Donostia, 2018ko martxoak 15. Kaixo Jon. Joan den igandean esku-pilota partida telebistaz ikusten arin nintzela, halako batean, ume denborako pilotari bat etorri zitzaidan gogora. Arroyo zuen abizena, Panaderito de Oyón bezala oso ezaguna. Nik Tolosako (Gipuzkoa) Beotibar pilotalekuan ikusi nuen jokatzen. Ikusi egin behar sinesteko! Nolako abiadura ematen zion pilotari, atxiki eginez! Harrika botatzen zuela zirudien. Berebiziko trebetasuna zuen horretarako. Bularraren pare edo gorago harrapatzen bazuen pilota, misil bat balitz bezala jaurtitzen zituen bote-boleak. Bestela, behetik jo behar zuenean, ez zuen pilota mugitzen, ustelak  ziren Panaderitoren pilotakadak.

Aurkariek —Oreja III.a etortzen zait gogora—  txapa-gainean, behetik jokatzen zioten, atxikiaren beldur-kalteak saihesteko.

Taktikak, izan ere, zuk hain ondo dakizun bezala, garrantzi handia du pilota jokoan, eskuz, palaz edo xisteraz. Goi mailan batik bat, aurrelariei pilota ez bazaizue kentzen, sekulako mina egiten dezue. Eskuz bada, zer esanik, ez. Barrura goxo-goxo uzten dutela, edo ezker-gantxoz zabalera. Altuna III.ari edo Olaizola II.ari ez bazaie pilota kentzen, larrutik ordaintzen da. Usotarako postuetan bezala egoten dira, eskopetak prest, dinbi-danba, bata besteari tiroa botatzeko. Goi samar etortzen bazaie, ordea, orduan komediak. Bi azkoitiarri gertatu zitzaien moduan.

Ezagutzen nauzu, Jon. Zalea naiz istorio zaharrak irakurtzen eta horretarako non hobetoago Auspoa bilduman baino. Bada liburu bat: Gerrateko ibillerak, Iñaki Alkainen ahotik, Antonio Zavalak jaso eta argitara eraman zuena. Pazientzia pixka bat hartzen baduzu esango dizut altxor bat dela liburu hau. Espainiako Gerra zibilean kokatuta dago. Iñaki Alkain urnietarra Eusko Gudarostearen gudaria zen, Bizkaia aldean eman zuen denbora gehiena, faxisten aurka borrokan.

Atal batean pilota partida baten berri ematen du. Bi urnietar, bi azkoitiarren kontra. Taktikaren garrantzia nabarmen geratzen da, ez goi mailan, baita lagun arteko neurketa batean ere. Horrexen arabera egin liteke partida galdu edo irabazi.

“Egun batez, Bermeotik Orduñara joan behar izan genuen, zerbaiten zalantzarengatik. Bitartean, batailoia komentu huts batean gelditu zen. Bi gau egin eta hurrengo egunean, Garagorrik eta biok Azkoitiko Urzelai eta bere herritar Soduperi jokatu genien pilotan eskuz, han zegoen pilota-lekuan.

Sodupek aurretik jokatzen zuen, eta Urzelaik atzetik. Bi azkoitiar eta bi urnietar elkarren kontra, beraz, laurok ere pilotan aspaldian ibili gabeak.

Hasi gara jo eta ke. Azkoitiarrak, urnietarrak pilotan ezer jokatzen ez zutela uste zuten, eta gero izan ziren istiluak.

Denbora pasatzearren hasi ginen. Eta, eguraldi hotz samarra baitzen, berotzearren ere ba, elkartasun ederrean. Bai ederki asko berotu ere, alajainetan. Alde egin zuten laister asko atzapar eta gorputzeko otzak.

Lehendabizitik, erraz samar aurreratu ziren azkoitiarrak. Sodupek berez bolea zuelako eta gorputzez luzea zelako, niri pilota asko harrapatzen zizkidan. Eta, Garagorrik zuen jenio gizatxar harekin, niretzat ziren errieta guztiak, boleatik Sodupek tanto egiten zionean.

Honela, gero eta amorru gehiagorekin ari ginen, bainan beti gu lau edo bost tanto atzetik; eta azkoitiarrak irripar guri eginez, amorruan gehiago jartzearren.

Bainan, halako batez, Garagorriri hor etorri zaio buruzbide bat, eta honela dit: “Hi, Zarpa, hik atze hortatik zertarako altzatzen duk horrenbeste? Arrapatzen deken guztia jo ezak txapa gainera, eta ikusiko duk horren bolea nora joango den. Egin ezak hori eta laister izkutuko dituk hauen irrifar txoro horiek.

Garagorrik arrazoi guztiak izan zituen. Berak esan bezala hasi naiz, eta, hemezortzi eta hamabi gaudela, uste gabean, hor berdindu ditugu hogeiean, hogei eta bira. Orduan bai alde egin zutela irrifar haiek.

Berak partida berritu egin nahi eta guk ez, han ziren eztabaidak eta komeriak. Nolabait, behintzat Garagorri poliki hartu eta berriz hamabi tantora jokatu genuen, bake-bakean, eta hamabi eta zazpi guk irabazi.

Joan den igandean dirua Altuna III.a eta Martijaren alde atera zen, faborito garbiak katedrarentzat. Orduñan azkoitiarrak ziren faboritoak. “Azkoitiarrak, azkoitiar zirelako, gure aldean pilotan askozaz ere hobeak zirela uste zuten. Nik hori banekien hasterako ere. Baina nire lagun Garagorri, haien irrifar hura ikusirik, sutu egin zen; eta sutu egin zenean, orduan bururatu zitzaion joko berria”, kontatu zuen Alkainek.

Olaizola II.a eta Imaz sutu, ez dakit sutu ote ziren. Garagorrik egin zuen bezala, bai asmatu zutela joko berri bat, partida aurrera ateratzeko. Alkainen esanetan: “uste ez den lekutik ateratzen dela erbia”. Galdetu bestela Olaizola II.a bezalako ehiztari amorratu bati.