Donostia, martxoak 19

Egutegiaren arabera udaberrian sartzera goaz, baina leihotik begira jarrita, bestelako itxura dauka. Euri langarra eta haize hotza. Aiako Harriak ditut begi-bistan eta zuri-zuri ageri dira. Bitartean zuek,  Floridan, goxo-goxo, urteko sasoi onenean. Bero handirik gabe; benetako hotza, ezagutu gabe. Gozatu ahal den bitartean!

Gozamena joan den igandean Eibarko Astelena pilotalekura hurbildu zirenak, baita etxetik, EITBtik, jarraitu  genuenona. Etxeko sala kontrakantxa paregabea bihurtzen da halakoetan, kanpoaldean giro makurra egiten duenean batik bat.

Ez dakit partida jarraitzeko aukera izan zenuen, bost orduko aldia daukagu zuekin, aste-bukaerarako berriro seikoa izango dugu; arratsalde luzeak izango ditugu laster. Igandekoa partida motza egin zitzaidan. Ezkurdiak eta Zabaletak, nahi eta nahi ez, irabazi  behar zuten, bestela aukerarik gabe geratzen ziren finalean sartzeko. Aurten esku-pilotako Binakako Txapelketa oso orekatua gertatzen ari da. Astelenan (Eibar) ere oreka horren isla izango zelakoan, berdintasuna espero nuen markagailuan. Bi bikoteek dena ematera etorriak. Altuna III.ak eta Martijak, ordea, Zabaletarekin egin zuten topo.

Fernando Goñiri (eskuzko pilotari ohia) irakurri diodan twitter batean, zera dio, “Ez dela berdina jotzea eta dominatzea”. Ados nator berarekin. Zabaletak biak egin zituen Eibarren: jo eta dominatu. Konbinazio ezin hobea.

Bitxia da, Jon. Jotzaileek normalean pilota dezente galtzen dituzte. Zabaletaren kasua da. Txapelketa barruan, Astelenan bertan, desastre ibili zen duela aste gutxi. Horregatik igandean dirua Altuna III. eta Martijaren alde aterako zen. Apustularia banintz Ezkurdia eta Zabaletak jokatzen dutenean mendi buelta bat ematera joango nintzateke. Asma ezak horiekin!

Haizearen norabidea aldatzen den bezala, hala aldatzen da bikote horren errendimendua. Bi zaldi basatiak dira Ezkurdia eta Zabaleta, purasangreak. Aspeko teknikari den Etxanizek nahikoak lanak izaten ditu bi zaldiak otzantzen.

Igandean lortu zuen. Etxaniz ikusi omen zuten bi zaldien belarrietara zerbait xuxurlatzen.

Zabaletak frontisaren erdira bidaltzen ditu pilotakada gehienak eta pilotak abiadura handiz ateratzen da; seko ematen baitio nafarrak. Naiz eta ez asko atzeratu, aurkariarentzat gaiztoak, kolokatzeko astirik eman gabe. Eta pilotaria, hain ondo dakizun bezala, ez bada egoki kolokatzen, hanka bakar batekin jotzea bezalakoa da.

Zabaleta jotzen ikusten ari nintzela… frontisaren harlauza bat gorago bilatuko balu, eskumuturrarekin eta gerriarekin pitin bat lagunduz, noraino botako luke pilota, etortzen zitzaidan burura. Gustura galdetuko nioke Etxaniz botileroari ea zergatik ez dion altura gehio ematen.

Arrisku handiko bikotea osatzen dute Ezkurdiak eta Zabaletak; galdetu bestela Altuna III.ari eta Martijari, ia-ia agur esan diotenek aurtengo Txapelketari. Luzatu galdera bera apustulariei, bekozkoa zimurtuko dute.

Ezkurdia eta Zabaletaren errendimendua da pairatzen ari garan eguraldiaren antzerakoa. Aldakorra. Haizeak ipar-mendebaletik astintzen duela-eta, derrepente, hegotik hasten da jotzen. Hogei graduko berotik, bostetara, hotzak akabatzen… Erotzeko modukoa.

Datorren asteburuan zer espero da? Eguraldi nahasia seguruenik. Joxe Landaren pronostikoei adi-adi egon behar. Ezkurdia eta Zabaleta neurtuko dira Olaizola II.a eta Imazekin. Apustulariak dar-dar jartzeko modukoa.

Mexikon berriz, D. F. hiriburuan, Nazioarteko Zesta-punta Txapelketaren finala jokatu zuten joan den larunbatean. 30-28. Goikoetxea nagusi Inza hendaiarrarekin batera. Olharan eta Ekhi gasteiztarra, aurrez aurre. Ez dut aukera izan finala ikusteko baina badirudi ona atera zela. Ikusi al duzu zuk? Giro apartekoa omen zen, harmailak mukuru, Labriten larunbatean eta Astelenan igandean bezala. Goi mailako neurketetan eta txapelak jokoan daudenean, jendeak erantzun egiten du.

Aste on!