Ekainaren 8an atxilotu zituzten kazetarietako bat da Serdar Altan, DFG Dicle Firat kazetarien elkarteko presidentekidea.

Serdar Altan
«Gobernua ahaleginean ari da boterean segitzeko, gertatutakoak gordez eta jendeari egia ezkutatuz. Horregatik erasotzen die kazetariei eta hedabideetako langileei. AKP-MHPren gobernuak bere ilegaltasunak eta praktika gizagabeak ezkutatu nahi dizkio iritzi publikoari, eta horregatik egiten ditu halako operazioak kazetarien kontra. Kazetariak atxilotu, atxilotzen dituzte, baina prentsa librearen tradizioa ezin da isilarazi halako praktika ilegalen bitartez. Prentsa librearen tradizioa beti izan da egia kontatzea, eta horretan segituko du gero ere. Kazetaritza ez da delitua».
Safiye Alagas Jin News emakumeen albiste agentziako zuzendaria da. Ekainaren 8an atxilotu zuten bera ere.

Safiye Alagas
«Esan nahiko nuke zutik gaudela oraindik, nahiz eta gobernuak eta agintari judizialek prentsa librearen tradizioaren kontra jo. Errealitatetik bertatik ateratzen dugu indarra. AKP-MHPren gobernuak ezin digu galarazi, bere jarreren eta praktiken bidez, gure lanbidean jardutea. Ezin dute erabaki kazetariak garen edo ez garen. Esaten dute ez garela kazetariak, baina bagara, eta gure lanean segituko dugu. Emakume kurduen kazetaritzak bide berriak urratu ditu. Jin News eragin handiko agentzia bat da, emakumeen kazetaritza egiten duena hala Turkian nola Ekialde Hurbilean. Emakume kurduen kazetaritza antolatu zenetik, gobernuak estu hartu ditu kazetari emakumezkoak; horixe da operazio honen motiboetako bat. Berretsi nahi dut uste osoa dugula gure lanean».