Aziz Oruç, MA Mesopotamia albiste agentziako editorea, kartzelan dago Diyarbakirren (Amed), «erakunde terrorista bateko kide» izatea leporatuta. Oruçek testu hau bidali dio BERRIAri.
Berriz ere atxilotu naute nire kazetari jardunagatik. Nire kide kazetariak bezala, ni ere legez kanpo atxilotu naute. Beste dozenaka mila pertsonari bezala, gobernuak jazarri egin dit. Kartzela eta errepresioa ez dira errazak eramaten. Nahiago nuke hain garesti ordaindu behar izan ez bagenu, baina, kazetaritzaz eta egiaz den bezainbatean, ez zaigu damutzen egindakoa.
Nire emaztea eta bi seme-alabak ere gorriak ikusten ari dira atxilotu nautela eta. Hala ere, seguru nago elkartasunari esker ere lortuko dugula zailtasun hauek gainditzea.
Konfidentzialtasunari eusteko agindu bat dago nire espedientean. Fiskalarenean deklaratzen izan ginenean, jakin genuen delitutzat jotzen zirela ez soilik gure albisteak eta telebista programak, baizik eta baita elkarrizketetan egiten genituen galderak berak ere. Konturatu ginen gure krimena zera izan zela: kazetaritza egitea. Nik neuk urtebete pasatxo neraman Kalearen soinua izeneko telebista programa bat egiten, eta poliziek atal guztiak ikusi dituzte, nire galderetan delitu zantzuren bat aurkitzeko. Hori gutxi ez, eta Poliziak gazte bat atxilotu du nirekin hitz egite hutsagatik. Ispartan atxilotu zuten, eta egunak eta egunak egon behar izan zuen zain, zergatik atxilotu zuten ere ez zekiela. Debekatuta dago galderak egitea, baita erantzutea ere. Horrek berak ederki erakusten du nola gauden.
Baina gure lagunetako inork ere ez du deliturik egin, eta den-denak dira kazetari itzaltsuak. Urteak daramate kazetaritzan lanean. Kazetaritzan aritzeagatik atxilotu dituzte. Eta helburua da ez uztea beren lana egiten. Prentsa librearen tradizioari segitzen dioten kazetari ausarten kontrako operazio bat da. Prentsa kurduaren ahotsa isilarazi nahi dute. Kurduen eta kazetari kurduen bitartez, estatua mezu bat bidaltzen ari zaio Mendebaldeari. Nik ere mezu bat bidali nahiko nuke hemendik: bat eginda ekin behar diogu, ez bereizita. Elkartasunez jokatu behar dugu, gure txanda noiz iritsiko zain egon gabe. Beldurrik gabe idatzi behar dugu, eta besteen ahotsa izan. Bestela, argi dago zer gertatuko den.
Galdetzea bera delitutzat jotzen dute. Agintariek behin eta berriz egiten dituzte honelako galderak: «Zer esan nahi duzu kurduen auziaz ari zarenean?»; «Badago kurduen auzi bat?»; «Zergatik egin dituzu galderak atxilotuen inguruan?»; «Zergatik egin dituzu galderak bakartzearen inguruan?»; «Zergatik egin dituzu galderak operazio militarren inguruan?». Zer galdetuko du, bada, kazetari batek? Galderak egiten segituko dugu. Van-eko helikopteroaren kasuan [Turkiako poliziek atxilotutako bi gizon helikoptero batetik bota zituztela salatu zuten 2020an; haietako bat hil egin zen. Nazioarteko erakundeek ikerketa bat eskatu diote gobernuari], zera galdetu zieten gure lagunei: «Zergatik ez dituzue egiten albiste sentsazionalistak eta kirol albisteak?».
Azkenean, hiru aste baino gehiago itxaron ondoren, besarkatu ahal izan ditut nire seme Aren eta nire alaba Nisa. Galdetu didate: «Aita, albisteak egiteagatik zaude kartzelan?». Eta nik, baietz: albisteak egiteagatik sartu nautela kartzelan. Hori dela albisteak egitearen ordaina. Baina esan diet laster itzuliko naizela etxera.
Elkarrekin egin behar dugu bide hau, eta espero dut elkarrekin topo egingo dugula, berriz ere, libre gaudenean. Elkartasuna izugarri garrantzitsua da guretzat. Agur bero bat, eta eskerrik asko BERRIAko kide guztiei.