Bartzelonako udaletxean Espainiako bandera eta Estelada. EFE/Alberto Estévez

Kanpaina, hamar momentutan

Ostiral iluntzean amaituko da Kataluniako Parlamenturako hauteskundeen kanpaina. Independentziari buruzko plebiszitutzat jota, giroa bero joan da. Kanpainako hamar une esanguratsuenen bilduma da segidakoa:

Pablo Iglesias eta boto etnikoa. Iglesiasek kanpaina hasi bezperetan piztu zuen polemika. Rubin eginiko ekitaldi batean, Podemoseko idazkari nagusiak hartu zuen hitza: “Guraso andaluziarrak edo Extremadurako aiton-amonak dituzten horiek hortzak atera eta bozkatzera joan behar dute Mas eta Rajoy kanporatzeko”.  Kritika ugari eragin dituzte haren hitzek, besteak beste etnizistatzat joz. Segidakoa da hitzaldia (59:52tik aurrera):

Diada. Mobilizazio erraldoi batek eman zion hasiera hauteskunde kanpainari. Irailaren 11ko Diadak batu egin ditu aurten Kataluniako egun nazionala eta hauteskunde kanpaina hasiera. Beste behin, ANC Kataluniako Biltzar Nazionalak eta Omnium Culturalek eginiko deialdiarekin bat egin zuten 1,4 – 2 milioi lagunek, Meridiana betez. Kataluniako errepublikaren hamar ardatzak irudikatu zituzten ibilbidean, mobilizazio koloretsua osatuz.

Bartzelonako Meridiana Diadan, jendez lepo. EFE/Alberto Estévez
Bartzelonako Meridiana Diadan, jendez lepo. EFE/Alberto Estévez

Madrilgo liderrak: zurekin baina zu gabe. Unionismoa ez da batera aurkeztuko hauteskundeetara, baina Madrilgo alderdi politiko nagusietako buruzagiak Katalunian izan dira kanpainan parte hartzen. Irudi bitxia utzi zuen horrek; Lleidarako trenean topo egin zuten Mariano Rajoy Espainiako Gobernuko presidenteak eta Pedro Sanchez PSOEko idazkari nagusiak. Pablo Iglesias Podemosek idazkari nagusia ere Katalunian izan da hainbat egunez.

Mariano Rajoy eta, atzerago, Pedro Sanchez, Lleidara heldu berritan. / @MarianoRajoy
Mariano Rajoy eta, atzerago, Pedro Sanchez, Lleidara heldu berritan. / @MarianoRajoy

PSC, euritan dantzan. PSOE erabakitzeko eskubidearen aurka; PSC alde, baina adostuta. Baina Madrilen, alderdikiderik ez hori adosteko prest. Eta Madrilgo buruzagiak, Katalunian kanpainan. Esparru politiko propioa definitzeko zailtasunak izan ditu azken urteetan PSCk, eta giro horretan egin du kanpaina. Emaitza: jendeak PSCren kanpaina gogoratzen badu, Miquel Iceta hautagaiaren dantzengatik izango da.

CUPen bideoa. Poliki zihoazen urrun zihoazelako.  Izenburu horrekin plazaratu zuen CUPek hauteskunde kanpainarako bideo iragarkia edo, hobe esanda, film laburra. Bideoan, CUPeko parlamentari izan direnak eta hauteskundeetara zerrendan aurkeztuko direnak ageri dira aktore gisa. Irailaren 16an sareratu zuen, eta berehala barreiatu zen sare sozialen bidez. Milioi erdi bisita baino gehiago izan ditu jada.

Corralito-aren zarata. Kataluniako balizko estatu independenteak “arriskua” luke Europako Banku Zentralaren likideziarik jaso ez eta corralito-a ezartzeko. Hala esan zuen Espainiako Bankuko gobernadore Luis Maria Lindek. Herritarrek kopuru muga bat lukete egunean dirua ateratzeko. Lindek erantsi zuen estatu independentea “automatikoki” aterako litzatekeela eurogunetik. Egun batzuk geroago, ordea, bere adierazpenak zuzendu zituen, esanaz “ia ezinezkoa” dela Katalunian corralito-a ezartea.

Rajoy: gezur bat mila aldiz. Katalunia independente batean, herritarrek galduko al lukete Espainiako herritartasuna? Hori errepikatu du unionismoak behin eta berriro kanpaina hasi zenetik, baina Mariano Rajoy Espainiako Gobernuko presidentea agerian utzi zuen Onda Cero irratiko kazetari batek. Elkarrizketa batean, gogorarazi zion Espainiako Konstituzioaren arabera, Espainian jaiotakoek ez dutela herritartasuna galtzen. Zer erantzun jakin ezinda geratu zen Rajoy:  “Eta Europako Batasunekoa?”. Hori ere ez, erantzun kazetariak, Espainiako herritartasuna dutenek Europako Batasunekoa dutelako. Beldurraren mezuaren funtsik eza salatzeko erabili dute elkarrizketa independentziaren aldekoek.

Itzulpen okerra. Kanpainaren azken txanpan, polemika eragin du Europako Batzordeak Kataluniaren balizko independentziaz emandako erantzun batek. Gaztelaniazko bertsioan, esplizituki zioen autonomia erkidego bateko parlamentuak ezin duela aldebakarreko independentzia aldarrikatu, baina halako aipamenik ez zuen egiten ingelesezko bertsioan. Batzordeak aitortu du akats bat egin dutela eta ingelesezko bertsioa dela zuzena. Barne ikerketa bat abiatu du, baina Kataluniako alderdi independentistek eskatu diote igandea baino lehen argi dezala akatsaren jatorria.

Margallo-Junqueras eztabaida. Espainiako Atzerri ministroak eta ERCko buru eta Junts Pel Si zerrenda independentistako bosgarrenak aurrez aurreko eztabaidak hari mutur ugari izan ditu. Jose Manuel Garcia Margallok kritika ugari jasan ditu bere alderdikideen aldetik, askok ez baitute ulertu Junquerasekin eztabaida bat egitea onartu izanak. Edonola, hedabide ugarik nabarmendu dute behingoz independentziaren ondorioei buruz tajuz eztabaidatu zutela.

Garcia Margallo eta Junqueras, aurrez aurre.
Garcia Margallo eta Junqueras, aurrez aurre.

Banderen gerra. Estelada eta Espainiako bandera izan dira independentziaren inguruko jarreren ikurrak. Esaterako, Espainiako bandera handi bat izan zen Pedro Sanchez PSOEko idazkari nagusiaren atrezzoa PSCren mitin batean. Mercé eguna dute gaur Bartzelonan, eta banderak direla-eta tentsioa izan da hiriburuko udaletxean. Alfred Bosch ERCko zinegotziak Estelada zintzilikatu du, eta, erantzun gisa, PPkoek Espainiako bandera eskegi dute.

Bartzelonako udaletxean Espainiako bandera eta Estelada. EFE/Alberto Estévez
Bartzelonako udaletxean Espainiako bandera eta Estelada. EFE/Alberto Estévez

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude