Etiketa: hauteskundeak

Independentistek gehiengo osoa lukete, CISen arabera

Irailaren 27ko hauteskundeen emaitzen estimazioa egin du CIS Espainiako Azterketa Soziologikoen Institutuak. Horren arabera, Junts Pel Sí zerrenda independentistak 60-61 eserleku lituzke Kataluniako Parlamentuan; CUPek, berriz, zortzi. Hortaz, bien baturak gehiengo osoa lortuko luke parlamentuan —68 parlamentari behar dira gehiengo osoa lortzeko, 135 ordezkari baitira guztira—. Botoen %38,1 eskuratuko luke hautagaitza independentista bateratuak, eta %5,9 CUPek.

Ciutadans litzateke unionismoaren aldetik alderdi bozkatuena, 19-20 ordezkari lortuta. Hala ere, gertu luke Catalunya Sí que es Pot, 18-19 parlamentarirekin. 16-17 lituzke PSCk, eta 12-13 PPk.

Esku hartze militarrik ez, denek “beren eginbeharrak betetzen badituzte”

Kataluniako Parlamentuko hauteskundeetarako 19 egun falta direla, Espainiako armadaren mamua astindu du Pedro Morenes Espainiako Gobernuko Defentsa ministroak. Espainiako irrati kate publikoan eginiko elkarrizketa batean galdetu diote Morenesi ea zein jarrera hartuko lukeen armadak Kataluniak aldebakarreko independentzia aldarrikatuko balu.

“Bakoitzak bere eginbeharrak bete behar ditu; indar armatuek, gobernatzaileek eta gobernatuek, eta denek beren eginbeharrak betetzen badituzte, ziurtatzen dizut ez dela beharrezkoa izango planteatzen duzunaren moduko inolako esku hartzerik”, ohartarazi du Morenesek, eta erantsi armada “guztiz demokratikoa” dela eta “zuzenbide estatuari lotuta” jarduten duela.

Morenesek berak, irailaren 3an argitaratutako elkarrizketa batean, zioen Espainiaren batasuna “negoziaezina eta eztabaidaezina” dela eta “zuzenbide estatuarekiko errespetu falta demokraziaren aurkako erasoa” dela.

RNEk Morenesi eginiko elkarrizketa osorik entzungai, hemen.