Goi-karguen izen zehatzak

Autoen ugaritasunak behiala matrikulak luzatzea eragin zuen modu berean, haiek buruz gogoratzea zailduz, goi-karguen ugaritasunak goi-kargu horien izenak luzatzea izan du ondorio azken urteetan, halako moldez non orain goi-kargudunaren kargua zein den galdetzen diotenean goi-kargudunaren ahaide edo gertuko lagun bati, edo are goi-kargudunaren lankide bati ere kasu askotan, honek ez duen asmatzen zehaztasunez erantzuten, nola edo halako hurbilketa gutxi gorabeherako bat emanez baizik, eta galdegileari, erantzun zehatz eta ziurra eskuratuko badu, Interneten begiratzeko aholkua ematen dion.

Besteak ikusita

Besteak ikusita,
neure ondorioak ateratzen ditut.

Baina besteek ni ikusita
ateratzen dituzten ondorioak
okerrak iruditzen zaizkit beti.

Erreferentziak

Esan egiten da
nork berea egin behar duela,
barrutik ateratzen zaiona,
beste inork esandakoari
kasurik egin gabe,
beste inork esango duenaren
beldurrik gabe.

Esan egiten da, bai.
Esatea erraza delako.

Baina aitortu beharra dago
ni bezalako aldrebes bat
zeharo galdua legokeela
beste inork esandakoaren
edo beste inork esan lezakeenaren
erreferentziarik gabe.

Jarioen tratamendua Zumetarengan eta Artzerengan

Duela 50 urte pasatxo, gazte eta txoro, Jose Luis Zumeta eta JosAnton Artze motorrean joan ziren Parisera lehenik eta Stockholmera gero, orduko Euskal Herriko giro itxitik ihesi, mundua ezagutzera, abentura egarriz.

Atzo bere lanen erakusketa bat aurkeztu zuen Zumetak. Egun berean jakin zen JosAnton Artzek bi poema liburu kaleratuko dituela aurki.
Gauza askok batzen dituzte bien biografiak, baina harrigarria da bien arteko kontrastea zenbait kontutan.

Zumetak koadroak egin eta egin egiten ditu,

Egia poetikoaren kontzeptuaz

Egia poetikoaren kontzeptuaz
pentsatzen ari nintzela,
beirazko bi pote bota ditut
plastikozko zaborraren ontzi horira.

Gero egia poetikoaren kontzeptuaz
pentsatzeari utzi diot,
baina poteak han geratu dira,
okerreko zaborrontzian.

Zerbait adimentsua esatea

Bizitza osoa xahutzen ari naiz
zerbait adimentsua esan nahian,
inoiz ezer onik esan gabe,
inoiz ezer adimentsurik egin gabe,
inoiz ezer onik egiteko
asmorik eta ganorarik gabe.

Beldurrak norgehiagokan

Nire beldurrak
elkarren arteko norgehiagokan
ari diren txirrindulariak dira,
inoiz gelditzen ez den
Frantziako Tour gogor eta lehiatuan.

Beti dute zerbait,
etapa amaiera ez bada mendiko saria
edo tarteko helmuga bat,
taldekako sailkapena bestela,
zein bere ezaugarrien arabera
nabarmentzen saiatzeko,
borrokan ari direla
eta dena emateko prest daudela
ahaztu dezadan eragozteko.

Okerrena izaten da
haietako bat,
lider sendo bihurtuta,
beste guztien gainetik
argi nagusitzen denean,
aurkariekin batera neu ere
txiki-txiki egin arte azpiratuz.

Hil ondoko laudorioen abantaila

Askotan esaten da hobe dela laudorioak hil aurretik jasotzea, batez ere laudatuarentzat. Baina laudorioak zama handi bat izan daitezke, laudatua jasotako laudorioen neurrian bizitzera behartzen dutenez gero, zeharka bederen, agindu zehatzik eman gabe bada ere. Hil ondoren, aldiz, laudorioak ez du laudatua ezertara behartzen, eta hori abantaila bat da, erosotasuna eta lasaitasuna.