Safiye Alagas: «Gobernariek amesgaizto bat dute: emakumeak!»

Jin News emakumeen agentziako zuzendari Safiye Alagasen gutuna, Diyarbakirko emakumeen kartzelatik.


Maiteok:

Emakumeen borrokan parte hartzen duzunean, jomugan jartzen zara ezbairik gabe. Emakumeak libre ez izatea nahi dutenek edozein erasobide erabiltzen dute zu kikiltzeko. Indarkeriaz baliatzen dira, atxilotu eta atzitu egiten zaituzte, gurekin egin zuten bezala, Jin Newseko kazetariokin. Gizarte esaneko eta otzan bat sortzeko egiten dute eraso. Umeen gogoari ere erasotzen diote, haien iragana, oraina eta etorkizuna ziurgabeak izan daitezen. Hala egin beharra dute; izan ere, bestela, gain behera etorriko da haien gobernua. Gazteei, adibidez, beldur handia diete. Isilarazi egin nahi dituzte, zeren, gazteak matxinatzen badira, mundu guztira zabaltzen baita iraultza. Gazteek altxatzera bultzatzen dituzte besteak. Gobernarien amesgaiztoa dira. Horregatik, gobernariek beti egiten dute gazteek heziketarako, lanerako eta bizitzarako duten eskubidearen kontra.

Emakumeen aurkako gerra

Gobernariek amesgaizto bat dute: emakumeak! Emakumeei diete beldurrik handiena. Emakumeen izate osoa moldatu nahi dute, azazkaletatik hasi eta ileraino. Denean esku hartu nahi dute: zer jantzi behar duten, zer edan, zer harreman izan, zenbat ume eduki, norekin eta nola ezkondu, etxean zer bizimodu izan, zer lan egin, makillatu edo ez makillatu… Gerran daude emakumeekin.

Borroka dugu arimaren bazka. Borroka egitean, gure egoerarik naturalenera itzultzen gara. Borondate bilakatzen gara, botere bilakatzen gara, bizimodu koloretsu bat sortzen dugu. Eta are garrantzitsuagoa dena: munduan nonahi gaudela, guk, emakumeok, besteen arima ukitzen dugu. Ez diegu uzten bizimodu glamourrez beteak eskainiz engaina gaitzaten. Izarren distirak ez gaitu itsutzen. Guk, emakumeok, promes isilak egiten ditugu, oihuka esaten ditugu gure promesak; elkarri begietara begiratu, eta zin egiten dugu: ez dugu borroka utziko harik eta gizartean gure lekua aurkitu arte. Ez dugu etsiko gure libertatea eskuratu arte. Libertatea dugu helburu goren eta gailen.

Eroriz gero, berriro saia

Gure emantzipazioak ez du inolako zerikusirik printze urdinarekin. Ez gara zain geldituko printze urdina noiz etorriko gu salbatzera. Gainera, gure historiari erreparatuta, ondotxo dakigu printze urdinak esklabotza are handiagora eta arazo are handiagoetara azpiratu gaituela. Badugu nahikoa eskarmentu kontu honetan.

Emakume gisa, geure kabuz zaldian ibiltzen ikasten dugu, printze urdinaren laguntzarik gabe. Borrokaren bidez ikasten dugu hori. Gure borrokan zalditik erortzen bagara, zutitu eta berriz igotzen gara. Erortzen garen aldiro, atzera ere saiatzen gara.

Gu, emakumeok, zaldiaren beraren bila gabiltza, ez printze urdinaren bila. Ez gaude zain zaldiak gu noiz aurkituko. Gu goaz haren bila.

Emakumeen askapena

Nora joan nahi dugu aurkitzen dugunean? Baso baterantz, bizi-bizi lauhazka. Arnasarik hartu gabe, basoaren alderik ilun eta urrunenera joan nahi dugu. Basoko korridorerik ilunenak ibili nahi ditugu, eta, azkenean, mendiak eta ibaiak aurkitu. Gure historia ilunpetan utziarekin topo egin nahi dugu. Azken batean, gure barrenarekin topo egiteko bidaia bat da. Emakumeen historia ilunpetik argitara ateratzen denean, gizartea libre izango da, emakumeak bezalaxe.

Horixe dute kezkagai nagusia gure garai honetako gobernariek. Ez dute nahi ez emakumeak eta ez gizartea emantzipatzea. Horregatik, haiek erasotzen diete gehien emakumeei: batzuetan leun, besteetan bortitz. Orotariko erasoak egiten dituzte, kikildu zaitezen.

Jin Newsen kontrako akusazioak

Indarkeriaz baliatzen dira, atxilotu eta atzitu egiten zaituzte, gurekin egin zuten bezala, Jin Newseko kazetariokin. Jin Newserako Interneteko sarbidea dozenaka aldiz blokeatu dute. Baina, ikusten duzuen bezala, Jin Newsek ez zuen bertan behera utzi borroka, eta erasoa are handiagoa izan zen orduan. Koldarrak behin eta berriz hiltzen dira hil aurretik. Alferrekoak dira egiten dizkiguten erasoak: eraso ahala murrizten dira.

Emakumeen borroka ez da etengo

Jin Newsek ekarpen handia egin dio emakumeen kazetaritzari, eta Turkiako emakumeen borrokaren zutarri garrantzitsuenetako bat da. Ikuspegi berri bat eman dio kazetaritzari. Kazetaritzako lengoaia maskulinoaren alternatiba garrantzitsu bat da. Horrexegatik babestu beharra dago. Uste dut Europako emakume guztiek babestuko dutela Jin News, zeren, sakon-sakonean, emakumeen borrokari ari baitzaizkio erasoan, ez Jin Newsi. Emakume guztiek ondo dakite hori. Berriro diot: emakumeen borroka ezin da eten.

Besarkada bat, kartzelatik

Aziz Oruç: «Kazetariak gara: ezin gaituzte isilarazi»

Turkiako krisi ekonomikoa sakonagoa da egunez egun, herritarren erosahalmena gero eta txikiagoa da, eta langabezia, gero eta handiagoa. Pobrezia gailentzen ari da, patua gailentzen den bezala. Ziurgabetasuna handituz doa, elur bola baten antzera. Hauteskundeak gertu daude, eta alderdiak prestatzen ari dira. Datorren prozesuak eta gertakari politikoek erakutsiko digute zer pasatuko den.

Baina nabarmendu beharra dago geure etorkizunaren inguruan erabaki dezakegula, eta ez dugula politikarien esku utzi behar: ahalegin handiagoa egin behar dugu, eta borrokatu. Gure hitzaren ahalmenean sinetsi behar dugu. Bestela, are okerrago egongo gara. Politikariek krisi ekonomikoa jotzen dute herrialdearen arazo nagusitzat, baina ez dugu ahaztu behar arazo nagusiak beste batzuk direla: demokratizazioa, askatasunen murrizketa eta giza eskubideak. Zapalkuntza areagotuz doan eta askatasunak mugatuz doazen herrialde batean, ezinezkoa da ongizatea eskuratu eta krisi ekonomikotik ateratzea.

Alderdi politikoak hasiak dira promes itxuragabeak egiten. Gobernuak edo oposizioak oinarrizko arazoa ondo diagnostikatu ezean, ezingo diote luzarorako irtenbiderik eman ezein arazori. Ezinezkoa da egungo arazoei luzarorako konponbideak aurkitzea «kurduen auzia» ebatzi gabe.

Prentsa askatasuna

Prentsa askatasuna da herrialde baten oinarri nagusietako bat. Kazetariek, atxilotuak izateko arriskurik gabe, aske idatzi eta informatzeko aukera duten toki bat. Adierazpen eta pentsamendu askatasunak bermatuta egon behar du konstituzioan. Zoritxarrez, oso zaila da Turkian prentsa askatasunaz aritzea. Eztabaidagai izan da urteetan, baina orain arte ez zaio irtenbiderik eman. Kazetariak beti izan dira atxilotuak, mehatxatuak eta zentsuratuak. Horrek ondo azaltzen du zertan diren gaur egun herrialdea eta gure kasua.

Ez dago fiskalik akusazio gehiago fabrikatzeko

Urteetan, gobernuek desitxuratu egin dituzte gertakariak, eta erretorika hau zabaldu: «Turkian ez dago kazetaririk espetxean». Arazo hori konpontzen saiatu beharrean, errealitatea ukatu dute. Oxala, gure lagun kazetarietako bat bera ere ez balego kartzelan. Nahiago nuke gutun hau espetxe batetik idatzi ez banu, baina, egia esan, bi hilabete daramatzat kartzelan. Ekainaren 16an, hamasei kazetari atxilotu zituzten Diyarbakirren. Bidegabeki espetxeratuta egon gara bi hilabetez. Sumarioa sekretupean gordetzeko agindua emana dago, eta jada ez dago fiskal bakar bat ere akusazioa idazteko; izan ere, gu atxilotzeko agindu zuena goragoko maila batera igo zuten atxiloketen ondoren.

Gure lanbidea defendatzen dugu

Urteetako lan esperientzia duten hamasei kazetari legez kanpo espetxeratu zituzten. Hamasei kazetari atxilotzeak ez du inongo arazorik konpontzen, eta argi erakusten du nolakoa den prentsa askatasuna herrialde honetan. Gertakariak ezin dira isilarazi atxiloketen eta errepresioaren bitartez, eta kazetariek ez dute atzerapausorik emango. Prentsa libreak tradizio luzea izan du herrialdean. Kazetariek garesti ordaindu dute. Tradizio hori ez da amaituko gu atxilotuta, eta egia ez da isilaraziko. Uste dugu gure kideek benetako kazetaritza egingo dutela aurrerantzean ere. Gauden lekuan gaudela, gure kazetaritza defendatuko dugu, eta ez dugu inoiz egia arriskuan jarriko.

Lerro hauek idazten ari nintzela, ziegako leihotik alanbrezko hesiari begira, albiste bat entzun dut, azpiko ziegako telebistatik zetorrena. Halako albisteek hunkitu egiten gaituzte espetxean, hemen mugatuta baitauzkagu telebista kateak: «Kazetari Turkiarren Elkarteak (TGC) Diyarbakirren atxilotutako hamasei kazetariei eman die aurtengo saria». Zoriontsu eta harro sentiarazi ninduen. Baina nabarmendu nahi nuke kazetariak garela eta ez diogula inori demostratu behar. Espetxean kazetaririk ez dagoela esaten dutenei erantzuteko balio du sari honek. Deliberamendu berarekin defendatuko dugu kazetaritza. Egia idatzi eta ezagutaraziko dugu, eta herriaren ahotsa izango gara.

Elkartasunerako deia

Elkartasuna zein garrantzitsua den jabetu gara berriz ere. Elkartasun sarea zabaldu behar genuke, «kanpotik barrura, barrutik kanpora». Lotura estuagoa izan behar da kartzelatutako kazetariekin, eta kasu handiagoa egin behar zaio haien ahotsari. Elkarrekin, lor dezakegu, eta zailtasunei aurre egin.

Eskerrak eman nahi dizkiegu lagun, elkarte eta kazetari erakunde guztiei erakutsitako elkartasunagatik.

Gertatutako guztia gorabehera, ondo ari gara, indartsuak gara, eta garrantzitsuena: arrazoi dugu. Irrikan gaude Turkian zapalkuntza bukatu eta berriz idazten hasteko. Kazetariak gara, arrazoi dugu, kartzelatik aterako gara, eta lanean hasiko gara berriz. Espero dut laster elkartuko garela, aske.

Omer Çelik

Omer Çelikek eskutitz bat idatzi du Kazetari kurduak itzalpetik blogerako, eta, epaileak konfiskatu arren, BERRIAra ailegatu da azkenean. Eskutitz horretan, Çelikek dio ekainean atxilo hartutako kazetarien kasua praktika judizial klasiko baten adibidea dela, eta, hain zuzen, praktika hori «gillotina mugikor» bilakatu dela.

Nire bakartze ziegatik, agur bero bat denei. Edozein garai eta lekutan, kidetasuna eta adiskidetasuna agur bero eta txeratsu bat dira beti, deus baino lehen. Bertze behin, nahiz eta kanpokoarekin jada ez dagoen halako alderik, barrenetik agurtuko ditut ongiarekin, justiziarekin eta edertasunarekin amesten dutenak, helburutzat daukatenak pareta eta burdinazko ate guziak eraistea: bide horretan gabiltza. AKPren gobernuak, zeinek agintean emandako hogei urteetan amildegira eraman baikaitu, modu arrunt arbitrarioan aplikatu eta definitu izan ditu legeak, eta oraindik ere hala egiten du. Baina uste dut oraingoan, gu atxilo hartuta, jauzi bat egin duela aitzinera. Gure kasua zera da, praktika judizial klasiko bati jarraikiz gillotina mugikor bihurtu den eraso baten azken adibidea. Kazetari kurduek eta prentsa librean dihardutenek uko egin diote isiltzeari, jendearekin eta gizartearekin duten erantzukizuna aldarrikatzen eta defendatzen baitute, eta, ondorioz, Turkiako gobernuen jomugan egon dira urteetan eta urteetan. Nolanahi ere, prentsa librearen aurkako errepresioa hainbertzekoa da, ezen beharrezkoa baita errepresio horren ezaugarrietako batzuk azpimarratzea eta ulertzea.

Dozenaka poliziak gure etxeak miatu –hobeki erranda, txikitu– ondotik, handik aterarazi eta komisariara eraman gintuzten, eta ez genekien zergatik atxilotu gintuzten ere, ez guk gerok, ez gure abokatuek. Behin eta berriz erran ziguten ikerketa «konfidentziala» zela, eta jakin genuen zenbait hedabide ofizial hasiak zirela gezurrak saltzen informazioa balira bezala.

Leporatu ziguten botereak ezarritako politiken aurkako pertzepzio bat sortu genuela gizartean, eta, aldi berean, esku beltz ezagun bat lanean hasia zen gure inguruko irudi jakin bat zabaldu zedin. Hau da: markatuak ginen komisariara ailegatu baino lehen ere; deklaratzera deitu izan bagintuzte, gure gogoz joanen ginatekeen: ez zegoen inolako beharrik sekulako polizia operazio bat antolatu eta haren bidez gu kriminal arriskutsu gisa agerrarazteko.

Orain, hemen barrenean, zaila da zehazki jakitea zer dokumentu zabaltzen diren kanpoan eta zer erraten den guri buruz. Halarik ere, bada zerbait gure lankideei ez zitzaiena oharkabean pasatu: lehenbiziko auzi saioaren ondotik, fiskalak gure albisteak erabili zituen froga gisa, hau da, guk idatzitako testuak; horietako batzuk, gainera, duela zenbait hilabete argitaratuak ziren.

Fiskalaren bulegora eraman gintuztenean, gu atxilotu eta handik zortzi egunera, gutako inork ez zuen gure kontrako konplota geldiaraziko zen esperantzarik. Izan ere, bertzeak bertze, ikerketa egiteko aukeratutako fiskalak erabaki zuen sumarioari buruzko informaziorik ez ematea gure abokatuei.

Gainera, Bismilgo fiskala Diyabakirko auzitegira bidali zuten aldi baterako, eta haren esku utzi zuten gure espedientea, lan judizialaren parterik garrantzitsuena. Ez zen zaila ulertzea espresuki eman ziotela hari. Hain justu, haren bulegora sartu ginelarik, han zegoen fiskala, atorra xuri bat eta jaka gorri bat jantzita, ilargi erdia eta izarra lepoan, adiskidetasun izpirik ez begietan. Luze gabe ohartu nintzen arrunt alferrikakoak izan zirela gure kontrako karguen harira emandako erantzun guziak.

Gertaera tragikomiko bat ere izan zen, gure lagun kamerari bat gutako batekin nahasi baitzuten, eta baieztatu ihesean zihoalarik harrapatu zutela. Egiatan, baina, ez zen haiek bilatzen zutena, eta, gainera, Cizre hirian egindako filmaketa batetik bueltan zetorren. Azkenean, 30 ordu baino gehiagoren buruan, askatu egin zuten.

Gutako bakoitza galdekatu ondoan, auzitegira eraman gintuzten, preso sartzeko; gure lagunetako bat izan zen salbuespen bakarra, kontrol judiziala eskatu baitzuten harentzat. Egoera ez zen hagitz bertzelakoa izan auzitegiko aretoan. Gure espedientearen instrukzioa egin zuen epailearen aginduz, atxilotu eta preso hartu gintuzten, denetara hamasei lagun: kazetariak, telebista aurkezleak, kamerariak eta ekoiztetxeetako exekutiboak. Tratu txarrak eman zizkiguten polizia etxean, epaitegian eta galdekatze prozesu guzian; liskarren aurkako Poliziaren autobusaren barrenean egonarazi gintuzten epailearen aginduz, epaitegietako aparkalekuan; jazarri egin zitzaizkien gure senideei, eta hori guzia, bertzeak bertze, ezkutuan gelditu da.

Legez kontrako jokabideen gurpil zoro honetan, eskerrak eman nahi dizkiet ahotsa altxatu duten guziei: gure ahotsa zarete. Orain, ezinbertzekoa da denek bat egitea egia gillotinatu gogo duen gobernu horren kontra, egiaren beldur baita, eta ez baitu nahi egia jakin, aditu eta zabaldu dadin. Eta horregatik ari da zentsura lege berri bat onartzeko lanean.

Gure ahotsak zenbat eta ozenagoak izan, orduan eta indartsuago aurre egiten ahalko diogu atzo bezala gaur ere gertatzen ari zaigunari, bai bizi izandakoari eta bai biziko dugunari ere. Ahots bakar bat izan gaitezke, arrazakeria instituzional, linguistiko, erlijioso eta politikoaren aurkako tresna bat. Horrela baizik ez gara izanen gure ofizioaren eta gure jendearen zerbitzari leial. Agur eta besarkada txeratsu eta solidario bat, luze gabe bertzelako mundu bat posible izanen delakoan.

Aziz Oruç

Aziz Oruç, MA Mesopotamia albiste agentziako editorea, kartzelan dago Diyarbakirren (Amed), «erakunde terrorista bateko kide» izatea leporatuta. Oruçek testu hau bidali dio BERRIAri.

Berriz ere atxilotu naute nire kazetari jardunagatik. Nire kide kazetariak bezala, ni ere legez kanpo atxilotu naute. Beste dozenaka mila pertsonari bezala, gobernuak jazarri egin dit. Kartzela eta errepresioa ez dira errazak eramaten. Nahiago nuke hain garesti ordaindu behar izan ez bagenu, baina, kazetaritzaz eta egiaz den bezainbatean, ez zaigu damutzen egindakoa.

Nire emaztea eta bi seme-alabak ere gorriak ikusten ari dira atxilotu nautela eta. Hala ere, seguru nago elkartasunari esker ere lortuko dugula zailtasun hauek gainditzea.

Konfidentzialtasunari eusteko agindu bat dago nire espedientean. Fiskalarenean deklaratzen izan ginenean, jakin genuen delitutzat jotzen zirela ez soilik gure albisteak eta telebista programak, baizik eta baita elkarrizketetan egiten genituen galderak berak ere. Konturatu ginen gure krimena zera izan zela: kazetaritza egitea. Nik neuk urtebete pasatxo neraman Kalearen soinua izeneko telebista programa bat egiten, eta poliziek atal guztiak ikusi dituzte, nire galderetan delitu zantzuren bat aurkitzeko. Hori gutxi ez, eta Poliziak gazte bat atxilotu du nirekin hitz egite hutsagatik. Ispartan atxilotu zuten, eta egunak eta egunak egon behar izan zuen zain, zergatik atxilotu zuten ere ez zekiela. Debekatuta dago galderak egitea, baita erantzutea ere. Horrek berak ederki erakusten du nola gauden.

Baina gure lagunetako inork ere ez du deliturik egin, eta den-denak dira kazetari itzaltsuak. Urteak daramate kazetaritzan lanean. Kazetaritzan aritzeagatik atxilotu dituzte. Eta helburua da ez uztea beren lana egiten. Prentsa librearen tradizioari segitzen dioten kazetari ausarten kontrako operazio bat da. Prentsa kurduaren ahotsa isilarazi nahi dute. Kurduen eta kazetari kurduen bitartez, estatua mezu bat bidaltzen ari zaio Mendebaldeari. Nik ere mezu bat bidali nahiko nuke hemendik: bat eginda ekin behar diogu, ez bereizita. Elkartasunez jokatu behar dugu, gure txanda noiz iritsiko zain egon gabe. Beldurrik gabe idatzi behar dugu, eta besteen ahotsa izan. Bestela, argi dago zer gertatuko den.

Galdetzea bera delitutzat jotzen dute. Agintariek behin eta berriz egiten dituzte honelako galderak: «Zer esan nahi duzu kurduen auziaz ari zarenean?»; «Badago kurduen auzi bat?»; «Zergatik egin dituzu galderak atxilotuen inguruan?»; «Zergatik egin dituzu galderak bakartzearen inguruan?»; «Zergatik egin dituzu galderak operazio militarren inguruan?». Zer galdetuko du, bada, kazetari batek? Galderak egiten segituko dugu. Van-eko helikopteroaren kasuan [Turkiako poliziek atxilotutako bi gizon helikoptero batetik bota zituztela salatu zuten 2020an; haietako bat hil egin zen. Nazioarteko erakundeek ikerketa bat eskatu diote gobernuari], zera galdetu zieten gure lagunei: «Zergatik ez dituzue egiten albiste sentsazionalistak eta kirol albisteak?».

Azkenean, hiru aste baino gehiago itxaron ondoren, besarkatu ahal izan ditut nire seme Aren eta nire alaba Nisa. Galdetu didate: «Aita, albisteak egiteagatik zaude kartzelan?». Eta nik, baietz: albisteak egiteagatik sartu nautela kartzelan. Hori dela albisteak egitearen ordaina. Baina esan diet laster itzuliko naizela etxera.

Elkarrekin egin behar dugu bide hau, eta espero dut elkarrekin topo egingo dugula, berriz ere, libre gaudenean. Elkartasuna izugarri garrantzitsua da guretzat. Agur bero bat, eta eskerrik asko BERRIAko kide guztiei.

Abdurrahman Gok

Abdurrahman Gok kazetari kurduari urte eta erdiko espetxe zigorra ezarri zioten ekainaren 30ean, Ameden —Diyarbakir turkieraz—, leporaturik «erakunde terrorista baten propaganda egitea», PKK Kurdistango Langileen Alderdiari modu inplizituan aipamena eginez. «Erakunde terrorista bateko kide» izatea ere leporatu zioten, baina horretan absoluzioa eman zioten.

Gok fotokazetaria da, eta ezaguna gainera, hark dokumentatu zuelako Kemal Kurkut ikasle gaztearen heriotza. Polizia batek hil zuen Kurkut, tiroka, 2017ko martxoan kurduen Urteberri egun Newroz zela-eta Ameden egiten ari ziren ospakizunetan. Gokek zortzi argazkiko sekuentzia bat egitea lortu zuen, eta, haren bitartez, gezurtatuta geratu zen bertsio ofiziala, zeinaren arabera «terrorista suizida bat» baitzen Kurkut. Hala eta guztiz ere, absolbitu egin zuten ikasle gaztearen hiltzailea.

2018ko urrian hasitako ikerketa baten ondorioz akusatu dute Gok. Urte hartan, Turkiako Fiskaltza Nagusiak agindua eman zuen zenbait talde kurduren berrehun jabetza inguru ikertzeko, baita hedabide batzuk eta HDPren lokalak ere. 141 lagun atxilotu zituzten, eta beste 25 atxilotze agindu eman ere bai, «terrorismo» akusazio lausoetan oinarriturik. Orduko hartan, Gok ere atxilotu zuten, eta handik lau egunera utzi zuten libre, herrialdetik irtetea judizialki debekatuta.

Epaiketan, fotokazetariak aurre egin zion «propaganda terrorista» egin izanaren akusazioari, argudiaturik bere lana dela Siria iparraldean Estatu Islamikoaren kontra egiten ari diren borrokaz informatzea. Gokek azpimarratu zuen oso garrantzitsua dela kazetariak egotea gerra eremuetan, eta zera erantsi zuen: «Gatazka guneen inguruko txostenak lagungarri izan ziren, halaber, gerra kriminalak frogetan oinarrituta eramateko justiziaren aurrera. Halako egoeretan, kazetariek krimenak dokumentatu ditzakete, giza eskubideak babesten lagundu, lege zigorrak segurtatu, eta nazioartearen elkartasuna piztu». Kazetariak tinko esan zuen argazkiak Kobanen atera izana —Estatu Islamikoak setiatutako hiri batean— ez dela aski froga ebazteko krimen bat egin zuela.

Serdar Altan eta Safiye Alagas

Ekainaren 8an atxilotu zituzten kazetarietako bat da Serdar Altan, DFG Dicle Firat kazetarien elkarteko presidentekidea.

Serdar Altan

«Gobernua ahaleginean ari da boterean segitzeko, gertatutakoak gordez eta jendeari egia ezkutatuz. Horregatik erasotzen die kazetariei eta hedabideetako langileei. AKP-MHPren gobernuak bere ilegaltasunak eta praktika gizagabeak ezkutatu nahi dizkio iritzi publikoari, eta horregatik egiten ditu halako operazioak kazetarien kontra. Kazetariak atxilotu, atxilotzen dituzte, baina prentsa librearen tradizioa ezin da isilarazi halako praktika ilegalen bitartez. Prentsa librearen tradizioa beti izan da egia kontatzea, eta horretan segituko du gero ere. Kazetaritza ez da delitua».


Safiye Alagas Jin News emakumeen albiste agentziako zuzendaria da. Ekainaren 8an atxilotu zuten bera ere.

Safiye Alagas

«Esan nahiko nuke zutik gaudela oraindik, nahiz eta gobernuak eta agintari judizialek prentsa librearen tradizioaren kontra jo. Errealitatetik bertatik ateratzen dugu indarra. AKP-MHPren gobernuak ezin digu galarazi, bere jarreren eta praktiken bidez, gure lanbidean jardutea. Ezin dute erabaki kazetariak garen edo ez garen. Esaten dute ez garela kazetariak, baina bagara, eta gure lanean segituko dugu. Emakume kurduen kazetaritzak bide berriak urratu ditu. Jin News eragin handiko agentzia bat da, emakumeen kazetaritza egiten duena hala Turkian nola Ekialde Hurbilean. Emakume kurduen kazetaritza antolatu zenetik, gobernuak estu hartu ditu kazetari emakumezkoak; horixe da operazio honen motiboetako bat. Berretsi nahi dut uste osoa dugula gure lanean».

Gobernuaren jazarpena jasan duten kazetariak Turkian

Hileko txostena, Turkian ekainean kazetarien eskubideen kontra egindako urraketei eta prentsa askatasunari buruzkoa (iturria: Tigris-Eufrates Kazetari Elkartea, DFC)

https://youtu.be/ChMCg2S3UrM

Ekainaren 8an, Turkiako Poliziak operazio bat egin zuen zenbait kazetariren eta komunikabideren kontra, Diyarbakirko fiskalak aginduta —kurdueraz, Amed, Turkiaren mendeko Kurdistango hiriburua—, eta hogei kazetari atxilotu zituzten azkenean: Serdar Altan, Safiye Alagas, Gulsen Koçuk, Aziz Oruç, Omer Çelik, Suat Doguhan, Ramazan Geciken, Esmer Tunç, Nese Toprak, Zeynel Bulut, Mazlum Guler, Mehmet Sahin, Elif Ungur, Ibrahim Koyuncu, Remziye Temal, Mehmet Yalçin, Abdurrahman Oncun, Mehmet Ali Ertas, Lezgin Akdeniz eta Kadir Bayram.

Kaltetutako komunikabideen artean, bi berri agentzia daude —Mezopotamya agentzia (MA) eta Jin News emakumeen albiste agentzia—, kurduerazko egunkari bat (Xwebûn) eta hiru ekoiztetxe (Piya, Ari eta Pel).
Akusatu eta eragindako komunikabide guztiei hauxe leporatu diete, modu generikoan: «Talde terrorista bateko kide izatea».

Blog honetan, argitara emango ditugu kartzelatutako kazetariok BERRIAri bidalitako testuak. Kazetaritza ez baita krimen bat, eta elkartasunak esan nahi baitu plaza eman behar zaiela isilarazita eta idatzi ezinik utzi nahi dituzten horiei.

25 kazetariri eraso fisikoak egin dizkiete.
25 kazetariri miatu die etxea Poliziak.
35 kazetari atxilotu dituzte.
49 kazetariri abusuak egin dizkiete.
35 kazetariren lana blokeatu dute.
27 kazetari daude ikerketapean.
5 kazetari auzibidean dira.
10 kazetari zigortu dituzte.
4 kazetari espetxeratu dituzte; guztira 18 urte, 6 hilabete eta 12 egun.
6 kazetariri isuna jarri diete.
156 kazetari epaitzen ari dira, 71 epaiketatan.
4 argitaratze debeku.
12 notizia, blokeaturik.
76 kazetari daude espetxean (2022ko uztailaren 1ean):

  1. Abdulkadir Turay, Dicle berri agentziako korrespontsala.
  2. Abdurrahman Oncu, kameraria.
  3. Ahmet Metin Eightkardes, Zaman egunkaria.
  4. Ahmet Uzan, Sabah Egeli egunkariko albiste zuzendaria.
  5. Alaattin Akkasoglu, Akis egunkariaren jabea.
  6. Ali Ahmet Boken, TRTko berri koordinatzailea.
  7. Ali Asikar, Azadiya Welat egunkaria.
  8. Ali Unal, Zaman egunkariko zutabegilea.
  9. Aytekin Gezici, kazetari eta idazlea.
  10. Aziz Oruç, Mezopotamya agentziako editorea.
  11. Baran Karadag, Azadiya Welat egunkariko langilea.
  12. Cengiz Dogan, Mavi and Kent egunkariko editore nagusia.
  13. Cihan Acar, Today egunkariko korrespontsala.
  14. Çetin Çiftçi, Today egunkariak parlamentuan duen berriemailea.
  15. Devrim Ayik, Free People aldizkariko langilea.
  16. Dilan Playas, Azadiya Welat egunkariko langilea.
  17. Elif Ersoy, Walking Journal-eko editore nagusia.
  18. Elif Ungur, aurkezlea.
  19. Ercan Gun, Fox TVko albiste zuzendaria.
  20. Erdal Susem, Eylul aldizkariko editorea.
  21. Erhan Akkus, Today telebistako esataria.
  22. Erol Zavar, Odak aldizkariaren jabea eta editore nagusia.
  23. Fatih Ozgur Aydin, Arti Ivme aldizkariko zuzendari editoriala.
  24. Ferhat Çiftçi, Azadiya Welat Antep egunkariaren ordezkaria.
  25. Fevzi Yazici, Zaman egunkariko kazetaria eta idazlea.
  26. Gokhan Gumus, Azadiya Welat egunkariaren Dersimgo ordezkaria.
  27. Gultekin Avci, Today egunkariko zutabegilea.
  28. Harun Resit Çumen, Zaman egunkariko editore nagusi ohia.
  29. Hasan Tasar, TRTko Ankarako korrespontsala.
  30. Hatice Duman, Atilim egunkariaren jabea eta editore nagusia.
  31. Hudaverdi Yildirim, Can Erzincan telebistako erredaktorea.
  32. Ibrahim Halil Ozturkeri, TRTko produkzio eta irratigintzako zuzendari ohia.
  33. Ibrahim Karakas, Yeni Yasam egunkariko langilea.
  34. Ibrahim Koyuncu, kameraria.
  35. Ismail Çoban, Azadiya Welat egunkariko editore nagusi ohia.
  36. Kamuran Sunbat, Dicle berri agentziako Çukurovako korrespontsal ohia.
  37. Kenan Karavil, Radio World-eko editore nagusia.
  38. Lezgin Akdeniz, kameraria.
  39. Lokman Gezgin, kazetari independentea.
  40. Mahmut Gulecan, Ozgur Halk aldizkariko editorea.
  41. Mazlum Dogan Guler, kameraria.
  42. Mehmet Baransu, Taraf egunkariko kazetaria.
  43. Mehmet Ali Ertas, Xwebûn-eko editore nagusia.
  44. Mehmet Sahin, saio aurkezlea.
  45. Melih Gasgar, Cihan Balikesir berri agentziako korrespontsala.
  46. Miktat Algul, Mezitli FM-ko editore nagusia.
  47. Murat Capan, Nokta aldizkariko editorea.
  48. Mustafa Gok, Ekmek ve Adalet aldizkariaren Ankarako ordezkaria.
  49. Mustafa Unal, Zaman egunkariko kazetaria.
  50. Nedim Turfent, Dicle berri agentziako korrespontsala.
  51. Nese Toprak, aurkezlea.
  52. Osman Çalik, Samanyolu News Radioko transmisio zuzendaria.
  53. Omer Çelik, Mezopotamya agentziako editorea.
  54. Ozcan Keser, TRTko Estambulego kazetaria.
  55. Ozden Kinik, TRTko langilea.
  56. Ozlem Seyhan, Jin Newseko editorea.
  57. Ramazan Geciken, kameraria.
  58. Recai Morkoç, Cihan berri agentziako Antalyako eskualde bulegoko editorea.
  59. Remziye Temel, finantza aholkularia.
  60. Rifat Soylemez, Adana News egunkariaren jabea.
  61. Safiye Alagas, Jin Newseko zuzendaria.
  62. Sami Tunca, Mücadele Birliği egunkariko editore nagusia.
  63. Semih Elitas, Azadiya Welat egunkariko langilea.
  64. Serdar Altan, Dicle Firat kazetari elkarteko kopresidentea.
  65. Serkan Sedat Guray, Burc FM saioaren ekoizlea.
  66. Sertan Onal, Halkin Gunluğu egunkariko kazetaria.
  67. Seyithan Akyuz, Azadiya Welat egunkariaren Adanako ordezkaria.
  68. Sibel Mustafaoglu, Azadiya Welat egunkariko langilea.
  69. Suat Doguhan, kameraria.
  70. Turgut Usul, TRTko korrespontsala.
  71. Tulay Canpolat, Sabah egunkariko Ankarako korrespontsala.
  72. Ugur Yilmaz, Bitlisko Udaleko prentsa bulegoaren albiste atariko kazetaria.
  73. Vahit Yazgan, Zaman egunkariaren Egeoko ordezkaria.
  74. Zafer Ozcan, Today egunkariko ekonomia saileko editorea.
  75. Zeynel Abidin Bulut, saio aurkezlea.
  76. Ziya Ataman, Dicle berri agentziako korrespontsala.