Amildegiz amildegi

Narratiba unibertsalaren historiako mise en abyme esanguratsuenei buruzko hitzaldia eman zuen, ondo harilkatua eta hobeto amaitua, arrakasta handiz. Jasotako txaloak gogoan, euforiaren eraginpean gidatu zuen autoa etxerako bidean, harik eta bat-batean errepidetik irten eta labarrean behera amilduta hil zen arte.

Literaturari eskatzen zaionaz

Bi ondorio nagusi eta galdera bat atera ditut Iban Zalduaren Oharrak & Hondarrak blogean Miren Agur Meaberen Kristalezko begi bat nobelaz dauden komentarioen irakurketatik:

Lehen ondorioa: duela 20 urte literaturari konpromisoa eskatzen zitzaion bezala, orain ironia eskatzen zaio.

Bigarren ondorioa: duela 20 urte konpromisoa zer zen definitzea bezain zaila da orain ironia zer den definitzea.

Galdera: zer eskatuko zaio literaturari 20 urte barru, lehen konpromisoa eskatzen zitzaion eta orain ironia eskatzen zaion bezala?

Hobeak hobe du

Nire adiskide mediku batek esan zidan sekulako aldea sumatzen duela berarekiko tratuan euskaldunen eta espainiar jatorriko erdaldunen artean: mila bider nahiago dituela euskaldunak, apalago eta zintzoago jokatzen dutelako, espainiar jatorriko erdaldunen azpijokorik eta gezur gaiztorik gabe.

Nire adiskide euskara irakasle batek esan zidan euskara ez ezik euskal kultura ere transmititu nahi diela ikasleei, kultura hitzaren zentzu zabalean: euskaldunon izateko, jokatzeko eta bizitzeko modua, espainiarrena baino mila aldiz justuagoa, solidarioagoa eta gozagarriagoa iruditzen zaiolako.

Ez nator bat adiskide horiekin, eta ez dut bat etorri nahi. Uste dut benetan hala balitz ere hobe genukeela ez sinetsi, ez esan, ez aldarrikatu; geuretzat gorde eta are geure buruari ere ezkutatu.

Hobeak hobe du,
benetan hobea bada,
are hobea izateko,
daukan abantaila
apaltasunean inbertitu.

Ezer ukitu gabe

Txikia nintzela, arropa aldatzerakoan, erabat biluztu eta jauzi txiki bat egiten nuen batzuetan, neure burua esperimentatzeko une batez ezer ere ukitu gabe. Askotan bilatzen dut gogoa une haietan gorputza sentitu nuen moduan sentitzea, biluztasun eta araztasun erabatekoan, ezer ukitu gabe, guztiz bakartua unibertsoan.

Lanak aske egin ninduenekoa

Euskaldunon Egunkaria itxi ondorengo egunetan, duela hamar urte, lagundu egin nahi genuen, baina askotan ez genekien nola, ez genekien zer egin.

Lankide batzuek Tolosan Egunero egiten zuten bitartean, beste batzuk, hainbat batzorde osatuta, ahal genuena egiten hasi ginen, Martin Ugalde Kultur Parkeko bilera aretoa gune nagusitzat hartuta.

Euskaltelek eskuko telefono mordoska bat eman zigun opari, babesa agertuz, eta haiekin hasi ginen antolatzen.

Antolakuntza lan hartan neure lekua eta zeregina ezin aurkiturik, desesperazioaren amildegiaren ertzean nengoela, lankide batek norbait deika nuela ohartarazi zidan, eskuko telefono haietako bat eskuan jartzen zidan bitartean.

Gorka Arrese zen nitaz galdezka deitu zuena, Susa argitaletxeko editorea

Poesia ni naiz

Poesia zu zara,
poetak esan zuenez,
topikoak dioenez.
Poesia, ordea, hura da
irakurtzen ari naizenean.
Poesia haiek dira
antologia eta kanonetan.
Gu ere izan gintezke,
zuek ere izan zintezkete,
gu ere izan zaitezkete
zuek ere izan gaitezke
izan gintezkete poesia,
poesia zuek, poesia gu.
Baina funtsean
poesia ni naiz
eta, ezinbestean,
ni izango naiz beti.

Lou Olanguaren jarrera

Ikusiko nuela uste dut, baina ez daukat gogoan Lou Olangua eszenatokian. Seguru nago, ordea, OK Korral taldeak Azkoitiko lehen gaztetxean jo zuela, behin bai gutxienez, duela 26 edo 27 bat urte, barre egin genuelako lagun batek

Utzidazue huts egiten

Utzidazue huts egiten,
irabazitakoa alferrik galtzen,
axolagabekeriaraino lasaitzen,
erokeriarik ezerrentagarrieneraino.

Esperantzari abegi egiteko
dudan modu bakarra da,
zorion betera iristeko izuz,
arrakastaren higuinez.

Berriro hasi eta berriro hasi
berriro ere berriz hasteko.
Erorian eroriz erortzen eroria
berriro ere berriz erortzeko.

Durango, axaleko irudipen batzuk

1) Jende asko eta ekitaldi asko, baina jende gutxi ekitaldi askotan.

2) Presentzia handi samarra era guztietako hedabideetan, baina sakontasun gutxi. Sakontasuna? Zer da sakontasuna?

3) Ijitoek ez omen dute inoiz nomada izatea gogoz hautatu, baina euskaldun batzuek nomadismo ijitoa aldarrikatzen dute.

4) Ekimenak eta pertsonaia ezagunak ugaritu eta dibertsifikatu egin dira, baina oraingo pertsonaia ezagunak lehengoak baino askoz ere ezezagunagoak dira. Elkar zein gutxi ezagutzen duten ikustea besterik ez dago.

5) Ez dago eztabaidarik, ez dago eraginik edo erreferentziarik, eta dena aurrera doala dirudi, oso demokratikoki, baina denak bueltak eman besterik ez ote duen egiten, inbentarioa loditu eta loditu beste xederik gabe bezala, totum revolutum zentripeto batean aliritzira zentrifugatuta.

6) Atomizazioa hitza buruan. Inoiz baino atomo gehiago, baina atomo bakoitza bere atomotegitxoan atomizatuta, hortik kanpoko atomoekiko igurtzirik gabe; igurtzi espiritualik gabe, bistan da, igurtzi fisikoak Durangoko Azokaren ezaugarririk berezkoena izaten jarraitzen baitu.

7) Zahartzen ari naiz.

Soinujolearen alaba

Berrogeita hamar urtetik gorako gizon bat soinua jotzen, ondoan alaba duela, neska koxkor bat, panderoa graziaz astintzen, tarteka hanka eta buru egiten, tarteka