PSCko Angel Ros eta Miquel Iceta / Andreu Dalmau, EFE

PSCk azaroaren 10ean plazaratuko du Espainiako konstituzioa aldatzeko proposamena

Azaroaren 9ko galdeketaren biharamunean ezagutaraziko du PSCk Espainiako Konstituzioa aldatze aldera egingo duen proposamena. PSCko idazkari nagusi Miquel Icetak aurkeztuko du egitasmoa. Esther Niubo PSCko bozeramaileak gaur jakinarazi duenez, Espainiaren eta Kataluniaren arteko akordio berri bat eskainiko du alderdiak, eta espero du PSOEk bere egitea PSCren proposamena.

Igandean dira egitekoak Kataluniaren etorkizun politikoari buruzko galdeketa, baina, Joana Ortega Kataluniako Gobernuko presidenteordeak asteburuan azaldu zuenez, gobernuak ezin du “%100ean” ziurtatu hautetsontziak eta bozkalekuak prest egongo direnik egun horretan. Horrekin batera, gero eta ozenagoak dira gobernuak galdeketaren antolaketa eragile sozialen esku utziko duela dioten zurrumurruak. Hain zuzen, baliteke Erabakitzeko Eskubidaren Aldeko Itun Nazionala asteon biltzea Auzitegi Konstituzionalaren balizko debekuaren inguruan nola erantzun adosteko. ANC Kataluniako Biltzar Nazionaleko presidenteak, ordea, ohartarazi du gobernuak eutsi behar diola prozesuaren lidergoari.

Zalantzak uxatu nahi izan ditu Merce Conesa CDCko bozeramaileak. Bermatu du, Konstituzionalak galdeketa baliogabetuta ere, gobernuak A-9aren kanpainari eusten diola, “lasaitasunez”. Oriol Junqueras ERCko presidenteak, berriz, espero du CiUren gobernuak “ardurak bere gain” hartuko dituela eta “dagokiona” egingo duela galdeketa bermatzeko: “Pentsaezina izango litzateke horrela ez egitea”.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude