Agerian geratu da Espainiako presidentea Onda Ceron egin dioten elkarrizketan, katalan independenteen herritartasunaz mintzatu denean.

Katalan independenteak, espainiar eta europear?

Agerian geratu da. Mariano Rajoy Espainiako presidenteari asteartean Onda Cero Espainiako irratian egin zioten elkarrizketan garbi geratu da argudiorik gabe independentziarekiko beldurra sortu nahian dabilela, eta batek baino gehiagok esan du elkarrizketa horretan Espainiako presidenteak 50 segundotan pikutara bidali duela Estatuaren kanpaina guztia, agerian geratu zela funtsik gabe beldurra sortzea dela unionismoaren estrategia. Eta arrazoirik ez zaio falta, lotsagarri geratu baita PPk ustez lagun duen irrati kate batean.

Elkarrizketa oso argigarria da. Rajoyk esaten du katalanek Espainiako eta Europako Batasuneko nazionalitatea galduko luketela independizatuz gero. Elkarrizketatzaileak, ordea, kontra egiten dio, eta azaltzen dio legearen arabera Espainian jaio den edonork mantentzen duela Espainiako nazionalitatea atzerriko herrialde batean bizi bada ere, hala nahi izanez gero. “Eta Europakoa?”, galdetzen du Rajoyk. Europakoa ere bai, Espainakoa mantentzen duen einean, erantzuten du kazetariak, barreari eusten dion bitartean.

Elkarrizketak zer esan handia eman du. Baita herritartasunaren kontuak ere. Rajoyk emandako irudi txarra zuzendu asmoz, Jose Manuel Garcia Margallo Espainiako Atzerri ministroak gaur esan du independizatuz gero katalanak galdu egingo luketela Espainiak nazionalitatea, “inondik inora” ez lioketela eutsiko. “Norbait herrialde batetik ateratzen denean herrialde horretakoa izateak ematen dizkion ezaugarri guztiak galtzen ditu. Hori esatea [mantendu egingo lukeela herritartasuna] ateraldi bat da, ez dakit nork esan duen”.

 

Ez da Margallo bakarra izan Rajoy laguntzera agertu dena. El País egunkariak ere gaur argitaratu duen artikulu batean dio baietz, Espainiako legediak Espainian jaio diren herritarren herritartasuna babesten duela, baina sezesio kasuak ez dituela jasotzen. Espainiako Konstituzioak 11. artikuluan hala dio: “Jaiotzez espainiarra den inori ezingo zaio bere nazionalitatea kendu”. Kode Zibilak zehazten du herritar batek beste herritartasun bat hartzea erabakitzen badu, hiru urteren buruan eskatzen badu Espainiako ere mantendu ahal duela.

El País-ek dio, ordea, Konstituzio horrek berak 2. artikuluan Espainiaren batasuna babesten duela eta Kataluniaren independentziak Konstituzioa urratuko lukeela, iradokiz ezingo luketela horren ondoren katalanek 11. artikuluan babestu herritartasuna mantentzeko. “Konstituzioa idatzi zutenek, herritartasuna mantentzeaz ari zirenean ez dut uste lurraldearen zati baten sezesioa aintzat hartzen ari zirenik”, dio egunkari horretan Roberto Blanco Zuzenbide Konstituzionaleko katedradunak. Espainiakoa mantenduz gero, Europakoa ez lukete galduko, hori ere badio El País-ek.

 

 

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude