Kategoria: Kataluniatik

Metroko neska

Ostiral goiza Sants eta Gràcia auzoak lotzen dituen metroko linean. Bidaiariek axolagabe gurutzatzen dute Bartzelona erdialdea, gogoa eguneroko kontuetan murgilduta; korridoreetako musikariek ez diete arretarik ematen, ohituta daude trenetan jendea eskean ikustera. Burua oraindik euren kontuetan daukatela emango dizkiete, akaso, txanponen bat edo bi; edo ez diete begiratu ere egingo.

Diagonal geltokian emakume gazte bat igo da bagoira. Itxura aldetik ez du ezerk ingurukoengandik bereizten: arropa arrunta darama, gorpuzkera sendoa du, ilea luze eta orraztua. Ahotsa altxatu du, ordea: “Barkaidazue, jaun-andreok. Izugarrizko lotsa ematen dit hau egin behar izateak, ez nagoelako ohituta. Baina etxean diru beharrean gaude eta gizarte zerbitzuetakoa ez da gehiago etortzen…”. Ezin izan du eskaria amaitu; lotsaren lotsaz, negarrez hasi da. Aurpegia esku artean ezkutatuta itxaron du hurrengo geltokira iritsi arte, eta jauzi batean atera da metrotik. Euroa eskuan geratu dira bidaiarietako batzuk, emakumearekiko errukiak barrua urratuta, Brecht-en “orain nigana datoz baina beranduegi da” hura gogoan.

Gaur egungo Kataluniaren beste aurpegietako bat da, hauteskundeetako mitin eta manifestazio alaietan azaleratzen ez dena, eta hemengo jende askoren etsipena azaltzeko kontuan hartu beharrekoa. Kataluniako estatistika institutuaren arabera, herritarren %20 bizi dira pobrezia mugaren azpitik, urtean 9.700 euro baino gutxiagorekin. Eta gizartetik aldaketarako eskaria sortu bada, neurri handi batean, ezinegon horrengatik izan da: bizitza geroz eta jasangaitzagoa bihurtzen ari zelako –ari delako– askorentzat.

Bozketa historikoak: Katalanaren Legea

Ohiko eztabaida politikotik pixka bat aterata –politika ez baita independentzia vs. unionismoa soilik, ezta Katalunian ere–, aipa dezagun euskal hiztunari Katalunian arreta eman ohi dion elementu bat.

Kataluniako Parlamentuak indarrean jarritako arau guztien artean, gutxik izan dute Katalanaren Legearen pareko eragin politiko, sozial eta kulturala. 1983an onartu zuen Bartzelonako legebiltzarrak orduko hizkuntz desoreka konpontzeko asmoz, aho batez onartu ere: diputatuetako inork ez zuen aurka bozkatu, eta abstentzio bakarra egon zen.

“Katalana ez doa inoren aurka, guztion alde baizik”, eta tankerako leloak erabili zituzten hizkuntzarekiko ardura sustatzeko, eta kontsentsua ia erabatekoa izan zen. Jakina, horretarako ezinbestean leundu behar izan zuten jarrera alde guztiek, eta gaur egun sarri entzuten den kritika da hizkuntzak kantitatean irabazi duela, baina kalitatean galtzen ari dela.

Gaur egun, ordea, errealitatea da Kataluniako Parlamentuak katalanez funtzionatzen duela osoki; hura nagusi da hezkuntzan, hedabideetan eta instituzioetan; presidenteak bere hizkuntzan ematen ditu prentsaurrekoak –amaieran erantzuten ditu beste hizkuntzetako galderak, gaztelaniaz eta ingelesez–; eta PPko diputatuei ere irteten die katalanak nahi gabe –Espainiako telebistak grabatzen ari direnean aldatzen dute gaztelaniara–.

Edozein kasutan, azpiko ideiarekin asmatu dute, Euskal Herrian ziurrenik asmatu ez den tokian: katalana denen hizkuntza bihurtuz despolitizatu dute, ez alderantziz.

Beste era batera esanda: euskararen normalizazioari buruz aritzean, sarri sortzen da eztabaida hizkuntzari ematen zaion funtzio politikoaren inguruan; mesedegarria ote den hari konnotazio politikoak ematea, esate baterako, erresistentziazko diskurtso batekin edo abertzaletasunarekin lotuta. Batzuek baietz diote, soilik militantziarekin eutsiko zaiolako hizkuntzari. Beste batzuen ustez, mesede gehiago egingo lioke “despolitizatzeak”, euskara “aseptiko” bihurtuz –nabarmendu tentuz jarritako kakotxak–: alegia, Petronorreko eta AHTari buruzko bilerak ere euskaraz egitean lortuko dugula hizkuntza benetan bazter guztietara zabaltzea.

Euskarari ustez mesede egingo liokeen despolitizazioa aipatzean, joera ideologikoetatik aparte egon behar lukeela aditu dugu maiz. Baina, praktikan, horren ondorioa izan da alderdi guztiek eskuak kentzea hizkuntz normalizazioaren arduratik, “ez da gure kontua” esanez bezala.

Katalunian frogatu dute hizkuntza bat despolitizatzea (halakorik egin baliteke), izatekotan, aurkakoa dela: ez dela hainbeste hizkuntzarekiko kezka alderdi eta joera ideologikoetatik ateratzea, guzti-guztiek euren gain hartzea baizik. Gainerako guztia ez da despolitizatzea, ardugabekeria hutsa baizik.

Kataluniako enpresariak, I-27arekin urduritzen

Madrildik heltzen diren mehatxuek baino askoz eragin handiagoa dute katalanen buru barruetako beldurrak haizatzen dituzten adierazpenek. Finean, gutxik irudika ditzakete tankeak Diagonal etorbidetik barrena sartzen; baina gehienei eragiten diete ezinegona Espainiatik bereiztearen ziurgabetasunek, eta are ulergarriagoa da langabezia saria edo pentsioak jasotzen ari direnen kasuan.

Gaur, Kataluniako enpresa nagusiak batzen dituen Ekonomia Zirkuluak bere “iritzi txostenetako” bat argitaratu du, I-27aren arriskuez ohartaraziz: aldebakarreko erabakirik ez hartzea gomendatzen du, inolaz ere ez independentzia aldarrikatzea, ezta herritarrek argi eta garbi alderdi independentisten alde bozkatzen badute ere: “Gure Konstituzioaren printzipio demokratikoak kontsulta bat egiteko bide legal eta adostua bilatzera derrigortzen ditu botere publikoak”. Egiturazko edozein erabakik “gehiengo kualifikatu” baten babesa behar duela argudiatzen du, eta ezin daitezkeela hauteskundeok plebiszitutzat jo; bozen ostean berriro saiatu behar litzatekeela “Espainiarekiko harremanari buruzko iritzia jakiteko galdeketa bat” antolatzen.

“Mundu ekonomikoari lotutako instituzioa izanik, kezkaz begiratzen diegu halako erabakiek ekonomian izan ditzaketen ondorioei”, dio txostenak. Eta Espainiak ere erabiltzen duen komodina darabil argudio gisa: “Alde bakarreko erabakiek arriskuan jar dezakete Europako instituzioetan eta euroaren barruan daukagun tokia”.

Komodina diot, bakoitzak nahieran erabiltzen duelako argudio hori komeni zaionean, nahiz eta inork ez dakien zehazki zer gertatuko litzatekeen – sinpleki, oraingoz ez delako antzeko kasurik izan, eta ez dagoelako idatzita zeintzuk diren hurrengo urratsak.

Ekonomia Zirkuluari esan beharko lioke norbaitek berandu datorrela, negoziatutako galdeketen bidea agortu dutela jada katalanek. Egia da independentziaren ziurgabetasunak asko direla, Espainiaren barruan gelditzearen ziurtasunak bezainbeste kasik: euroa mantendu akaso bai, baina haietako gutxirekin geratzeko arrisku guztiak dituzte dauden bezela jarraituz gero. Galde diezaietela, bestela, langabezia saria amaitu zaienei eta pentsio urriegiak jasotzen dituztenei.

Irailaren 11ko erromesaldia

Kanpainako zerogarren astea Gironako alde zaharrean. Turistentzako mapak eta hil aurretik ikusi beharreko lekuen zerrendak saltzen dituzten liburudenda horietako batean, bi emakume Diadaz galdezka ari zaizkio saltzaileari: zein koloretakoa ote den aurtengo elastikoa, manifestazioan eraman beharreko gezia norberak erosi behar ote duen, edo materiala han bertan emango ote dieten.

Dendariak, munduko naturaltasun handienarekin, hiru koloretako geziak atera ditu erakusmahaiaren azpitik. Kamiseta, aurten, zuria izango da: badakigu diadazalea senyerazalea ere izan ohi dela, baina aurtengoan ez dute balioko aurreko urteetako elastiko hori eta gorriek.

Prozesu independentistaren aitzakian merchandising sorta ikusgarria pilatu dute halako negozioek. Eta ez naiz Nafarroa Oinezen saltzen dituzten Gora Euskadi txapelei edo ikurrinadun txupei buruz ari: osagarri independentisten merkatuan, apenas geratzen da dagoeneko asmatu ez duten produkturik. Esteladadun etxeko zapatilak, haurrei Katalunia askearen historia azaltzeko liburu tolesgarriak, Diada eta bozketa egun esanguratsuak jada markatuta dakartzaten agendak… Sant Jordi egunez Bartzelonako Ramblatik paseatzea besterik ez dago: independentismoaren pop kultura bat sortu da. Eta erabat mainstream da, gainera.

Gironako alde zaharreko liburudendan ere hiru mahai daude, prozesua formatu guztietan azaltzen duten testuz beteta: eskuliburu forman (El procès per a ‘dummies’, prozesua tuntuntxoentzat, exisitzen da), komiki itxuran, edota erretzeari uzteko liburutxo txiki horien itxurako batean. Independentziari buruzko informaziorik eskuratzen ez duenak nahi ez duelako da. Inork gutxik irakurriko dituen liburuak dira, jakina. Diadarako elastikoan pentsatzen dihardutenek ez dute behar, eta aurka daudenek edo prozesuaren berri jakin nahi duenak nekez joko du ‘per a dummies’ den zerbaitera.

Laugarren Diadaren atarian gaude, izan behar ez zuen harenean. Hauteskunde erabakigarriak aurtengo udaberrirako nahi zituzten subiranista gehienek, eta ANCk espero zuen ez zuela berriro milioi bat lagun kalera ateratzeko moduko zerbait pentsatu beharko. Baina askorentzat urteroko erromesaldia bihurtu da Diadako ekitaldia, eta aurten ere beteko dute, gehiago edo gutxiago, Ara es l’hora kanpainak proposatutako eremua, Sant Andreu auzotik hasi eta parlamenturaino. Aurretik joango da gezi erraldoi bat, independentziaren norabidea seinalatuz; eta atzetik arrastaka ekarriko du hauteskunde kanpaina. Bati baino gehiagori entzun diot jada ez duela manifestazioan parte hartuko, Junts Pel Si zerrendak gero bere alde erabiliko duelako parte hartzaileen zifra: “Diada autodeterminazioa eskatzeko eguna da, ez hautagaitza bati babesa adieraztekoa”. Beste askok hemendik bi asteko bozketan dute burua, eta nahikotzat jotzen dute egun horretan boto independentista ematea; irailean giro ederregia egiten du, gainera, bi asteburutan hirian gelditzeko. Baina jakin badakite: manifestazioak ematen duen itxuraren araberakoa izango da kanpaina, eta Espainiako prentsak bideko edozein hutsune baliatuko du independentismoa ahulduta dagoela ondorioztatzeko. Horixe behintzat badute komunean liburudendako erromesek, ekitaldi masifikatuari nagitasun puntu batekin begiratzen dion ezker independentistak eta irailaren 28ko emaitzekin loa galtzen dutenek: asmoa Espainiari (beste) mezu argi bat ematea bada, irtengo dira kalera.