Kategoria: Albisteak

Hari ikusezinak

Egun gutxi geratzen dira Kataluniako azken hamarkadetako hauteskunde erabakigarrienetarako. Azken astean sartu da kanpaina, eta unionismoa ari da pixkanaka alarma guztiak pizten. Patronala izan zen aurreko astean, bankuak ondoren, eta orain, Espainiako botere nagusiak zerrenda irakurtzen ari balira bezala, Pronovias bezalako etxea eta Marca egunkaria ere sartu dira kanpainan. Bitxia da, baina batetik uninistak esan eta esan ari dira igandekoak hauteskunde autonomikoak direla, baina bestetik ari dira gordeta duten bolbora erretzen. Erretzen ari direna guztia da? Denborak esango du. Garbi dagoena da irakasle batek ikasgelan nor dagoen eta nor ez izenak irakurtzen duenean bezala, eskuak altxatzen ari direla Kataluniako prozesu independentistaren aurka.

Bai, baina ez. Eskizefrenia horren aurrean Mariano Rajoyk gaur beste pauso bat eman du: “Ez eserlekuek ezta botoek ere ez dute balio legez kanpoko operazio bati zilegitasuna emateko”.  Hau da, hauteskunde autonomikoak dira, baina aitortzen du beste zerbait ere badira. Horren aurrean, ordea, ohartarazten du beste zerbait hori legez kanpoko operazioa dela. Alegia, Madrilek ez du karta joko horretan jokatu nahi, baina aldameneko mahaitik keinuak egiten ditu eta ez bere kartak ere atera nahi ditu. Horregatik, nahiz eta maiatzeko hauteskundeen ondoren PP zerrenda bozkatuenak agintzearen alde agertu den, Rajoyk esan du salbuespen bat egin litekeela Katalunian, eta unionisten koalizio bat osatzea “zentzuzkoa” litzatekeela.

Ezer ez da alferrik, eta aste erabakigarrian sartuta zer ikusi asko geratzen da, itxura guztien arabera. Asteburuan, Pau Gasol buru, Espainiako saskibaloi selekzioak Europako txapelketa irabazi ostean, Marca kirol egunkariak azala eman dio gaur independentziaren auziari. Espainiatik ateraz gero, Bartzelona futbol taldeak ez lukeela Espainiako Ligan jokatuko nabarmendu du eta Ajax eta Celticen pare jarri du dute. Editoriala argigarria argitaratu du.

Marcaren editoriala Kataluniaz

Ikusten ez diren hariek josita dago Espainia, dio kirol egunkari horrek, eta horietatik sendoena futbol txapelketa da. Ez zaio arrazoirik falta, eta jakina zen lehendik ere futbola maila horretan ez dela soilik kirol txapelketa bat, Espainia kohesionatzeko modu bat baizik, kirol selekzioak bezala. Marcak berak baieztatu du gaur independentismoak askotan salatu duena. Baina ez hori bakarrik. Garbi geratzen da hari ikusezinek josia izateaz gain, ikusten ez ditugun hariek ere mugitzen dutela Espainia. Batzuk zein besteak ikusezinak izan dira orain arte, bai, baina Katalunia Espainaren barruan kabitu ez eta alkondara tenkatzearekin batera, pixkanaka ari dira hariak indartzen.

Hari horiek hautsi eta botoiak askatzen diren igandean ikusiko dugu.

“Ordena konstituzionalari” eusteko eskatu dute banku nagusiek

Unionismoak haizatutako beldurraren estrategiaz erreportajea argitaratu du gaurko BERRIAn Samara Veltek, eta kanpaina horri ekarpena egin diote gaur bertan AEB eta CECA Espainiako banku eta aurrezki kutxen patronalek. Adierazpen instituzional batean, ohartarazi dute Katalunia estatu independente izateak “eskaintza bankarioaren murrizketa”, “finantza bazterketa eta kredituaren eskasia eta garestitzea” eragingo lukeela. CaixaBank, BBVA, Santander, Bankia eta Sabadell dira AEB eta CECAren bazkide nagusiak.

Read more

Gehiengoez eta Europaz

Ana Pastor Espainiako La Sexta telebista kateko kazetaria tematuta agertu zen atzo Artur Mas Generalitateko presidenteari egin zion elkarrizketan: nahikoa al da parlamentuan independentistek eserleku gehiago izatea independentzia aldarrikatzeko? Masek behin eta berriz erantzun zion berak botoak nahi lituzkeela zenbatu, baina ez diotela uzten galdeketa bat egiten, eta baldintza horietan eserlekuak zenbatzea beste biderik ez dietela utzi, hauteskunde autonomikoak eserlekuak egiteko egiten baitira.

Raul Romeva Junts pel Si koalizioko hautagaia gaur berriro esan du: parlamentuan eserlekuen erdia gehi bat izatea nahikoa da askapen prozesua abiatzeko. 68 eserleku beharko lituzkete horretarako. “Botoak zenbatu nahi badituzte, egin dezagun galdeketa bat eta hitz egingo dugu”.

“Egingarria da, bideragarria”, adierazi du Romevak. Pastorrek atzo Masi La Reppublica Italiako egunkarian argitaratu ziren adierazpen batzuekin ere galdekatu zuen, ea berak elkarrizketa horretan onartu zuen Katalunia Europako Batasunetik kanpo geratuko litzatekeela. Masek azaldu zion berak ez zuela hori esan, baizik eta Europako Batasuneko estatuek Katalunia EBn egotea berretsi beharko luketeela, baina tarte horretan ez litzatekeela kanpoan geratuko gaineratu zuen. “Nola botako gaituzte EBtik? Esan al dute Merkelek eta Cameronek zer artikulu erabiliko duten Katalunia botatzeko?”.

Romevak gaur azpimarratu du 2004tik hamahiru estatu berri sartu direla EBn, eta horietatik zazpi orain urte batzuk ez zirela existitzen. “Nori interesatzen zaio Katalunia EBtik kanpo egotea? Kataluniari ez, baina Espainiari eta Europari ere ez”. Are eta gehiago, adierazi du etorkizun hurbil batean Katalunia izango dela Espainiaren aliatu nagusia, eta Espainia ere Kataluniaren aliatu nagusi izaten bukatuko duela, “Europan eta munduan”.