Turkiako krisi ekonomikoa sakonagoa da egunez egun, herritarren erosahalmena gero eta txikiagoa da, eta langabezia, gero eta handiagoa. Pobrezia gailentzen ari da, patua gailentzen den bezala. Ziurgabetasuna handituz doa, elur bola baten antzera. Hauteskundeak gertu daude, eta alderdiak prestatzen ari dira. Datorren prozesuak eta gertakari politikoek erakutsiko digute zer pasatuko den.
Baina nabarmendu beharra dago geure etorkizunaren inguruan erabaki dezakegula, eta ez dugula politikarien esku utzi behar: ahalegin handiagoa egin behar dugu, eta borrokatu. Gure hitzaren ahalmenean sinetsi behar dugu. Bestela, are okerrago egongo gara. Politikariek krisi ekonomikoa jotzen dute herrialdearen arazo nagusitzat, baina ez dugu ahaztu behar arazo nagusiak beste batzuk direla: demokratizazioa, askatasunen murrizketa eta giza eskubideak. Zapalkuntza areagotuz doan eta askatasunak mugatuz doazen herrialde batean, ezinezkoa da ongizatea eskuratu eta krisi ekonomikotik ateratzea.
Alderdi politikoak hasiak dira promes itxuragabeak egiten. Gobernuak edo oposizioak oinarrizko arazoa ondo diagnostikatu ezean, ezingo diote luzarorako irtenbiderik eman ezein arazori. Ezinezkoa da egungo arazoei luzarorako konponbideak aurkitzea «kurduen auzia» ebatzi gabe.
Prentsa askatasuna
Prentsa askatasuna da herrialde baten oinarri nagusietako bat. Kazetariek, atxilotuak izateko arriskurik gabe, aske idatzi eta informatzeko aukera duten toki bat. Adierazpen eta pentsamendu askatasunak bermatuta egon behar du konstituzioan. Zoritxarrez, oso zaila da Turkian prentsa askatasunaz aritzea. Eztabaidagai izan da urteetan, baina orain arte ez zaio irtenbiderik eman. Kazetariak beti izan dira atxilotuak, mehatxatuak eta zentsuratuak. Horrek ondo azaltzen du zertan diren gaur egun herrialdea eta gure kasua.
Ez dago fiskalik akusazio gehiago fabrikatzeko
Urteetan, gobernuek desitxuratu egin dituzte gertakariak, eta erretorika hau zabaldu: «Turkian ez dago kazetaririk espetxean». Arazo hori konpontzen saiatu beharrean, errealitatea ukatu dute. Oxala, gure lagun kazetarietako bat bera ere ez balego kartzelan. Nahiago nuke gutun hau espetxe batetik idatzi ez banu, baina, egia esan, bi hilabete daramatzat kartzelan. Ekainaren 16an, hamasei kazetari atxilotu zituzten Diyarbakirren. Bidegabeki espetxeratuta egon gara bi hilabetez. Sumarioa sekretupean gordetzeko agindua emana dago, eta jada ez dago fiskal bakar bat ere akusazioa idazteko; izan ere, gu atxilotzeko agindu zuena goragoko maila batera igo zuten atxiloketen ondoren.
Gure lanbidea defendatzen dugu
Urteetako lan esperientzia duten hamasei kazetari legez kanpo espetxeratu zituzten. Hamasei kazetari atxilotzeak ez du inongo arazorik konpontzen, eta argi erakusten du nolakoa den prentsa askatasuna herrialde honetan. Gertakariak ezin dira isilarazi atxiloketen eta errepresioaren bitartez, eta kazetariek ez dute atzerapausorik emango. Prentsa libreak tradizio luzea izan du herrialdean. Kazetariek garesti ordaindu dute. Tradizio hori ez da amaituko gu atxilotuta, eta egia ez da isilaraziko. Uste dugu gure kideek benetako kazetaritza egingo dutela aurrerantzean ere. Gauden lekuan gaudela, gure kazetaritza defendatuko dugu, eta ez dugu inoiz egia arriskuan jarriko.
Lerro hauek idazten ari nintzela, ziegako leihotik alanbrezko hesiari begira, albiste bat entzun dut, azpiko ziegako telebistatik zetorrena. Halako albisteek hunkitu egiten gaituzte espetxean, hemen mugatuta baitauzkagu telebista kateak: «Kazetari Turkiarren Elkarteak (TGC) Diyarbakirren atxilotutako hamasei kazetariei eman die aurtengo saria». Zoriontsu eta harro sentiarazi ninduen. Baina nabarmendu nahi nuke kazetariak garela eta ez diogula inori demostratu behar. Espetxean kazetaririk ez dagoela esaten dutenei erantzuteko balio du sari honek. Deliberamendu berarekin defendatuko dugu kazetaritza. Egia idatzi eta ezagutaraziko dugu, eta herriaren ahotsa izango gara.
Elkartasunerako deia
Elkartasuna zein garrantzitsua den jabetu gara berriz ere. Elkartasun sarea zabaldu behar genuke, «kanpotik barrura, barrutik kanpora». Lotura estuagoa izan behar da kartzelatutako kazetariekin, eta kasu handiagoa egin behar zaio haien ahotsari. Elkarrekin, lor dezakegu, eta zailtasunei aurre egin.
Eskerrak eman nahi dizkiegu lagun, elkarte eta kazetari erakunde guztiei erakutsitako elkartasunagatik.
Gertatutako guztia gorabehera, ondo ari gara, indartsuak gara, eta garrantzitsuena: arrazoi dugu. Irrikan gaude Turkian zapalkuntza bukatu eta berriz idazten hasteko. Kazetariak gara, arrazoi dugu, kartzelatik aterako gara, eta lanean hasiko gara berriz. Espero dut laster elkartuko garela, aske.