Abdurrahman Gok

Abdurrahman Gok kazetari kurduari urte eta erdiko espetxe zigorra ezarri zioten ekainaren 30ean, Ameden —Diyarbakir turkieraz—, leporaturik «erakunde terrorista baten propaganda egitea», PKK Kurdistango Langileen Alderdiari modu inplizituan aipamena eginez. «Erakunde terrorista bateko kide» izatea ere leporatu zioten, baina horretan absoluzioa eman zioten.

Gok fotokazetaria da, eta ezaguna gainera, hark dokumentatu zuelako Kemal Kurkut ikasle gaztearen heriotza. Polizia batek hil zuen Kurkut, tiroka, 2017ko martxoan kurduen Urteberri egun Newroz zela-eta Ameden egiten ari ziren ospakizunetan. Gokek zortzi argazkiko sekuentzia bat egitea lortu zuen, eta, haren bitartez, gezurtatuta geratu zen bertsio ofiziala, zeinaren arabera «terrorista suizida bat» baitzen Kurkut. Hala eta guztiz ere, absolbitu egin zuten ikasle gaztearen hiltzailea.

2018ko urrian hasitako ikerketa baten ondorioz akusatu dute Gok. Urte hartan, Turkiako Fiskaltza Nagusiak agindua eman zuen zenbait talde kurduren berrehun jabetza inguru ikertzeko, baita hedabide batzuk eta HDPren lokalak ere. 141 lagun atxilotu zituzten, eta beste 25 atxilotze agindu eman ere bai, «terrorismo» akusazio lausoetan oinarriturik. Orduko hartan, Gok ere atxilotu zuten, eta handik lau egunera utzi zuten libre, herrialdetik irtetea judizialki debekatuta.

Epaiketan, fotokazetariak aurre egin zion «propaganda terrorista» egin izanaren akusazioari, argudiaturik bere lana dela Siria iparraldean Estatu Islamikoaren kontra egiten ari diren borrokaz informatzea. Gokek azpimarratu zuen oso garrantzitsua dela kazetariak egotea gerra eremuetan, eta zera erantsi zuen: «Gatazka guneen inguruko txostenak lagungarri izan ziren, halaber, gerra kriminalak frogetan oinarrituta eramateko justiziaren aurrera. Halako egoeretan, kazetariek krimenak dokumentatu ditzakete, giza eskubideak babesten lagundu, lege zigorrak segurtatu, eta nazioartearen elkartasuna piztu». Kazetariak tinko esan zuen argazkiak Kobanen atera izana —Estatu Islamikoak setiatutako hiri batean— ez dela aski froga ebazteko krimen bat egin zuela.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

*