CUPi buruzko erreportajea Washington Posten.

Kanpaina baten azken notak

Ordu gutxi falta dira kanpaina amaitu eta hausnarketa egunean sartzeko. Kataluniako Parlamenturako hauteskundeek mundu osoko hedabideen interesa piztu dute, boz historikoak izan daitezkeela jakitun. Hain historikoak, PPko buruzagiek bideo bat egin dutela katalanez hizketan.

Kanpaina osoa independentziaren arriskuak nabarmentzen igaro ostean, sedukziora jo du PPk. Bideo batean ageri dira Espainiako Gobernuko eta PPko buruzagi nagusiak (tartean, Mariano Rajoy gobernuko eta PPko presidentea, Soraya Saenz de Santamaria presidenteordea, Javier Maroto Gasteizko alkate ohia eta Alfonso Alonso Gasteizko alkate ohi eta Espainiako Osasun ministroa) Espainiak eta Kataluniak batuta jarraitzearen bertuteak nabarmentzen. Berrikuntza: katalanez mintzatzen direla, besteak beste esanaz Katalunia maite dutela eta ez dutela Kataluniarik gabeko Espainiarik irudikatzen.

Nazioarteko prentsak gertutik jarraitu du prozesu subiranista eta hauteskunde kanpaina. Gaur bertan, erreportajeak argitaratu dituzte Le Monde Frantziako kazetak eta Washington Post Ameriketako Estatu Batuetakoak. Katalunia, aurki independente? izenburu duen artikuluan, Josep Ramoneda kazetariaren eta Josep Borrell PSOEko kide eta Europako Parlamentuko presidente ohiaren iritzi kontrajarriak jaso ditu Le Monde-k. Washington Post-ek, berriz, CUPi buruzko erreportaje mardula plazaratu du, ezkerreko zerrendaren ordezkaritzak izan dezakeen garrantzia azalduz.

Ez dira adibide bakarrak: Sezesioa negozio ona da ekintzaileentzat Katalunian izenburupean, Wall Street Journal-ek independentziaren aldeko merchandising-ari buruzko erreportajea argitaratu du azken orduetan. Bloomberg telebista kateak, berriz, galdera-erantzunen bidez, Kataluniako prozesu subiranista azaltzeko artikulu bat argitaratu du. The Guardian Erresuma Batuko egunkariak, berriz, hauteskundeen atarikoa azaldu du, besteak beste Europako mugimendu independentisten mapa eginez (eta, bidez batez, Euskal Herriaren forma bitxi bat irudikatuz).

The Guardian-en mapa.
The Guardian-en mapa.

Independentismoarekin kritikoen ageri den hedabidea The Economist da. Biharko datarekin argitaratutako artikulu baten izenburuan, aldizkariak dio banaketa zailegia dela gauzatzeko.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude