Omer Çelik

Omer Çelikek eskutitz bat idatzi du Kazetari kurduak itzalpetik blogerako, eta, epaileak konfiskatu arren, BERRIAra ailegatu da azkenean. Eskutitz horretan, Çelikek dio ekainean atxilo hartutako kazetarien kasua praktika judizial klasiko baten adibidea dela, eta, hain zuzen, praktika hori «gillotina mugikor» bilakatu dela.

Nire bakartze ziegatik, agur bero bat denei. Edozein garai eta lekutan, kidetasuna eta adiskidetasuna agur bero eta txeratsu bat dira beti, deus baino lehen. Bertze behin, nahiz eta kanpokoarekin jada ez dagoen halako alderik, barrenetik agurtuko ditut ongiarekin, justiziarekin eta edertasunarekin amesten dutenak, helburutzat daukatenak pareta eta burdinazko ate guziak eraistea: bide horretan gabiltza. AKPren gobernuak, zeinek agintean emandako hogei urteetan amildegira eraman baikaitu, modu arrunt arbitrarioan aplikatu eta definitu izan ditu legeak, eta oraindik ere hala egiten du. Baina uste dut oraingoan, gu atxilo hartuta, jauzi bat egin duela aitzinera. Gure kasua zera da, praktika judizial klasiko bati jarraikiz gillotina mugikor bihurtu den eraso baten azken adibidea. Kazetari kurduek eta prentsa librean dihardutenek uko egin diote isiltzeari, jendearekin eta gizartearekin duten erantzukizuna aldarrikatzen eta defendatzen baitute, eta, ondorioz, Turkiako gobernuen jomugan egon dira urteetan eta urteetan. Nolanahi ere, prentsa librearen aurkako errepresioa hainbertzekoa da, ezen beharrezkoa baita errepresio horren ezaugarrietako batzuk azpimarratzea eta ulertzea.

Dozenaka poliziak gure etxeak miatu –hobeki erranda, txikitu– ondotik, handik aterarazi eta komisariara eraman gintuzten, eta ez genekien zergatik atxilotu gintuzten ere, ez guk gerok, ez gure abokatuek. Behin eta berriz erran ziguten ikerketa «konfidentziala» zela, eta jakin genuen zenbait hedabide ofizial hasiak zirela gezurrak saltzen informazioa balira bezala.

Leporatu ziguten botereak ezarritako politiken aurkako pertzepzio bat sortu genuela gizartean, eta, aldi berean, esku beltz ezagun bat lanean hasia zen gure inguruko irudi jakin bat zabaldu zedin. Hau da: markatuak ginen komisariara ailegatu baino lehen ere; deklaratzera deitu izan bagintuzte, gure gogoz joanen ginatekeen: ez zegoen inolako beharrik sekulako polizia operazio bat antolatu eta haren bidez gu kriminal arriskutsu gisa agerrarazteko.

Orain, hemen barrenean, zaila da zehazki jakitea zer dokumentu zabaltzen diren kanpoan eta zer erraten den guri buruz. Halarik ere, bada zerbait gure lankideei ez zitzaiena oharkabean pasatu: lehenbiziko auzi saioaren ondotik, fiskalak gure albisteak erabili zituen froga gisa, hau da, guk idatzitako testuak; horietako batzuk, gainera, duela zenbait hilabete argitaratuak ziren.

Fiskalaren bulegora eraman gintuztenean, gu atxilotu eta handik zortzi egunera, gutako inork ez zuen gure kontrako konplota geldiaraziko zen esperantzarik. Izan ere, bertzeak bertze, ikerketa egiteko aukeratutako fiskalak erabaki zuen sumarioari buruzko informaziorik ez ematea gure abokatuei.

Gainera, Bismilgo fiskala Diyabakirko auzitegira bidali zuten aldi baterako, eta haren esku utzi zuten gure espedientea, lan judizialaren parterik garrantzitsuena. Ez zen zaila ulertzea espresuki eman ziotela hari. Hain justu, haren bulegora sartu ginelarik, han zegoen fiskala, atorra xuri bat eta jaka gorri bat jantzita, ilargi erdia eta izarra lepoan, adiskidetasun izpirik ez begietan. Luze gabe ohartu nintzen arrunt alferrikakoak izan zirela gure kontrako karguen harira emandako erantzun guziak.

Gertaera tragikomiko bat ere izan zen, gure lagun kamerari bat gutako batekin nahasi baitzuten, eta baieztatu ihesean zihoalarik harrapatu zutela. Egiatan, baina, ez zen haiek bilatzen zutena, eta, gainera, Cizre hirian egindako filmaketa batetik bueltan zetorren. Azkenean, 30 ordu baino gehiagoren buruan, askatu egin zuten.

Gutako bakoitza galdekatu ondoan, auzitegira eraman gintuzten, preso sartzeko; gure lagunetako bat izan zen salbuespen bakarra, kontrol judiziala eskatu baitzuten harentzat. Egoera ez zen hagitz bertzelakoa izan auzitegiko aretoan. Gure espedientearen instrukzioa egin zuen epailearen aginduz, atxilotu eta preso hartu gintuzten, denetara hamasei lagun: kazetariak, telebista aurkezleak, kamerariak eta ekoiztetxeetako exekutiboak. Tratu txarrak eman zizkiguten polizia etxean, epaitegian eta galdekatze prozesu guzian; liskarren aurkako Poliziaren autobusaren barrenean egonarazi gintuzten epailearen aginduz, epaitegietako aparkalekuan; jazarri egin zitzaizkien gure senideei, eta hori guzia, bertzeak bertze, ezkutuan gelditu da.

Legez kontrako jokabideen gurpil zoro honetan, eskerrak eman nahi dizkiet ahotsa altxatu duten guziei: gure ahotsa zarete. Orain, ezinbertzekoa da denek bat egitea egia gillotinatu gogo duen gobernu horren kontra, egiaren beldur baita, eta ez baitu nahi egia jakin, aditu eta zabaldu dadin. Eta horregatik ari da zentsura lege berri bat onartzeko lanean.

Gure ahotsak zenbat eta ozenagoak izan, orduan eta indartsuago aurre egiten ahalko diogu atzo bezala gaur ere gertatzen ari zaigunari, bai bizi izandakoari eta bai biziko dugunari ere. Ahots bakar bat izan gaitezke, arrazakeria instituzional, linguistiko, erlijioso eta politikoaren aurkako tresna bat. Horrela baizik ez gara izanen gure ofizioaren eta gure jendearen zerbitzari leial. Agur eta besarkada txeratsu eta solidario bat, luze gabe bertzelako mundu bat posible izanen delakoan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

*