Donostia, martxoak 30. Kaixo Jon. Gaur, liburu bati buruz hitz egingo dizut. Perlak, kolpeak, musuak, traizioak, du titulua. Joxe Mari Iturralde da egilea, Tolosan (Gipuzkoa) jaioa 1951an. Iturralderen gurasoak, Tolosan bizi ginen garaian ezagutu nituen. Ultramarino denda txiki bat zeukaten gure auzoan, etxetik gertu. Amak esaten zidan: “Zoaz denda txikira eta ekarri hau eta hau”… Egunero erosten genuen zerbait, eta ordaindu, hamabostean behin. Iturralderen amak paper mutur batean, lapitzez, zenbakiz zerrenda luze baten gehikuntza egingo zuen. Bitxia da Jon, nire haurtzaroan pentsatzen nuen janari denden jabeak aberatsak zirela. Hainbeste fruitu, barazki, kontserba, sardina-zahar kutxa biribilak, edariak… Bai, aberatsak izan behar zuten nahitaez. Gu ez bezala.

Liburua gertukoa egin zait, idazlea bera, eta protagonistak, bi boxeolari: Paulino Uzkudun eta Isidoro Gaztañaga. Uzkudun, errezildarra (Gipuzkoa) zen, gure amona Maria zena bezala. Senideak zirela esaten zigun amonak.

Isidoro Gaztañaga, berriz, zuk ere ezagutzen duzun nire kuadrillako Joxe Mariren osaba zen, Ibarrako (Gipuzkoa) Etxe-txiki baserrian jaioak. Iturralderen gurasoen dendatik hiru bat kilometrora.

Idazleak protagonisten nondik norakoak kontatzen digu, hasieratik bukaeraraino. Boxeo munduan, pisu astunetan, goi mailara iritsi ziren biak. Palmares hobea lortu zuen errezildarrak. Europako txapelak, mundukoa irabazten lehiatu zen. Gaztañaga izatez, dohainak hobeak zituen, ez zen batere zaintzen ordea. Emakumezale eta parrandero amorratua. Kapaz zen onenei irabazteko eta, ondoren, sasoia guztiz galduta, edozeinen aurka galtzeko. Adiskideak izatetik etsai amorratuak izatera igaro ziren, euskaldunoi dagokigun bidetik. Elkarren kontra borrokatu, inoiz ez. Gaztañagak nahi zuen, ahaleginak egin zituen. Uzkudun ordea, beldur zen. Gutxi irabazteko eta asko galtzeko; pilotan ere gertatzen dira halakoak.

Joe Luisekin gauza bera gertatu zitzaion Gaztañagari. Borroka eguna eta tokia zehaztuta eduki arren, atzera egin zuten Joe Luisen taldekoek. Alemanian ikusi zuten Gaztañaga borrokatzen eta txunditua geratu ziren Ibarrakoaren dohainekin, bere ezker-gantxoarekin, batik bat. Kikildu eta Uzkudunen hautu egin zuten. Izena bai baina honezkero, onenak emandako boxeolaria. KO teknikoz irabazi zion Detroiteko Bonbaketariak errezildarrari.

Gaztañaga, bitartean, emakume fatalen besoetan, etenik gabeko parrandetan. Emakume zale amorratuak eta erremediorik gabeko parrandazaleak ziren bi boxeolariak. Gaztañaga batik bat.

Liburua irakurtzen ari nintzela Gillermoren figura etortzen zitzaidan gogora. Entzuna nauzu Gillermo Amutxastegiri buruz hizketan. Gure garaia baino lehenago, atzelari onena leku guztietan. Ondarroarra, 1910 jaioa, lau urte Gaztañaga baino gazteagoa, traza berekoa zen. Den-dena lortu zuen: ospea, dirua, emakumeak, parrandero aseezina… Azkenean, ezer gabe bukatzeko. Hirurak garai berekoak izanik, izango zuten elkarren berri. Bartzelonan, La Habanan, New Yorken edo Mexikon, bide beretik ibili baitziren. Berezko indarra, segailak, dohain apartekoak, herri txikietan sortuak. Bai, bazituzten amankomunezko jokabideak. Ordekatik amildegira pausoa emateko zorian behin eta berriro.

Hollywoodeko izarrak, opera kantariak, dantzariak, vedettak, prostitutak, Uzkudun eta Gaztañagaren bidelagunak. Gillermorenak ere bai, liburuan ez agertu arren. Goi mailakoak, karismatikoak, Gaztañaga eta Gillermo batik bat. Gidoilari baten aginduetara jardun zirela euren bizitza osoan ematen du. Ez zuten bukaera onik izan. Akordatzen naiz Gillermo ikusi nuenean Fort Pierceko (Florida), pilotalekuan, tiketak saltzen leihatila batean.

“Gillermo da”, esan zidaten. Agure bat nuen begi-bistan, zahar itxura zuena zaharra izan gabe. Pilotaren Miraria, Ondarroako Lehoia!… inoiz izandako atzelari handiena! Hollywoodeko izarren lagun mina, Esther Williamsen besoetan izandakoa. Alicia Parlá dantzari kubatarraren senar ohia. Hemingwayren parrandakide… Cantinflas, Babe Ruth, Agustin Lara… Midas erregea izandakoa, apustutarako tiketak saltzen eta Estatuak utzitako piso ziztrin batean bakardadez  bizi zena Miamiko (Florida) auzo batean.

Zer egiten zuen Gaztañagak, Izzi Ederrak, La Quiacako (Bolivia) herrian, pulkeria batean, tipo batek, emakume bat medio, hiru tiroz zerraldo utzi zuenean?

Zer egiten zuen Uzkudunek falangistaz jantzita Espainiako Gerra Zibilaren garaian, metraileta eskuan, presoak seinalatuz, esukaldunak tartean, kamioian eramango zituztenak inoiz ez itzultzeko? Traidore halakoa!

Zer egiten zuen Gillermo Amutxastegik San Antonion (Texas) azken arnasa eman zuenean?

Iturraldek jasotako istorioak ez zituen asmatuko Hollywoodeko gidoilari trebeenak. Hainbeste perla, kolpe, musu, traizioak… neurri batean hain ezagunak, hurbilekoak, egin zaizkidanak.

Aste ona izan! Jon.