Etiketa: bartzelona

Metroko neska

Ostiral goiza Sants eta Gràcia auzoak lotzen dituen metroko linean. Bidaiariek axolagabe gurutzatzen dute Bartzelona erdialdea, gogoa eguneroko kontuetan murgilduta; korridoreetako musikariek ez diete arretarik ematen, ohituta daude trenetan jendea eskean ikustera. Burua oraindik euren kontuetan daukatela emango dizkiete, akaso, txanponen bat edo bi; edo ez diete begiratu ere egingo.

Diagonal geltokian emakume gazte bat igo da bagoira. Itxura aldetik ez du ezerk ingurukoengandik bereizten: arropa arrunta darama, gorpuzkera sendoa du, ilea luze eta orraztua. Ahotsa altxatu du, ordea: “Barkaidazue, jaun-andreok. Izugarrizko lotsa ematen dit hau egin behar izateak, ez nagoelako ohituta. Baina etxean diru beharrean gaude eta gizarte zerbitzuetakoa ez da gehiago etortzen…”. Ezin izan du eskaria amaitu; lotsaren lotsaz, negarrez hasi da. Aurpegia esku artean ezkutatuta itxaron du hurrengo geltokira iritsi arte, eta jauzi batean atera da metrotik. Euroa eskuan geratu dira bidaiarietako batzuk, emakumearekiko errukiak barrua urratuta, Brecht-en “orain nigana datoz baina beranduegi da” hura gogoan.

Gaur egungo Kataluniaren beste aurpegietako bat da, hauteskundeetako mitin eta manifestazio alaietan azaleratzen ez dena, eta hemengo jende askoren etsipena azaltzeko kontuan hartu beharrekoa. Kataluniako estatistika institutuaren arabera, herritarren %20 bizi dira pobrezia mugaren azpitik, urtean 9.700 euro baino gutxiagorekin. Eta gizartetik aldaketarako eskaria sortu bada, neurri handi batean, ezinegon horrengatik izan da: bizitza geroz eta jasangaitzagoa bihurtzen ari zelako –ari delako– askorentzat.