.

Gora gure gaitzerdixe!

Iñaki Segurolak Euskadi Irratiko Arratsean saioan 2017ko urtarrilaren 13an esandakoei (25’10”-etik aurrera) erantzunez:

Irekin ados natxiok gauze askotan, Iñaki, batizbat esatekenin euskera batue “gaitzerdi” dala, ta erderie “gaitzosue”. Eo olako zeozer. Ola ikusitte, naturalezie maitteun gaur egungo artzai eo baserritar batentzat kotxin ibiltzie bezelakue dek euskera batue: gaitzerdi bat. Baine gaitzerdi derriorrezkue, zeatik traktorin eo kotxin ibiltziei uko einde, gaur ta emen, esangoik zein kristo izen leiken artzai eo baserritar.

Orreatik esateiat batue oso gustukue eztula esateuna (oso-oso xuabe, xalo ta apal esate bau’re, Imanol Azkoitiak esantzun bezela), analfabetismue defenditzen ai dala neurri baten, aizie artzea bialtzen ai dalako bere izkuntzik, euskerik, azken berrogei urtin izen dun erabilera alfabetatun %99 eo geixo, ire liburuk ta Euskadi Irratiko agerraldixek tartin dila; baitte nik ainbeste urtin lan egin deten tailerreko produktue’re, Euskaldunon Egunkaria len, Berria oin. Eztik liburuik erre eo eskritoreik akau, baine… ori ezpada, zearka bada’re, analfabetismue defenditzie, esangoik…

Ik radixun ondo esan deken bezela, oso naturala ta lojikue dek batun kontra sentitzie ingurun bere erriko, auzoko eo dana dalakoko euskerie bizi-bizi daukena. Neuk’e sentiu nian batuk eraindeko enge mouko ori oin dala urte mordue, batizbat EGAko esamiñe suspendiu nunin (eo, ordun sentiu nun bezela esateko, suspendiu ziebenin). Entenditzeiat ori. Euk’e esan dek, ordie, gaur ta emen, gauze askotako, “gaitzerdixe” eo “gaitzosue”, bixetako bat aukerau bearra daola, batue eo erderie, beintzet eitten dana norberan errireko eo gertuko jendintzako bakar-bakarrik egitte eztanin: eskolie, irratixe, periodikue, telebisixue, Interneteko gauzek, liburuk, pelikulek, antzerki emanaldixek… Euskeraz sortuteko testu ta jardun asko ta asko (ta erdaretatik itzulittekuk ze esanik ez) ezin dittuk euskal erri danetá zabaldu bakoitzek bere izketa-moue erabilitte.

Testu ta jardun asko bai, ein ta eman leizkeituk erriko euskeretan, nai badek, orri etzuat gaizki irizten; baine beste asko ta asko, ta tartin euskerik gaur ta emen guztiz berrezkuk dittunak, ik “letrakuntzie” deitzeixoken ortakuk, inundik ta inola’re ez. Ta gaur ta emen, letrakuntzie gure bizitzetan barru-barruraino sartute daukeunez, izkuntza batek etzaukeik letrakuntzaikpe irauteik; naturalezie beste danan gainetik maitte ta miresteun artzai eo baserritar batek traktoreipe eo kotxeipe bizitzeik eztun bezelaxe (artzai eo baserritar izetiei lagatzeke beintzet). Orreatik, aukerau ein bear diau: euskera batuko letrakuntzie ala erdera pijoko letrakuntzie; gaitzerdixe ala gaitzosue.

Ta beste kontu bat ere baziok, oso inportantie: erri ta auzo askotan erriko euskeraipeko euskaldunek zeudek, batue besteik eztakixebenak. Oixen euskerie’re gaitzerdi izengok, baine gaitzerdi bear-bearrezkue euskerintzako. Ondo bearrezkue’re!

Politte dek egiten deken konparaixue’re: batue = arreman eterosexualak / erriko euskerie = arreman omosexualak. Metafora orren barrun sartute, ik ondo esateken bezela, erriko euskerin kontra egotie omofobue izetin parekue dek; baine ni ortatik libre naola usteiat, ondo iruditze zatelako Dorian Grayn erretratue Azpeittiko euskerá itzuli ta argitaratzie. Eztakittena dek, metafora horren barrun segiute, Imanol Azkoitia ez ete dan (oso-oso xuabe, xalo ta apal bada’re), heterofobo xamar agertu, ortako bate bearripe euskera batue eztula oso gustoko esan dunin.

Bai, bazekiat betiko kakari bueltaka ai naizela, ta azken batin gure iritzixen artin ez daola alako alde aundik, baine geixenbat eskribitzen diat beste gauze baten’e iri arrazoi emateko: esatekenin (nere izenik aittatzeke baine neuk beintzet nitaz ari aizela garbi jakitteko moun) ez naizela gauze batzuk entenditzeko kapaza ta ez naizela sekule izengo. Eo olako zeozer. Entendiu berko nuken ta entenditzen ez deten ori zer dan’e eztiat entendiu barren!

Besteik ez oingoz. Besarkada bat gure gaitzerdixen defenditzaile sutsu onen partetik.

Engraxi eta Klaus egun batez Martutenen

Joan den larunbatean estreinatu zen, arrakasta handiz, Martutenen (Donostia), Engraxi eta Klaus egun batez Martutenen bideoa, Ander Edok zuzendua eta nik Martuteneko Euskara Batzordearen enkarguz idatzitako ipuin honetan oinarritua:

Engraxi Martutenen bizi izan zen ia ehun urtez, baina duela hamar urte hil zenean bere gorputza Polloeko hilerrian utzi eta zerura igo behar izan zuen, berak nahi ez bazuen ere. Zerua esaten diogu hildakoak gorputza utzita joaten diren lekuari, baina inork ez daki hori duen benetako izena, ezta non dagoen ere. Dena esateko, benetan zerurik edo dena delakorik ba ote den edo ez ere ez daki inork.

Zeruan lasai eta gustura bizi dira hildakoak, hala bizi zirenean zintzo izandakoak nola gaizto izandakoak, bertutetsuak zein bekatariak, denak berdin-berdin, arazorik gabe. Handik mugitu gabe munduan gertatzen denaz enteratzen dira, baina munduan parte hartu gabe. Ondo bizi dira, baina batzuetan aspertu egiten dira.

Engraxik, hildako guztiek bezala, mundu guztian gertatzen den guztiaren berri daki, berez, baina Martuteneko kontuekin du beti interes berezia. Hil eta gero ere, bizi zenean bezala, Engraxi oso-oso-oso Martutenekoa da.

Horregatik, hilean behin, zeruan baimena ematen diotenean, Engraxi Martutenera itzultzen da, bertakoen artean egotera. Batzuetan bakarrik, beste batzuetan ez.

Hilda dagoenez, gorputzik gabe itzultzen da Engraxi Martutenera, eta, berak dena ikusi eta entzun arren, inork ez du Engraxi ikusten edo entzuten. Sentitu, ordea, batzuek sentitzen dute ondo-ondoan jartzen zaienean, nahiz eta ez jakin zer den sentitzen duten hori.

Aurreko batean, hilean behingo bisita horietako bat egin zigun Engraxik, eta Klaus izeneko gizon bat ekarri zuen ondoan, alemaniarra, zeruko bere (orain arteko) azken nobioa, edo, beste era batera esanda, zeruko nobio berria.

Martutenera iritsita, Engraxik eta Klausek egin zuten lehenengo gauza zubi berriko obretan sartzea izan zen. Gorputzik ez dutenez, bertatik bertara ikusi ahal izan zituzten lanak, arriskurik gabe eta langileei enbarazurik egin gabe. Engraxik auzoa nola geratuko den jakin nahi zuen, eta poz berezia sentiarazi zion Martutene, behingoz!, uholdeen arriskutik libre izango dela pentsatzeak.

Gero, Martutene bisitatzen duen bakoitzean bezala, auzoko baserrietara jo zuen Engraxik, Klaus atzetik zuela; banan-banan erakutsi zizkion nobioari oraindik ere bizirik eta lanean jarraitzen duten Martuteneko baserriak: Antondegi, Lizarrategi, Parada, Olatxo, Agirretxe, Okendotegi, Goiatz… Baserri horietan, bertako barazki, okela eta fruta jan zuten, mauka-mauka, plazer handiz.

Guk, bizi garenok, ezin dugu oso ondo ulertu nola jan dezaketen hildakoek, ez baitaukate gorputzik, ez baitaukate ahorik, eztarririk edo triparik. Baina jan egiten dute, bai, eta Engraxirentzat plazer handia da baserrietako produktuak jatea Martutenera itzultzen den bakoitzean. Klausek ere gustura irentsi zuen Martuteneko janaria, Alemaniako saltxitxekin asko akordatu gabe.

Ondoren, nola ez ba!, Martuteneko hiru sagardotegiak bisitatu zituzten: Barkaiztegi, Lizeaga eta Gartziategi ; eta, beren erara, hildakoen erara, guretzako ulertezina den moduan, sagardoa edan zuten.

Engraxi oso sagardozalea izan da beti, eta gustura edan zuen. Klausi hasieran kosta egin zitzaion sagardoaren zapore mingotsera ohitzea, baina erronda amaitu zutenean Engraxiri galdetu zion ea ez al zegoen sagardotegi gehiago Martutenen. “Lehen bai, bazen gehiago, baina orain, zoritxarrez, hiru hauekin konformatu behar dugu”, esan zion Engraxik.
Zubi berriko lanen inguruko jakin-minaz gain gosea eta egarria ere ondo aseta, ibaian buelta bat egin zuten gero, traineru batean baleude bezala, arraunean, eta gero Pilarreko etxeen artean buelta bat, bertako dendetan sartu-irtenak eginez eta erosleen eta saltzaileen arteko solasak entzunez. Engraxik jende ezaguna ikusi zuen, baina jende ezagunak ez zuen Engraxi ikusi. Horrelakoak dira hildakoen lur gaineko ibilerak.

Eskolatik irten berriak ziren umeekin egin zuten topo arratsaldean parkean, eta Engraxik bere hiru birbilobak ezagutu zituen: bat bizikleta txiki batean batetik bestera, bestea baloi baten atzetik eta amaren bularretik esnea hartzen txikiena…

Bizikletan zebilena Martuteneko trena eta Ran Rober Ran kantatzen ari zen, Imanol Urbietak aspaldi hementxe, Martutenen, irakasle zela sortutako kantuak biak ere.

Pozik geratu zen Engraxi umeei begira, baina pena handia sentitu zuen ezin zituelako besoetan hartu.
Klausek eten zuen Engraxiren une sentikor hura, sagardo gehiago edan nahi zuela eta taberna batera eramateko eskatu zionean.

Zerura itzultzean, Engraxik esan zion Klausi zorte handia zela Martutenen bizitzea, eta zorte handia, baita ere, hilda egon arren, hilean behin Martutenera itzuli ahal izatea, nahiz eta martutenetarrekin hitz egiterik ez izan.

“Berriro itzultzen zarenean, abisatu eta zurekin etorriko naiz”, esan zion Klausek. “Martuteneko sagardoaren pareko edaririk ez da zeruan”.

Saizarbitoriaren ‘zaska’ Arambururi eta beste emozio batzuk

Jakin-minak eta aukerak eraman ninduten atzo arratsean Donostiako Lagun liburu-dendara, Ramon Saizarbitoriak eta Fernando Aramburuk, Donostia 2016k antolatuta eta Ignacio Latierro gidari zutela, izatekoa zuten solasaldia entzutera. Ez nuen bihotza bizkortu eta serieak egiten jartzeko inolako asmorik, baina aitortu behar dut une batzuetan sutan jarri nintzela barrutik.

Nire emozioei buruz hitz egin baino lehen, ordea, esan beharra daukat asko gustatu zitzaidala Saizarbitoriaren jarduna, eta, nire ustez behintzat, orain esaten den bezala, zaska edo belarrondoko —dialektiko— ederra eman ziola Arambururi, eta Aramburu erantzuteko argudiorik gabe geratu zela oro har, edozein ohol usteli heltzen dion naufrago baten antza hartuta. Tira, beharbada hooligan samarra jarri naiz hori idaztean, baina nik uste dut Arambururen jarraitzailerik sutsuenak ere aitortuko lukeela atzo Saizarbitoriak erantzunik gabe utzi zuela behin baino gehiagotan Aramburu, eta alderantzizko erreakziorik ez zela une bakar batean ere izan.

Saizarbitoriak esan zuen, beste gauza askoren artean, berari ez zaiola iruditzen euskarazko literatura —nik, berez, “euskal literatura” idatziko nuke, baina solasaldia gaztelaniaz izan zenez eta itzultzen ari naizenez, badaezpada ere, argiago gera dadin, aurerrantzean ere “euskarazko literatura” idatziko dut—, bada hori… esaten ari nintzen bezala, Saizarbitoriak esan zuen, gauza askoren artean, berari ez zaiola iruditzen euskarazko literatura hiper-subentzionatua dagoenik; bera behintzat ez dela inondik ere idazle hiper-subentzionatua sentitzen —ez zuen esan, erdaraz ari zelako, baina neure artean irudikatu egiten dut esaldia “Akabo ba!” batekin errematatzen—; euskaraz idatzitako literaturak subentzionatuegia dagoelako kexatzea DBA (gaztelaniaz RGIa) gehiegizkoa delako kexatzearen antzekoa iruditzen zaiola; euskarazko literaturari emandako subentzioak, azken batean, ezinduei ematen zaizkienen antzekoak direla; benetako bidegabekerien eta gehiegikerien etsai denak baduela aurretik nora begiratua franko; eta, batez ere, euskaraz idazten duten idazleek, subentzioaren amorez, pentsatzen dutena esateari uko egiten diotela esatea —Arambururen behialako adierazpenak ez zeuzkan ahaztuak— euskaraz idazten duten idazleak iraintzea dela, eta bera hori eta horrelakoak entzutean halaxe sentitzen dela, irainduta.

Beraz, orokorrean, ondo joan zen dena, nire ustez, eta zentzuzkoa, aberatsa eta hezitzailea izan zen solasaldia. Eta gainera, aitor dezadan horrek ere eragina izan zuela, nire taldea izan zen garaile deman. Gogotik jo nuen txalo, beraz, bukaeran.

Nahi ezta ere, sutan!

Hala ere, lehen esan dudan bezala, une puntual batzuetan, neuk halakorik nahi ez nuen arren, sutu egin nintzen; bitan batez ere: batetik, Aramburuk esan zuenean euskaraz idazten duten idazleek 400 euro kobratzen dutela eskola batera joan eta hitzaldi bat emateagatik; bestetik, Aramburuk esan zuenean Euskal Idazleen Elkarteak 60.000 euroko laguntza jasotzen duela urtero, eta Euskadiko Idazleen Elkartea —“euskaraz idazten dutenak ere onartzen dituen elkartea”, nabarmendu zuen, gogoratuz Euskal Idazleen Elkarteak ez duela horren zabal eta inklusibo jokatzen, euskaraz idazten ez dutenak ez dituelako bazkide gisa onartzen— subentziorik gabe utzi zuela Jaurlaritzak, nahiz eta gero, eskaria berrituta edo, azkenean 5.000 eurokoa eman omen dion.

Horregatik, urduri eta damutuko zitzaidalako segurtasun ia osoz, hitza hartu nuen solasaldiaren amaieran, esateko —ez hemen bezain argi, askoz modu traketsagoan baizik, ez bainaiz batere plazagizona—, batetik, eskolako saioengatik idazleek ez dutela Aramburuk esandakoaren erdirik ere kobratzen; eta, bestetik, Euskal Idazleen Elkartea aspaldi sortutako elkartea dela, sortzaileen artean Anjel Lertxundi izan zuela —eta pena daukat ahaztu zitzaidalako, besteak beste, Juan San Martin aipatzea, eta baita Patri Urkizu ere, solasaldiko entzuleetako bat hain zuzen ere—, urteekin lan finko batzuk bereganatu eta sendotu egin dituela, eta beharbada beste elkarteak —Euskadiko delako horrek— neurri bereko subentzioa jasoko badu, neurri bereko lana eta ibilbidea egin beharko duela aurretik. Horrez gain, komentatu nuen —nik ere ez baineuzkan ahaztuak Arambururen behialako adierazpenak— justu atzo bertan Jokin Muñozen Bizia lo izan nuela solasgai adiskide batekin, ETAren eta ezker abertzalearen kritika zorrotza egiten duen ipuin liburua, euskaraz idatzia eta 2003an argitaratua. Amaitzeko, Mikel Hernandez Abaitua entzuleen artean zela baliatuta, hark bide hori are lehenago ere jorratua zuela ekarri nuen gogora, eta idazle gehiago ere badirela eta izan zirela, bilatu nahi badira…

Orduan Latierrok jarri ninduen sutan, esan zuelarik: “Bai, Jokin Muñoz, egia da, baina badakizu… Jokin Muñoz ez da oihartzun handiko idazlea, ez da asko aipatzen…”. Esanez bezala —nik behintzat hala ulertu nuen—: “Bai, baina euskaraz idatzitako literaturak horrelakoak ezkutuan gordetzen ditu”. Dedio! Betiko matraka!

Zuek ez duzue aipatuko, Ignacio! Bizia lo-k Euskadi saria irabazi zuen 2004an, eta harrezkero, nire ustez behintzat, Jokin Muñoz idazle “kanonikoa” da euskarazko prentsan eta euskarazko literaturaren sisteman oro har, eta hark liburua argitaratu orduko hari egindako elkarrizketa zabalak dituzu irakurgai han eta hemen. Beraz, zer girotan eta norentzat da Jokin Muñoz oihartzun handirik gabeko idazlea, ez oso aipatua? Eta norena da horren ardura, horren errua?

Ez nion ezer erantzun Latierrori, entzuleen komentarioen txanda monopolizatzeko beldurrez, baina, igarriko zenutenez, erantzuteko gogoz geratu nintzen.

Liburu-dendatik irten eta etxerako bidean, neure pentsamenduetan galduta, jabetu nintzen erdaldun askok gaztelaniaz tutik ere ez jakiteko sekulako gogoa pizten didatela. Ez haienganako edo haien hizkuntzarekiko destainaz, mespretxuz edo gorrotoz; haiekin enpatizatzeko modu bakarra izan daitekeela iruditzen zaidalako baizik; haiek euskarari eta euskadunoi buruz pentsatzen eta esaten dutena pentsatzera eta esatera nola arraio irits daitekeen ulertzeko modu bakarra iruditzen zaidalako.

Badirudi, ordea, zoritxarrez, ezin izango garela inoiz enpatia horretara iritsi, ia-ia erdaldun batzuek euskaraz ikastea bezain zaila baita euskaldunok erdara ahaztea.

Euskadi Literatura Saria. Hautagaien zerrenda

Ezeren okerrik ez dela, aste honetan jakinaraziko da nor diren Euskadi Literatura Sariaren irabazleak euskal literaturaren eta itzulpengintzaren ataletan. Itzulpengintza arloko hautagaien zerrenda eskuratzea oso nekeza litzateke, baina euskal literaturaren arloko hautagai (ia) guztiak zerrenda honetan daude. Liburu bakoitzaren ondoan, BERRIA egunkariak liburuaren berri eman zuen data dago apuntatua.

Oharra: Ramon Saizarbitoriaren eleberria —SAIZARBITORIA, Ramon: Lili eta biok. Donostia, Erein, 2015 (2015-12-03)— ez da hautagai, egilea azken hiru ekitaldietako batean sariaren irabazlea izan delako: “Martutene” eleberriarekin, 2013an).

Oharra: Jon Alonsoren e-mail bat jaso dut, adieraziz berak jarraitzen duela Euskadi sarietan parte hartzeari uko egiten. Hau dio Jon Alonsoren e-mailak:

“Kaixo, Juan Luis, egun on: Atzo ikusi nuen Berrian jarri duzula Hiri hondakin solidoak Euskadi Sarietarako aukeragai diren liburuen artean. Gogoratuko duzunez, 2007an batzuek esan genuen ez genuela sari horretan parte hartu nahi. Niri dagokidanez, ez da gertatu jarrera horretatik aldarazten nauen ezer; beraz, eskertuko nuke ohartxo bat eginez edo, liburu horren egileak ez duela nahi parte hartu argituko bazenu.
“Eskerrik asko,
“Jon”
.

LIBURUEN ZERRENDA

1. Eleberriak
AGIRRE GURRUTXAGA, Maider: Bihotzero. Beasain, Maider Agirre (egile editore), 2015 (2015-06-16).
AGIRRE, Alaine: X hil da. Donostia, Elkar, 2015 (2016-03-31).
AGIRRE, Katixa: Atertu arte itxaron. Donostia, Elkar, 2015 (2015-03-26; 2015-05-29).
ALONSO, Jon: Hiri hondakin solidoak. Tafalla, Txalaparta, 2015 (2015-09-15; 2015-11-10).
ARRETXE, Jon: Estolda jolasak. Donostia, Erein, 2015 (2015-12-04; 2016-04-26).
ATXAGA, Mikel: Joxinixio gudaria. Donostia, Gipuzkoako Foru Aldundia, 2015 (2016-01-08).
AYLLON, Mikel: Ez tiro egin anbulantziei. Donostia, Elkar, 2015 (2015-03-05).
BARANDIARAN, Gotzon: Gidariaren okerra. Zarautz, Susa, 2015 (2015-11-20; 2016-01-14).
BORDA, Itxaro: Ultimes déchets. Baiona, Maiatz, 2015 (2015-12-30).
DALBRET, Mikel / HEGI-LUKU, Maialen: Hainbat zorte edo usapalen hegaldi nahigabetua. Baiona, Elkar, 2015 (2015-04-01).
ETXEBERRIA, Martin / ETXEBERRIA, Xabier : Gizon gogorraren sekretua. Donostia, Elkar, 2015 (2015-04-23; 2015-07-07 Udagiroa sailean).
GARDE, Luis: Ehiztariaren isilaldia. Iruñea, Pamiela, 2015 (2015-05-26).
GORRINDO, Karlos: Ezpainak arrainak bezala. Donostia, Erein, 2015 (2015-10-24).
GORROTXATEGI, Aritz: Koldar hutsa zara. Donostia, Erein, 2015 (2015-06-05; 2015-09-30).
IRASIZABAL, Iñaki: Aita gurea. Donostia, Elkar, 2015 (2015-04-10).
ITURRALDE, Joxemari: Perlak, kolpeak, musuak, traizioak. Iruñea, Pamiela, 2015 (2015-05-07; 2015-06-05).
IZAGIRRE, Koldo: Lorea Gernika, andrazko bat. Zarautz, Susa, 2015 (2015-05-28; 205-06-14 Nasan gehigarrian).
LERTXUNDI, Anjel: Zu. Donostia, Erein, 2015 (2015-11-25; 2016-03-20).
MESTROT, Pierre: Oroit hadi. Baiona, Maiatz, 2015 (2015-04-01).
OSORO, Jasone: 12etan bermuta. Donostia, Elkar, 2015 (2014-10-29; 2015-10-15).
PEILLEN, Txomin: Nina Waita. Arupu baten itzalean. Donostia, Utriusque Vasconiae, 2015 (2016-03-12).
PETXARROMAN, Iñaki: Kearen fiordoa. Donostia, Elkar, 2015.
RORIGUEZ, Mikel: Aratz II. Izuaren dorrea. Donostia, Gaumin, 2015 (2015-05-30).
SANTOS, Oier: Txanpaina, mesedez. Donostia, Erein, 2015 (2015-05-29).
ZABARTE, Gaizka: Jende desegokia. Zarautz, Susa, 2015 (2015-05-17).
ZUBIZARRETA, Patxi: Laranja bat zaborretan. Donostia, Elkar, 2015 (2015-11-25).

2. Ipuin liburuak
AMESTOY, Koldo: Esperantza, zuhaitzen itzalpea gustukoa duen itsasontzia. Baiona, Elkar, 2015.
ARANO, Leire: Betiko atzo?. Zornotza, Ibaizabal, 2015 (2015-04-25; 2015-07-14).
ARRIETA URTIZBEREA, Agustin: Irlak. Donostia, Erein, 2015 (2015-10-22).
ASENSIO, Jose Luis: Ixa, ASAP! Helduentzako ipuin bilduma. Etxarri-Aranatz, Jose Luis Asensio (egile editore), 2015 (2015-05-12 azken orrialdean).
ASKOREN ARTEAN: Gabriel Aresti Ipuin Lehiaketaren Sariak 2012 eta 2014. Donostia, Erein, 2015.
AURKENERENA, Joseba: Kaskarin baten kontakizunak. Baiona, Maiatz, 2015 (2015-04-01).
BELAMUNO, Julen: Ukabilak eta loreak. Donostia, Elkar, 2015 (2015-02-19).
CANO, Harkaitz: Beti oporretan. Zarautz, Susa, 2015 (2015-11-28; 2016-01-10).
GARMENDIA, Gurutz / ARRIETA, Josu: Urola aldeko kontu ta komerixek. Azkoitia, Gurutz Garmendia eta Josu Arrieta (egile editore), 2015.
LINAZASORO, Karlos: Literatura Hiztegi Tekniko Laburra. Donostia, Elkar, 2015 (2015-05-27).
MONTOIA, Xabier: Hondamendia. Donostia, Elkar, 2015 (2015-11-27).
SALABERRI, Bea: Baionak ez daki. Zarautz, Susa, 2015 (2015-10-16).
URRUTIA CAPEAU, Jose Enrike: Jururú. Iruñea, Pamiela, 2015 (2015-04-18).
URZELAI, Andoni: Karanbola toxikoak. Zarautz, Susa, 2015 (2015-11-14).
ZALDUBI (Jose Antonio Gesalaga): Zaldubiren ipuiak. La Eliana (Valencia), Pasionporloslibros, 2015.

3. Poema liburuak
ANTZA, Mikel: Ametsak ere zain. Zarautz, Susa, 2015 (2015-05-01).
DAVANT, Jean-Louis: Bidean kantalotsez. Baiona, Maiatz, 2015.
GALARDI, Aintzane: Mendafin usaineko iluntzeak. Donostia, Erein, 2015 (2015-11-18).
GEREDIAGA, Jon: Argia lurra, zuhaitza, zerua. Iruñea, Pamiela, 2015 (2015-06-04).
IGERABIDE, Juan Kruz: Lainoa janez. Donostia, Erein, 2015 (2015-11-18; 2016-01-21).
IRASTORTZA, Tere: Mundua betetzen zenuten. Iruñea, Pamiela, 2015 (2015-10-07; 2016-02-07).
IRIGOIEN, Joan Mari: Bi urtetako kronika fakultatiboa (2012-2014). Donostia, Elkar, 2015 (2015-03-12).
IRIGOIEN, Joan Mari: Txantxanberde kantaria. Donostia, Joan Mari Irigoien (egile editore), 2015 (2015-05-15).
JAIO, Karmele: Orain hilak ditugu. Donostia, Elkar, 2015 (2015-10-27).
LANDABASO, Goizalde: Babeserako kopia. Donostia, Elkar, 2015 (2015-11-11).
MARKULETA, Gerardo: Denbora bere lekura. Donostia, Elkar, 2015 (2015-06-03).
SOUBELET, Xabier (Xubiltz): Elektroxok. Baiona, Maiatz, 2015.
ZUBIRI ARGIÑARITZ, Marisa: Udaberria gutaz ahaztu zen urte hartan. Iruñea, Cénlit, 2015.

4. Antzerki testuak
ALONSO, Jon: Joxemiel Bidador, Iruñeko Euskaldunak Pastorala. Iruñea, Euskaldunon Biltoki / Duguna / Zaldiko Maldiko / Karrikiri, 2015 (2015-09-10).
MUNGIA, Gerardo (Pintxe): Harat-honat. Jonki baten trajeria. Tafalla, Txalaparta, 2015.
URRUTIA, Xerar / AURKENERENA, Joseba: Urruñako Zintzarrotsa 2014. Urruña, Joseba Aurkenerena (egile editore), 2015.

 

5. Nobela grafikoak eta komiki liburuak
FANO, Dani / GONZALEZ, Guillermo: Kortsarioen ostatua. Donostia, Ikastolen Elkartea, 2015 (2015-10-26).ITURRIAGA, Unai /ZAPICO, Alfonso: Diamanteak, urrea eta ikatza. Bilbo, Athletic Fundazioa, 2015 (2015-10-26).
LARREA, Adur: Gabriel Aresti BioGrafikoa. Bilbo, Erroa, 2015 (2015-10-26; 2015-11-11).
ORBEGOZO, Mikel: Ilargiraino. Bilbo, Ataramiñe, 2015 (2015-12-03).
PAYA, Xabi / GALLEGO, Patxi: Nork?. Andoain, Bertsolari (Bertsolari aldizkarian), 2015 (2015-11-25).
ZALDIEROA (Patxi Huarte): : De Rerum Natura 6. Donostia, Elkar, 2015 (2015-10-26; 2015-11-11 azken orrialdean.)

Uranga eta Alberdiren lehiakideak

Jakingo duzu honezkero, irakurle: Mitxelko Urangak eta Uxue Alberdik irabazi dute Euskadi Literatura Saria, euskarazko saiakeran eta haur literaturan, hurrenez hurren. Tartaroa. Mina, boterea eta egia lanagatik saritu dute Uranga; Besarkada lanagatik Alberdi, Horiez gainera, Fernando Mikelarena saritu dute gaztelerazko saiakerako sariarekin, eta Mikel Casal ilustrazioarenarekin.

Baina ba al dakizu zer lan izan dituzten lehiakide Urangak eta Alberdik? Hona hemen bi zerrendak, ugari eta aberats askoak biak ere. Liburu bakoitzaren ondoan, BERRIA egunkariak liburuaren berri eman zuen data duzu apuntatua:

Saiakera 2015

ALDEKOA, Iñaki: 68ko belaunaldia. Donostia, Utriusque Vasconiae, 2015 (2016-03-16).
ALTONAGA, Kepa: Back to Leizarraga. Iruñea, Pamiela, 2015 (2015-10-11).
APODAKA, Eduardo: Identitatea eta anomalia. Iruñea, Pamiela, 2015 (2015-11-24).
ARANA, Anuntxi: Hilak gure artean. Agerpenak eta jai eskeak. Baiona, Elkar, 2015 (2015-04-01).
ASKOREN ARTEAN (Unai Apaolaza, Imanol Galfarsoro, Jule Goikoetxea eta Andoni Olariaga): Independentzia helburu. Tafalla, Txalaparta, 2015 (2015-12-03 Euskal Herria sailean; 2015-12-12 Euskal Herria sailean).
ETXARTE, Hedoi: Wagner auziaz. Wangermée, Clément, Žižek, Badiou. Donostia, Jakin, 2015 (2015-09-17).
GARMENDIA, Roman: Intelektualismo morala eta aurrerabidea. Zornotza, Erroteta, 2015.
GARTZIA, Pruden: Nafarroako auziaz. Donostia, Elkar, 2015.
IZTUETA, Paulo: ‘Zabal’-en isuria (1973-1976). Ezker abertzalea paradigma berien aurrean. Donostia, Utriusque Vasconiae, 2015.
KINTANA, Jurgi: Azkue, bilbotar ezezaguna. Donostia, Erein, 2015 (2016-11-06).
MARTINEZ RUBIO, Elena: Bidaia filosofikoak. Donostia, Utriusque Vasconiae, 2015 (2015-06-25).
MURUA URIA, Imanol: Ekarri armak. Donostia / Andoain, Elkar / Berria, 2015 (2015-12-04 Euskal Herria sailean; 2015-12-05).
RODRIGUEZ, Fito: Egunero egun ero. Donostia, Utriusque Vasconiae, 2015 (2015-10-10).
SARASOLA, Beñat: Bainaren belaunaldia: ‘Ustela’, ‘Pott’ eta ‘Oh! Euzkadi’. Bilbo, Labayru Fundazioa, 2015 (2016-04-15).
SARASUA, Jon: Bost truke. Lankidetza linguistikoaren bideetako jasokinak. Iruñea, Pamiela, 2015.
SARRIONANDIA, Joseba: Lapur banden etika ala poltika. Iruñea, Pamiela, 2015 (2015-12-02).
SASTRE, Pablo: Errekuperatzaileak. Donostia, Elkar, 2015 (2015-12-30 azken orrialdean).
URANGA, Mitxelko: Tartaroa. Mina, boterea eta egia. Iruñea, Pamiela, 2015 (2015-11-24).
ZAPIAIN, Markos: Saizarbitoria eta iragana. Zarautz, Susa, 2015 (2015-05-14).

Haur eta gazte literatura 2015

AGIRRE, Alaine: Bihotza lo daukat, eta zer?. Donostia, Elkar, 2015.
AGIRRE, Alaine: Hau ez da zoo bat!. Donostia / Zarautz, Elkar / Zarauzko Udala, 2015 (2015-02-25).
ALBERDI, Uxue: Besarkada. Donostia, Elkar, 2015.
ALBERDI, Uxue: Bi kobazulo. Donostia, Elkar, 2015.
ALBERDI, Uxue: Marimotots bakarrik. Donostia, Elkar, 2015.
ALBERDI, Uxue: Pirritx maiteminduta. Donostia, Elkar, 2015.
ALBERDI, Uxue: Porrotx lagun artean. Donostia, Elkar, 2015.
ALBERDI, Uxue: Pupu eta Lore jeloskor. Donostia, Elkar, 2015.
ALONSO, Aitziber: Nik ere nahiko nuke mango bat. Iruñea, Cénlit, 2015.
AMURIZA, Miren: Patata, Patata!. Donostia, Elkar, 2015.
AMURIZA. Miren: SuperH hontz zuriaren lurraldean. Urnieta / Hernani / Lasarte-Oria / Astigarraga, SuperH, 2015.
AÑORGA, Pello / MITXELENA, Jokin: Munstroek pixa egiten dute ohean. Iruñea, Pamiela, 2015 (2015-07-01 Udagiro sailean; 2015-10-28).
AÑORGA, Pello / MITXELENA, Jokin: Olentzero et Maridomingi. Donostia / Andoain, Elkar / Berria, 2015.
ARANA, Aitor: Ijitoen altxorra. Zornotza, Ibaizabal, 2015.
ARANA, Aitor: Ilargiko zaindariak. Zornotza, Ibaizabal, 2015.
ARANO, Leire: Begiak itxita hegan. Zornotza, Ibaizabal, 2015.
ARISTI, Pako: Armiarma txiki baten epopeia handia. Donostia, Erein, 2015.
ARNAL, Txabi: Izarra eta astoa. Zornotza, Ibazabal, 2015.
ARRIETA, Bertol: Burua gadu zuen jirafa. Donostia, Elkar, 2015.
ASKOREN ARTEAN: Lur eta Amets. Euskal Herriaren historia. Donostia, Elkar, 2015 (2015-10-30 Euskal Herria sailean; 2015-12-10 azken orrialdean).
ATXAGA, Bernardo: Xola eta lapurra. Donostia, Erein, 2015 (2015-12-23).
ATXUKARRO, Bakarne / ZUBIALDE, Izaskun: Euskal mitologia haurrei kontatua. Tafalla, Txalaparta, 2015.
BILBAO, Leire: Errotondan bueltaka. Donostia, Elkar, 2015.
EGAÑA, Arrate: Patioan. Donostia, Elkar, 2015.
EGAÑA, Arrate: Patioan. Donostia, Elkar, 2015 (2015-05-29).
EIZAGIRRE PORTILLO, Jesus: Zozomikoteak. Hernani, Dobera, 2015.
ELORRIAGA, Unai: 107 kiwi. Donostia, Elkar, 2015.
ETXEBERRIA, Xabier: Eman amore. Donostia, Elkar, 2015.
ETXEGOIEN, Fermin: Urpekariak. Donostia, Erein, 2015 (2015-12-16).
FERNANDEZ, Oihane: Nahla. Zornotza, Ibaizabal, 2015.
GASTAMBIDE, Mayi: Pipas eta kanabera magikoa. Donostia, Elkar, 2015.
GOITIZ, Onintze: Amaia udalekuetan. Donostia, Gaumin, 2015.
GOYENECHE, Delphine: Galtzerdi marradunak. Donazaharre, ZTK, 2015 (2015-041-01).
KAZABON, Antton: Beñaten eskutitzak. Zornotza, Ibaizabal, 2015.
KAZABON, Antton: Bi kutxatxo. Donostia, Erein, 2015.
KAZABON, Antton: Makal sendoak. Iruñea, Cénlit, 2015.
LADRON ARANA, Alberto: Itzalak bizi diren lurraldea. Donostia, Elkar, 2015.
LANDA, Mariasun: Elsa eta paradisua. Bilbo, Edebé-Giltza, 2015 (2015-07-04 Udagiro sailean).
LASA, Aitzol: Usategiaren printzipioa. Iruñea, Cénlit, 2015 (2015-08-18 azken orrialdean).
MAIA, Jon: Txo, Mikmak txikia. Donostia, Elkar, 2015.
MARTINEZ, Laida: Erdi Aroko egunak. Donostia, Gaumin, 2015.
MEABE, Miren Agur: Bihotzak dun-dun. Donostia, Elkar, 2015.
MEABE, Miren Agur: Ros. Donostia, Erein, 2015.
MENDIGUREN ELIZEGI, Xabier: Hiru sopranoak. Donostia, Elkar, 2015.
MENDIGUREN ELIZEGI, Xabier: Puzkertin. Donostia, Elkar, 2015.
MENDIZABAL, Antxiñe: Ama gaiztoaren ipuina. Donostia, Elkar, 2015.
MITXELENA, Jokin: Puka, erleak eta traktorea. Donostia, Elkar, 2015.
MORILLO, Fernando: Kai, txakur bidaiaria. Donostia, Gaumin, 2015.
MORILLO, Fernando: Maddi eta euskal sorginak. Donostia, Gaumin, 2015.
RODRIGUEZ, Txani: Ez naiz barazkijalea, eta zer?. Donostia, Elkar, 2015.
SUAREZ, Castillo: Agur, Agur!. Donostia, Erein, 2015.
TXILIKU (Jesus Mari Olaizola): Sendagaia. Donostia, Elkar, 2015.
UGARTE, Yurre: Naia eta Nabil detektibeak. Iruñea, Cénlit, 2015.
VIVANCO, Esti: Eireren egunerokoa. Donostia, Elkar, 2015.
ZUBELDIA, Iñaki: Leize-zuloko misterioa . Zornotza, Ibaizabal, 2015.
ZUBELDIA, Iñaki: Martetarrak Zarautzen. Zornotza, Ibaizabal, 2015.
ZUBIZARRETA, Patxi: Elefante bat hegan. Donostia, Elkar, 2015.

Aproposko idazlea

Eddy Merckxek Frantziako Tourra ia areriorik gabe irabazten zuen garaian ikasi zuen bizikletan ibiltzen, 1970eko hamarkadaren hasieran. Bi gurpilen gainean jarri eta pedalei eraginez etxe aurreko errepide estu eta ia autorik gabean hara eta hona ibiltzeari ekin zion orduan, txirindularien erasoak, ihesaldiak, jazarpenak eta esprintak itxuratzen eta bere baitarako haien zuzeneko telebista-kontaketa alegiazkoak egiten: “Eddy Merckxek aldaparik tenteenean jo du erasoa, eta ezin izan dio inork jarraitu. Luis Ocañak, Joaquim Agostinhok eta Joop Zoetemelkek antolatu dute jazarpena baina ezin dute aldea murriztu…”.

Ez zuen txirrindulari izatera iristeko ametsa bete, baina, zaletasunari eutsiz, udako egun batzuetan behintzat hartzen zuen bizikleta, inguruko herrietatik zehar ibilaldiak egiteko. Hogeitaka urte zituela, arratsalde eguzkitsu batean, eskolatik oporrak hartu berritan, bizikleta gainean eseri zen aspaldiko partez, txirrindulari arropak jantzita. Horrelakoetan ohi zuen moduan, sasoiko eta indartsu sentitu zen, eta pedalei Bernard Hinaulten —garaiko txirrindularirik onenaren— pareko indarrez eta freskotasunez eragin ahal izango zielako irudipena izan zuen. Bazekien, jakina, irudipen hutsa zela hura, eta aurreneko aldapak utziko zituela agerian entrenamendu faltaren ondorioak, baina une hartan zoriontsu sentitu zen. “Honezkero ez dut lortuko inoiz ziklista izatea, baina ziklista izatera jolas naiteke”, esan zuen bere artean, pozik. “Aproposko ziklista izateko aukera daukat nahi dudanean”.

Irrati bateko grabazio-estudiotik irtetean etorri zaizkio oroitzapen horiek burura idazleari, argitaratu berri duen liburuari buruz egin dioten elkarrizketa amaitu eta gero. Txirrindulari izatera iristeko ametsa ez bezala, idazle izatera iristekoa bete egin du: sariak, liburuak, elkarrizketak hedabideetan, leku bat bere hizkuntzako literaturan eta kulturan… Horretan ez dago dudarik: txirrindularitzan egindako ahaleginen aldean, askoz arreta handiagoa jaso dute literaturan egindakoek.

Hala ere, ez da guztiz ohitzen idazlea dela esatera. Oraindik ere, egoera batzuetan behintzat, halako lotsa edo konplexu baten ondorioz, uko egiten dio bere burua idazle gisa aurkezteari. Horretaz egin du gogoeta hiriko liburu denda bateko erakusleihoari begira. “Nola izango naiz ba idazlea, ezin diot-eta nire denboraren zati txiki-txiki bat baino eskaini literaturari, nire mantenurako beste lanbide bat behar dudanez? Nola izango naiz ba idazlea, nire auzoan ia inork ere ez daki-eta liburuak argitaratu izan ditudanik, edo areago: ezta nire hizkuntzan idatzitako nobela, ipuin bilduma eta poema liburu garaikideak argitaratzen direnik ere? Nola izango naiz ba idazlea, iritsi ezina begitatzen zait-eta literatur aldizkarietan eta egunkarietako literatur gehigarrietan elkarrizketatzen dituzten idazleen —benetako idazleen— erudizioa, haien iritzien sendotasuna eta sakontasuna, haien begiraden zorroztasuna? Nola izango naiz ba idazlea, ausaz harrapatutako edozein nobela kaxkar Proust, Faulkner edo Borgesen obra gorenak baino gusturago irakurtzeko gauza naiz-eta? Neure burua idazle gisa aurkezteak, batzuetan, otorduetan ardoa gaseosarekin nahastuta edaten duen enologo baten pare sentiarazten nau”.

Ipuin bat idazteko ideia egokia iruditu zaio ardoa gaseosarekin nahastuta edatea maite duen enologoarena, eta irribarre egin du liburu dendako erakusleihoa begiratzeari utzi eta etxera eramango duen autobusaren geltokirantz jo duenean. “Horrela ikusita, honezkero ez dut lortuko inoiz idazle izatea, baina idazle izatera jolas naiteke,”, esan du bere artean, pozik. “Aproposko idazlea izateko aukera daukat nahi dudanean”.

Hiru une aparta Joxean Agirreren ‘Gizajoen katalogoa’ eleberrian

Ez dira bakarrak, baina hiru pasartek astindu didate bereziki barrena Joxean Agirreren Gizajoen katalogoa eleberriaren irakurketan:

  • 45. orrialdea: “Mundu guztiari gustatuko zaion eleberri bat idaztea arrunkeria bat iruditzen zait”.

Azalpena: sekulako kontsolamendua da hori irakurtzea eleberrigile ia guztiontzat.

  • 140. orrialdea: “Barandiaran, Joxemigel. Etxera itzuli ezinik Saran eman zituen urteetan, tarteka Larrun mendira igo eta Ernioko gailurrari begira egoten zen, Ataungo bere etxetik ere Ernio ikusten zuelako”.

Azalpena: badakit ez naizela Barandiaranen pareko, eta nire egoera ere ezin dela harenarekin alderatu, baina Berriaren Andoango erredakzio nagusitik, han lanean ari nintzela, Erniora begiratzen nuen askotan, eta Azkoitiko jaiotetxetik ere Ernio ikusten zela gogoratzen nuen.

  • 188. orrialdea: “Goizean dutxatu ondoren bainugelako ispiluaren aurrean gorputza lehortzen ari nintzen bitartean ezin izan ditut begiak desbideratu hanka artean nuen zintzilikario meharretik, eta oso itxura tristea hartu diot. Hain ikusi dut abaildua, eroria eta buru-makur, non ez dela inoiz berriro gora begira jarriko iruditu baitzait. Aurreikuspenik  txarrenak egin ditut eta mirari bat beharko duela pentsatu dut garai batean bezala goititzen hasi eta zutik jartzeko”.

Ez du azalpenik behar.

Xabier Amuriza ia-ia K.O. utzi nuenekoa

Hedabideetan agertu da albistea: plazako bertsolaritza behin betiko utzi du Xabier Amurizak, 75 urte betetzearekin batera. Horrek gogorarazi dit duela mende laurden pasatxo ere, 1991ko martxoan, bertso mundua behin betiko uztetik oso gertu izan zela Amuriza, eta neuk oharkabean eta nahi gabe emandako ukabilkada gaizto bat izan zela ia-ia behin betiko azken kolpea, atzera-bueltarik gabekoa. Zorionez, ez nuen eraitsi; edo, eraitsi banuen, ez nuen behintzat K.O. utzi eta altxatu zen, eta indartsu gainera.

Amurizaren Enaz banaz liburu autobiografikoa (Bertsolari Liburuak, 1999) argitaratu berritan irakurtzen ari nintzela jabetu nintzen zortzi urte lehenago egindakoaz. 9. kapituluko Barriro errezelopean atala (324-327 orr.) irakurtzean izan zen zehazki.

Atal horretan, Amurizak gogora dakar, etenaldi baten ondoren plazetara itzulia zelarik, “saihetsetako bat” jaso zuela 1991ko martxoaren 21ean, Gasteizen Jon Sarasuarekin batera egin behar zuen saiora zihoala, Urkiola gainean Euskaldunon Egunkaria irakurtzeko geldialdi bat egin, eta Inazio Etxanizen artikulu hau begien aurrean agertu zitzaionean:

Nere errezelua

 Garai batetik ona aldaketa aundia bizi izan duela bertsolaritzak ez da dudarik. Joan den igandean lau orrialde agertzen ziren EGUNKARIAren erdi-erdian, Nafarroako Bertsolaritzaren txapelketa dela-eta. Telebistak ere astero badu edozein bertsozalek gustora ikusteko moduko saio atsegingarri bat. Irratian ere ageri oi dira bertsolariak eta irrati batzutan dexente gaiñera. Ala ere, aitortu bearra dago irratiak leendik ere tarte ederrak eskaini izan dizkiola norbaitek “euskaldunon kirol nazionala” deitu zion oni. Esan bear, beraz, garai onak bizitzen ari dela bertsolaritza.

 Nik ez det kontrakoa esango, ez naiz nor eta, baiña esan bearra daukat ez dedala garai batean aiña gozatzen bertsoak entzuten. Jakiña, normala ere bada ori, eta ez nau kezkatu bear. Nik neurea esango det bakarrik, besterik ez: Xabier Amurizaren bertso moldea ez zait gogoko. Errespeto guztiarekin esan nai det ori, noski. Gizon au jakintsua dela ezin da ukatu eta euskara oso berea duela, asko dakiela, eta bertsogintzaz ere bai, eta bertsolaritzaren istoriaz… Ori ez dago ukatzerik. Eta ez dago ukatzerik Amuriza euskaltzaleen artean euskaltzaleena denik ere.

 Baiña nik betidanik gogokoenak izan ditudanak Uztapide, Lasarte eta Basarri izan dira eta iru izen aundi oiek aipatzen ditudanean, jende askok buruan dituenak aipatzen ari naizela uste det. Eta Amurizaren bertso-moldea, dudarik gabe, diferentea da aienaren ondoan. Askoz gustorago entzuten ditut Sebastian Lizasoren bertsoak Amurizarenak baino. Lizaso da neure bertsolari eredutik gertuen dagoena. Segurtasun osoa ematen dit gizon orrek, eskuak poltsikoan sartuta eta purua erreaz kantuan asten denean.

 Beste bat gustatzen zaidana Andoni Egaña da. Au Lizasoren kontrakoa dela uste det ala ere. Lizaso segurua baldin bada, Egañak noiznai pott egingo duela ematen du, nola segitu ezin asmatuta totelka asi bear duela eta lotsa-lotsa eginda eszenariotik aldegin burumakur. Baiña ala ere, tak, tak eta tak, bota egiten ditu bereak eta grazi aundiz gaiñera beti.

 Eta aipatu det itza eta ori da gaurko bertsolariei (neure uste apalean) falta zaiena: grazia. Orixe da beintzat nere errezelua.

“Durditurik geratu nintzen”, dio Amurizak liburuan, Urkiolan irakurritako artikulu hark barruan eragin zion urraduraren berri ematean. “Barriro honetan hasi behar al dogu? Heurt eta dana popatik hartzera bialtzeko gogoak emon eustan. Txapeldun izan nintzenetik hainbat urte igarota, pare bat urte isiltasunean erretiraturik egina, bertsolaritzaren zirkuito nagusitik kanpora nengoela, berrogeita hamar urte bizkarrean nebazela, ondino be ‘gaurko bertsolaritza’ nire izenagaz identifikatzeko maniaren plazara itzuli behar al neban? Bide bazterretik ibiltzen be ez dauste itzi behar? Artikuluaren xedea ez zegoen ulertzerik, nire berragerpena zapuzteko klabean ez bazen, harrera onen bat edo arrakasta apurren bat izango ete neban bildurrez, antza”.

Adoregabetuta joan zen Gasteiza, baina pozik zen etxera itzultzean, han Sarasuarekin batera saio ederra egin eta gero: “Eta hara, erdi derrotaturik hasita, saio garaileak urten ebala, entzuleen ustez behintzat. Neure pozean kabitu ezinik nengoen eta bueltan, gauerdi lainotsuan, San Antoniori turutaka pasatu nintzen Urkiola gainetik”.

Amurizaren liburu argitaratu berri hura ohean irakurtzen ari nintzela, 1999an, pasarte horrek jo eta ma utzi ninduen. Lotarako ezindua, ohetik altxatu eta Inazio Etxanizen artikulu hartaz gogoratzen hasi nintzen. Bai, nik banekien nor zen Inazio Etxaniz, edo, hobeto esanda, banekien ez zela Inazio Etxaniz izeneko inor artikulu horren egilea, neu baizik, zortzi urte lehenago, 1991n.

Euskaldunon Egunkariaren hasierako garai hartan, Bidezidorretik atala argitaratzen genuen astero Kultura sailean: euskalkietan idatzitako zutabe koxkor bat izaten zen, eta egileen artean, besteak beste, Amale Arzelus, Santi Onaindia eta Inozentzio Ayerbe izan zirela dut gogoan. Ordurako nahiko zaharrak denak ere.

Nik bihurrikeria bat egiteko baliatu nuen aukera hura, eta Gipuzkoako euskalkian aritzen zen zutabegile bat asmatu nuen, Inazio Etxaniz izenekoa. Ez dut gogoan zenbat zutabe idatzi nuen sail hartan, baina bai artikulu haietan, Inazio Etxanizen bitartez, urte batzuk lehenago, 1981 eta 1987 artean gutxi gorabehera, egur-lanetan aritzen nintzenean, ezagututako gizonen mundu-ikuskera islatzen saiatu nintzela. Osaba egurzalea genuen, egur-tratantea edo, eta, artean ikasle nintzela, batzuetan lana ematen zidan, saltzen edo erosten zuen egurraren neurketetan oholen neurrien apunteak hartzen –luzera, zabalera eta lodiera, erdaraz emanak beti: “Uno otxenta, beintizinko, kintze”–, gero kubikatu eta tasatzeko. Zeregin hartan ezagutu nituen gizon haiek Amuriza baino urte batzuk zaharxeagoak ziren, eskola gutxiko euskaldun petoak denak, ideologiaz nazionalistak eta tradizionalistak; eta, bertsozale zirenen kasuan behintzat, Gipuzkoako bertsolari klasikoen miresleak: Lasarte, Uztapide eta Basarri ororen buru, jakina. Amuriza aldiz, haien iritziz… ez zen bertsolaria!

Niretzat garrantzirik gabeko jolas inozo bat izan zen Amurizari buruzko –Amurizaren aurkako– zutabe hura, Inazio Etxanizen izenean idatzi nituen guztiak bezala. Dibertitzeaz gain, harri bakarrez bi txori hiltzen nituen haiekin: batetik, Euskaldunon Egunkariari sail bat betetzen laguntzen nion; bestetik, Euskaldunon Egunkariarekin loturarik ez zuen euskaldun batzuen ahotsa jasotzen nuen gure hedabidean. Ez zitzaidan burutik pasatu ere egin artikulu koxkor hark Amurizari inolako zirkinik eragingo zionik.

Enaz banaz liburuaren irakurketak ohartarazi zidan, zortzi urte geroago, emandako minaz eta egin ahal izan nuen kalteaz. Horretaz jabetuta, pentsatu nuen Amurizari nekiena esatea egokitzen zitzaidala, hain mingarria gertatu zitzaion artikulu haren arduradun bakarra ni izan nintzela aitortzea.

Gutun bat idatzi nion, orain artean azaldu dudana kontatuz, gutxi gorabehera. Zorionez, Amurizak harrera ona egin zion nire gutun hari, eta honela erantzun zion, beti eskertuko diodan beste gutun batez:

Berriz, 1999-11-26

Kaixo, Juan Luis:

 Honezkero zalantzan egongo hintzen beharbada pentsatuz: “Ez ote dik nire gutuna hartu? Ala ez ote zidak erantzun nahi?”. Bolada honetan nahikoa katigaturik nabilek eta, gaur egingo, bihar egingo, hire erantzuna atzeratuz etorri nauk, baina lehen-lehenetik pentsatua nian egitea. Zer esateko? Ba, eskertzen diadala hire aitortza. Horretan behintzat azkoitiar jokatu duk. Azpeitiar batek ez zakiat hori egingo zukeen. Nik Inazio Etxaniz hura benetako izentzat hartu nian eta ez ninduan ahalegindu nor zen ezagutzen. Goitizena zela jakitera, beharbada abiatuko ninduan lorratzean. Urteak igaro dituk eta horra. Eskertzen diat aitortzagatik, baita bide batez perfil mota bat hain ondo zehazteagatik ere. Ni batetik bertsolaritza modernoaren abiarazletzat joa izan nauk eta bestetik eta aldi berean, Kafka-eta, heuk dioanez, maite dituzten idazle eta kulturgile modernoen aldetik jaso diat muzinik gogorrena. Ez duk, ba, neuk beren-beregi bilatutako paradoxa izan. Halaxe gertatu zuan hasera-haseratik eta zer egingo nian, ba? Liburuan nonbait diodanez, giputza izan banintz, oso beste era batera bizi izango nian historia hau guztia. Xalbadrorri askoz okerragoa gertatu zitzaioan. Sekula irabazi den txapelik jenialena irabazi eta horren ordez txistuak entzunda joan behar. Hire gutuna berriro eskerturik, agurtzen hau, ez betiko,

 Xabier Amurizak

Ez nago egin nuenaz harro, jakina, eta lotsa ere ematen dit duela 25 urte Inazio Etxanizen mozorroa jantzita argitaratu nuen artikulua berreskuratzeak, baina gustatzen zait istorio hau kontatzea, uste dudalako –balizko erru, bekatu, damu, barkamen eta penitentzia kontuak alde batera utzita– ertz interesgarriak dituela. Oso istorio gizatiarra iruditzen zait, eta ulergarriak egiten zaizkit bi alderdi antagonistetako protagonisten jarrerak, egur-lanetan izan nituen lankide haiena bezala Amurizarena. Eta honako hau une egokia iruditu zait istorio hau plazara atereaz Xabier Amurizari omenaldi txiki bat egiteko, horretarako ni baino prestatuago dauden beste batzuek (Iñaki Muruak eta Andoni Egañak, adibidez) egin duten bezala.