Safiye Alagas: «Gobernariek amesgaizto bat dute: emakumeak!»

Jin News emakumeen agentziako zuzendari Safiye Alagasen gutuna, Diyarbakirko emakumeen kartzelatik.


Maiteok:

Emakumeen borrokan parte hartzen duzunean, jomugan jartzen zara ezbairik gabe. Emakumeak libre ez izatea nahi dutenek edozein erasobide erabiltzen dute zu kikiltzeko. Indarkeriaz baliatzen dira, atxilotu eta atzitu egiten zaituzte, gurekin egin zuten bezala, Jin Newseko kazetariokin. Gizarte esaneko eta otzan bat sortzeko egiten dute eraso. Umeen gogoari ere erasotzen diote, haien iragana, oraina eta etorkizuna ziurgabeak izan daitezen. Hala egin beharra dute; izan ere, bestela, gain behera etorriko da haien gobernua. Gazteei, adibidez, beldur handia diete. Isilarazi egin nahi dituzte, zeren, gazteak matxinatzen badira, mundu guztira zabaltzen baita iraultza. Gazteek altxatzera bultzatzen dituzte besteak. Gobernarien amesgaiztoa dira. Horregatik, gobernariek beti egiten dute gazteek heziketarako, lanerako eta bizitzarako duten eskubidearen kontra.

Emakumeen aurkako gerra

Gobernariek amesgaizto bat dute: emakumeak! Emakumeei diete beldurrik handiena. Emakumeen izate osoa moldatu nahi dute, azazkaletatik hasi eta ileraino. Denean esku hartu nahi dute: zer jantzi behar duten, zer edan, zer harreman izan, zenbat ume eduki, norekin eta nola ezkondu, etxean zer bizimodu izan, zer lan egin, makillatu edo ez makillatu… Gerran daude emakumeekin.

Borroka dugu arimaren bazka. Borroka egitean, gure egoerarik naturalenera itzultzen gara. Borondate bilakatzen gara, botere bilakatzen gara, bizimodu koloretsu bat sortzen dugu. Eta are garrantzitsuagoa dena: munduan nonahi gaudela, guk, emakumeok, besteen arima ukitzen dugu. Ez diegu uzten bizimodu glamourrez beteak eskainiz engaina gaitzaten. Izarren distirak ez gaitu itsutzen. Guk, emakumeok, promes isilak egiten ditugu, oihuka esaten ditugu gure promesak; elkarri begietara begiratu, eta zin egiten dugu: ez dugu borroka utziko harik eta gizartean gure lekua aurkitu arte. Ez dugu etsiko gure libertatea eskuratu arte. Libertatea dugu helburu goren eta gailen.

Eroriz gero, berriro saia

Gure emantzipazioak ez du inolako zerikusirik printze urdinarekin. Ez gara zain geldituko printze urdina noiz etorriko gu salbatzera. Gainera, gure historiari erreparatuta, ondotxo dakigu printze urdinak esklabotza are handiagora eta arazo are handiagoetara azpiratu gaituela. Badugu nahikoa eskarmentu kontu honetan.

Emakume gisa, geure kabuz zaldian ibiltzen ikasten dugu, printze urdinaren laguntzarik gabe. Borrokaren bidez ikasten dugu hori. Gure borrokan zalditik erortzen bagara, zutitu eta berriz igotzen gara. Erortzen garen aldiro, atzera ere saiatzen gara.

Gu, emakumeok, zaldiaren beraren bila gabiltza, ez printze urdinaren bila. Ez gaude zain zaldiak gu noiz aurkituko. Gu goaz haren bila.

Emakumeen askapena

Nora joan nahi dugu aurkitzen dugunean? Baso baterantz, bizi-bizi lauhazka. Arnasarik hartu gabe, basoaren alderik ilun eta urrunenera joan nahi dugu. Basoko korridorerik ilunenak ibili nahi ditugu, eta, azkenean, mendiak eta ibaiak aurkitu. Gure historia ilunpetan utziarekin topo egin nahi dugu. Azken batean, gure barrenarekin topo egiteko bidaia bat da. Emakumeen historia ilunpetik argitara ateratzen denean, gizartea libre izango da, emakumeak bezalaxe.

Horixe dute kezkagai nagusia gure garai honetako gobernariek. Ez dute nahi ez emakumeak eta ez gizartea emantzipatzea. Horregatik, haiek erasotzen diete gehien emakumeei: batzuetan leun, besteetan bortitz. Orotariko erasoak egiten dituzte, kikildu zaitezen.

Jin Newsen kontrako akusazioak

Indarkeriaz baliatzen dira, atxilotu eta atzitu egiten zaituzte, gurekin egin zuten bezala, Jin Newseko kazetariokin. Jin Newserako Interneteko sarbidea dozenaka aldiz blokeatu dute. Baina, ikusten duzuen bezala, Jin Newsek ez zuen bertan behera utzi borroka, eta erasoa are handiagoa izan zen orduan. Koldarrak behin eta berriz hiltzen dira hil aurretik. Alferrekoak dira egiten dizkiguten erasoak: eraso ahala murrizten dira.

Emakumeen borroka ez da etengo

Jin Newsek ekarpen handia egin dio emakumeen kazetaritzari, eta Turkiako emakumeen borrokaren zutarri garrantzitsuenetako bat da. Ikuspegi berri bat eman dio kazetaritzari. Kazetaritzako lengoaia maskulinoaren alternatiba garrantzitsu bat da. Horrexegatik babestu beharra dago. Uste dut Europako emakume guztiek babestuko dutela Jin News, zeren, sakon-sakonean, emakumeen borrokari ari baitzaizkio erasoan, ez Jin Newsi. Emakume guztiek ondo dakite hori. Berriro diot: emakumeen borroka ezin da eten.

Besarkada bat, kartzelatik

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

*