Mariano Rajoy, Bartzelonan eginiko mitin batean.

Katalunia independentea, unionismoaren arabera

Kataluniako Parlamenturako hauteskundeen data gerturatzen doan heinean, beldurraren diskurtsoa gero eta gogorrago astintzen ari dira unionismoaren aldeko eragileak. Azken egunetan haizatutako mezuen bilduma da hau:

Sezesioa eta morala. Eliza izan da eztabaida subiranistan sartzen azken eragilea. Valentziako artzapezpiku Antonio Cañizaresek fededunei eskatu die “Espainiaren eta bere batasunaren alde” errezatzeko, eta bijilia batera deitu du ostiralerako: “Ez dago sezesioaren aldeko justifikazio moralik”.

Herritartasunaren galera. Kataluniako herritarrek, estatu berri batean, zein herritartasun izango lukete? Mariano Rajoy Espainiako Gobernuko presidenteak gaur bertan salatu du Espainiako eta Europako Batasuneko herritartasuna galduko luketela kataluniarrek. Onda Cero irratian elkarrizketatu dute Rajoy, eta kazetariak agerian utzi du argudio horren ahulezia, azalduz Espainian jaiotakoek ez dutela herritartasuna galtzen hala nahi izanez gero, nahiz eta atzerrian bizi. “Eta Europakoa?”, galdetu dio Rajoyk kazetariari: “Ezta ere, Espainiako herritartasuna dutenek Europako Batasunekoa dutelako”.

Corralito-a eta eurorik eza. Kataluniako balizko estatu independenteak “arriskua” luke Europako Banku Zentralaren likideziarik jaso ez eta corralito-a ezartzeko. Hala esan du Espainiako Bankuko gobernadore Luis Maria Lindek. Herritarrek kopuru muga bat lukete egunean dirua ateratzeko. Lindek erantsi zuen estatu independentea “automatikoki” aterako litzatekeela eurogunetik.

Antzeko bidetik jo zuen Kataluniako enpresari nagusiak biltzen dituen Ekonomia Zirkuluak: “Alde bakarreko erabakiek arriskuan jar dezakete Europako instituzioetan eta euroaren barruan daukagun tokia”.

Barça, Espainiako txapelketetatik at. Sarri jo du unionismoak horretara, eta asteon Espainiako Kirol Kontseiluak heldu dio. “Absurdua litzateke pentsatzea Katalunia independente balitz Espainiako erkidego autonomo bateko federazioan inskribatuko litzatekeela”. Kontseiluak argudiatu duenez, Espainiako Kirol Legeak Espainiako federazioari atxikitako taldeei onartzen die Espainiako txapelketetan jokatzeko aukera, eta ez du uste FC Barcelona klubak parte hartu ahal izango lukeenik.

Bankuen “ihesa”. Iragan astean, agiri bat argitaratu zuten AEB eta CECA Espainiako banku eta aurrezki kutxen patronalek. Horien arabera,  “eskaintza bankarioaren murrizketa”, “finantza bazterketa eta kredituaren eskasia eta garestitzea” eragingo luke Katalunia independente batek, eta prest agertu ziren eszenatoki horretan Kataluniatik alde egiteko.

Unionismoak haizatutako beldurraren estrategiaz erreportajea argitaratu zuen Samara Veltek.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude