Etiketa: katalunia

Kataluniako enpresariak, I-27arekin urduritzen

Madrildik heltzen diren mehatxuek baino askoz eragin handiagoa dute katalanen buru barruetako beldurrak haizatzen dituzten adierazpenek. Finean, gutxik irudika ditzakete tankeak Diagonal etorbidetik barrena sartzen; baina gehienei eragiten diete ezinegona Espainiatik bereiztearen ziurgabetasunek, eta are ulergarriagoa da langabezia saria edo pentsioak jasotzen ari direnen kasuan.

Gaur, Kataluniako enpresa nagusiak batzen dituen Ekonomia Zirkuluak bere “iritzi txostenetako” bat argitaratu du, I-27aren arriskuez ohartaraziz: aldebakarreko erabakirik ez hartzea gomendatzen du, inolaz ere ez independentzia aldarrikatzea, ezta herritarrek argi eta garbi alderdi independentisten alde bozkatzen badute ere: “Gure Konstituzioaren printzipio demokratikoak kontsulta bat egiteko bide legal eta adostua bilatzera derrigortzen ditu botere publikoak”. Egiturazko edozein erabakik “gehiengo kualifikatu” baten babesa behar duela argudiatzen du, eta ezin daitezkeela hauteskundeok plebiszitutzat jo; bozen ostean berriro saiatu behar litzatekeela “Espainiarekiko harremanari buruzko iritzia jakiteko galdeketa bat” antolatzen.

“Mundu ekonomikoari lotutako instituzioa izanik, kezkaz begiratzen diegu halako erabakiek ekonomian izan ditzaketen ondorioei”, dio txostenak. Eta Espainiak ere erabiltzen duen komodina darabil argudio gisa: “Alde bakarreko erabakiek arriskuan jar dezakete Europako instituzioetan eta euroaren barruan daukagun tokia”.

Komodina diot, bakoitzak nahieran erabiltzen duelako argudio hori komeni zaionean, nahiz eta inork ez dakien zehazki zer gertatuko litzatekeen – sinpleki, oraingoz ez delako antzeko kasurik izan, eta ez dagoelako idatzita zeintzuk diren hurrengo urratsak.

Ekonomia Zirkuluari esan beharko lioke norbaitek berandu datorrela, negoziatutako galdeketen bidea agortu dutela jada katalanek. Egia da independentziaren ziurgabetasunak asko direla, Espainiaren barruan gelditzearen ziurtasunak bezainbeste kasik: euroa mantendu akaso bai, baina haietako gutxirekin geratzeko arrisku guztiak dituzte dauden bezela jarraituz gero. Galde diezaietela, bestela, langabezia saria amaitu zaienei eta pentsio urriegiak jasotzen dituztenei.

Bankuen inkestetan, independentistak nagusi

Zer aurreikuspen dute bankuek irailaren 27ko hauteskundeei begira? galdera horri erantzun dio Albert Saez El Periodico Kataluniako egunkariko zuzendari ondokoak. Hark argitaratutako artikulu batean, azaldu du bankuek beren inkestak izaten dituztela hauteskundeen aurretik, kreditu bat jasotzen duen alderdi batek zenbaterainoko diru sarrerak izango dituen neurtzeko. Alderdiek lortutako botoen eta ordezkaritzaren araberako diru sarrera publikoak jasotzen dituzte, eta estimazio hori eskuan ematen dizkiete kredituak alderdiei.

Saezen arabera, bankuen inkestek independentismoari ematen diote gehiengo absolutua; are, Junts Pel Sí-k gehiengo osoa lor lezake, CUPen babesaren beharrik gabe ere. Emaitzak:

inkesta

Esku hartze militarrik ez, denek “beren eginbeharrak betetzen badituzte”

Kataluniako Parlamentuko hauteskundeetarako 19 egun falta direla, Espainiako armadaren mamua astindu du Pedro Morenes Espainiako Gobernuko Defentsa ministroak. Espainiako irrati kate publikoan eginiko elkarrizketa batean galdetu diote Morenesi ea zein jarrera hartuko lukeen armadak Kataluniak aldebakarreko independentzia aldarrikatuko balu.

“Bakoitzak bere eginbeharrak bete behar ditu; indar armatuek, gobernatzaileek eta gobernatuek, eta denek beren eginbeharrak betetzen badituzte, ziurtatzen dizut ez dela beharrezkoa izango planteatzen duzunaren moduko inolako esku hartzerik”, ohartarazi du Morenesek, eta erantsi armada “guztiz demokratikoa” dela eta “zuzenbide estatuari lotuta” jarduten duela.

Morenesek berak, irailaren 3an argitaratutako elkarrizketa batean, zioen Espainiaren batasuna “negoziaezina eta eztabaidaezina” dela eta “zuzenbide estatuarekiko errespetu falta demokraziaren aurkako erasoa” dela.

RNEk Morenesi eginiko elkarrizketa osorik entzungai, hemen.

Plebiszitua eta parte hartzea

Hauteskunde autonomikoak, plebiszitua, erreferendumaren ordezkoa… irailaren 27an Kataluniako Parlamentuko ordezkariak aukeratzeko egingo dituzten hauteskundeek abizen ugari dituzte, aktore politiko ezberdinen kolore politikoaren araberakoak. Formalki, argi dago autonomia erkidego bateko bozak direla, baina bozketaren ‘plebiszitutasuna’ dago eztabaidan.

Plebiszitu izaera hori aitortzen diote independentziaren aldeko indar politikoek, eta horren erakusle da baiezkoaren aldeko zerrenda bateratu bat osatu izana. Katalunia estatu independentea izatea nahi ez dutenek, ordea, ez dute ezezkoaren zerrenda bateraturik osatu; hala egiteak berez aitortuko lioke plebiszitu izaera bozketari.

Parte hartzea izan daiteke plebiszitu kutsuaren beste neurgailu bat. Ikusteke dago hauteskundeetan  zenbaterainokoa den parte hartzea, baina, El Periodico egunkariak atzo argitaratutako inkesta batek iragarritakoa betez gero, %70-72era iritsi liteke parte hartzea. 1980az geroztik Kataluniako Parlamenturako hauteskunde guztietan izandako abstentzio maila txikiena izango luke, beraz, irailaren 27koak; 2012ko bozak baztertuta, abstentzioa %35etik gorakoa izan da parlamenturako hauteskunde guztietan.

Captura de pantalla 2015-09-07 a la(s) 15.52.40

Ez hori bakarrik; autonomia estatutuari buruzko erreferendumean, 2006an, parte hartzea ez zen hautesleen erdira iritsi (%48,85). 1979ko estatutua onartzeko, berriz, %59,7 hauteslek eman zuten botoa.

‘Gu ere bagara Katalunia’

Katalunian bizi diren argentinarrak dira Judith eta Carlos, eta azaroaren 9ko galdeketa babestu nahi izan dute, bideo berezi bat eginda. ‘Gu ere bagara Katalunia’ izenburua jarri diote lanari, eta futbol partida bat islatu dute bertan. Adierazi dutenez, “edozein herrik bozkatu ahal izan beharko luke, eta gobernu sistema batek ere ez lioke horri beldurrik izan beharko, ezta debekatu ere”.

 

Lapikoen zarata, debekuei aurre egiteko

Lapikoak joz erantzun diote ehunka herritarrek Espainiako Auzitegi Konstituzionalak azaroaren 9ko kontsulta alternatiboari ezarritako debekuari. Katalunia osoko herri eta hirietan —Bartzelonan, nabarmenen— atera ziren atzo balkoira herritarrak, 22:00etan, lapikoak astinduz protesta egitera. #Cassolada traola erabiliz, dozenaka erabiltzailek jarri dituzte sare sozialetan lapiko jotzearen bideoak. Atzotik hasita, igandera bitartean errepikatuko dute ekintza hori herritarrek, egunero, 22:00etan, balkoira ateraz eta zarata eginez.

Cruyff: “Kataluniak bere kabuz erabaki ahal izan beharko luke beti”

Bazter guztiak zipriztindu ditu prozesu subiranistak Katalunian, baita futbola ere. Atzo, Johan Cruyff futbol jokalari ohi eta entrenatzaileari buruzko dokumentalaren aurkezpena zenak politika kutsua hartu zuen, protagonistarengandik hasita. Filmaren bukaerako eszena batean, erabakitze eskubidearen alde mintzatzen da Cruyff: “Kataluniak beti bere kabuz erabaki ahal izan beharko luke”.

Ez zen izan prozesu subiranistarekiko erreferentzia bakarra. Filmeko beste eszena batean, entrenatzaile herbeheretarra ageri da, Armand Caraben Bartzelonako zuzendaritzako kidea zenaren emaztearekin, Marjolijn Van der Meerrekin hizketan, herbeheretarra hori ere. Kataluniara joan zirenean, frankismo garaian, katalanengandik zerk harritzen zintuen azaltzen dute: nola “gauzak nahi zituzten, baina ez zuten dena ematen lortzeko”. Esanaren haritik, ea gaur egun ere hala den galdetu zioten kazetariek Cruyffi. Eta ,ondoan zuen Artur Mas Kataluniako Gobernuko presidenteari erreferentzia eginez, hala erantzun zuen entrenatzaileak: “Masek aurpegia ematen du, baina bozketek ez dute laguntzen. Ez dakit hori ona edo txarra ote den. Aurpegia ematen duenari lagundu egin behar zaio”.

Jendetza bildu zen Bartzelonako Auditorioan, L’últim partit, 40 anys de Johan Cruyff a Catalunya (Azken partida. Johan Cruyffek 40 urte Katalunian) dokumentalaren aurkezpena ikusteko. Besteak beste, Artur Mas presidentea eta Ferran Mascarell Generalitateko kontseilaria eta kirol munduko hainbat pertsona ezagun batu ziren. Filma proiektatu aurretik, Xavi Torras kazetariak hartu zuen hitza, Cruyffen ibilbidea Kataluniako prozesuarekin lotzeko: “Cruyffek dio: ‘Zerbait nahi baduzu, egin ezazu’. Jendeari iritsi zaion garaipenaren espiritua erakutsi zigun. Azaroaren 9an, lana dugu”. Masek, berriz, Torrasek zabaldutako bideari eutsi zion: “Zerbait nahi baduzu, egin ezazu. Horixe da, hain zuzen ere, Kataluniak egiten duena. Cruyffek gauza handiak egin daitezkeela erakusten digu”. Edonola, xehetasun bat zehaztu nahi izan zuen presidenteak: “Filma Azken partida deitzen da. Gu oraindik ez gaude azken partidan. Aro erabakigarri batera pasatzea ahalbidetuko digun partidan gaude. Baina partida ez bada ongi ateratzen, aroa ez da erabakigarria izango”. Eta Torrasek, presidenteari baimena eskatuz, aurreko adierazpenak zehaztu zituen: “Azken lagun arteko partida izango da. Hemendik aurrera, partida ofizialak”. Eta txaloek amaiera eman zioten ekitaldiari.