Espainiako 25 ministro ohik manifestu bat argitaratu dute. / EFE

“Ordena konstituzionalari” eusteko eskatu dute banku nagusiek

Unionismoak haizatutako beldurraren estrategiaz erreportajea argitaratu du gaurko BERRIAn Samara Veltek, eta kanpaina horri ekarpena egin diote gaur bertan AEB eta CECA Espainiako banku eta aurrezki kutxen patronalek. Adierazpen instituzional batean, ohartarazi dute Katalunia estatu independente izateak “eskaintza bankarioaren murrizketa”, “finantza bazterketa eta kredituaren eskasia eta garestitzea” eragingo lukeela. CaixaBank, BBVA, Santander, Bankia eta Sabadell dira AEB eta CECAren bazkide nagusiak.

Patronal horiek uste dute “ordena konstituzionalari eta euroari eutsi” behar zaiola, “arriskuan ez jartzeko gordailugileen babesa eta familia, enpresa txiki eta ertain eta beste ekoizpen sektore batzuen finantzaketa fluxua”.

Ez da izan Kataluniak Espainian jarraitzearen alde gaur argitaratutako agiri bakarra. UCD, PSOE eta PPko Espainiako 25 ministro ohik manifestu bat plazaratu dute, erabakitzeko eskubidea “denona” —Espainiako herritar guztiena— dela aldarrikatuz eta hala ez egitea “estatu kolpe bat” izango litzatekeela ohartaraziz. Bestalde, eskatu dute aztertzeko ea Kataluniaren “berezitasuna behar bezala aitortuta” dagoen. Sinatzaileen artean dago Rodolfo Martin Villa Espainiako transtizio politikoaren garaiko Barne ministroa.

Nazioarteko organismoetatik kanpo geratzeko arriskua izan da unionismoaren beste mezuetako bat. Atzo, Margaritis Schinas Europako Batzordeko bozeramaileak esan zuen lurralde batek estatu independentea osatuz gero, Europako Batasuneko itunak ez liratekeela lurralde horretan ezarriko, eta beraz, EBtik kanpo geratuko litzatekeela.

Gaur, ordea, bestelako iritzia plazaratu du Europako Batzordeko presidenteorde Valdis Dombovskisek: “Prest gaude estatu kideek demokratikoki hautatutako agintariekin lan egiteko”. Kataluniako Parlamenturako hauteskundeetan ez duela eragin nahi adierazi du: “Orain, boto emaileen erabakia dira bozak”.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude