Hasi da, Jon, eskuzko Banakako Txapelketa, eta dagoeneko hiru pilotari kanpoan geratu dira. Horietako bi, lur jota agertu dira partiduaren ostean. Lastima eman zidaten. Gauza bat da galtzea eta, bestea, horrenbeste sufritzea.

Lan latzak ematen dizkigu buruak kirolarioi. Oiartzabalek, Realeko jokalariak, zera zioen: “Irabazten duzunean buruak beste era batera funtzionatzen du. Batzuetan, arlo psikologikoa, fisikoa baino garrantzitsuagoa da”.

Arrazoi du futbolari eibartarrak. Garaipena da bitamina eraginkorrena morala altxatzeko. Nik ere frogatu nuen ederki nire garaian. Zuk ere, honezkero, dastatuko zenuen emaitzen zapore gazi-gozoa. Bolada txar batean murgilduta zaudenean, eta,  bat-batean, bi kiniela irabazten dituzunean, mundua beste modu batera ikusten da.

“Zertarako entrenatu horrenbeste!… Egun beltza, triste nago emandako irudiarengatik”, zioen Axier Arteagak, Elezkano II.aren aurka aise galdu ostean.

Okerrago sentitu zen Victor errioxarra, 21 eta 14 irabazten joan ondoren, 21 eta 22 galduz, Retegi Biren kontra.

“21 eta 14 irabazten nindoala zabor guztia etorri zait burura. Zure posibilitateetan konfiantza ez duzunean, zaila da partida aurrera ateratzea… Ondo aritu naizela, partida ona, ia-ia irabazi, 21a… buruan hainbeste gauza eta, ezin!”, adierazi zuen Ezcaraiko (Errioxa) gazteak aldageletan, begiak gorri-gorri negar saioa egin ostean.

Kontrakantxatik erreparatzeak ematen duen perspektibatik, esango dizut, Jon, zenbaterainoko kaltea egiten duen garaipenaren sakralizazioak. “Porrotaren agonia eta garaipenaren gloria”, zioen lelo batek Ameriketako telebista kate batean. Tirania horren mendean bizi behar kirolariak. Number one izan behar, bigarrenak ez du alerik balio.

Den-denak ondo atera behar du. Perfekzionismoaren eredutik zerbait desbideratzen denean, zerbait espero ez duzun bezala, ematen denean, frustrazioa sortzen da.  Jasanezina askotan. Munduaren akabera balitz bezala…

“Zertarako entrenatu horrenbeste”, galdera egiten zuen Arteagak. “Zaborrez bete zait burua”, Victorrek.

Arrakasta, garaile suertatzea, txaloak eta txapelak. Garaipena da helburu bakarra. Mundu perfektua. Garaipenetik kanpo, beste satisfaziorik ez balego bezala. Porrota, zeresanik ez, desgrazia bat bezala ikusten da; kaosa!

Bada, Jon, honetaz asko dakien psikologo bat, Tan Ben-Shahar izena duena, Harvarden (Amerikako) klaseak ematen dituena. Bera ere, kirolaria gaztetan, squashekoa, ezagutu zuen zer den perfekzionista izatea, gogotik sufritu zuen bere ibilbidean zehar. Ben-Shahar konturatu zen bi perfekzionista mota daudela: negatiboak eta positiboak. Jarrera positiboari “optimalismoa” deitzen dio.

Perfekzionistek errealitatea errefusatzen dute eta fantasiazko mundu batekin ordezkatzen dute: porrota ez da existitzen, ezta emozio negatiboak ere; optimalistek, aldiz, errespetu handia diote errealitateari, jabetzen dira datorrena datorrela onartu beharra dagoela, arrakastaz gozatzea dagokigula, leziotzat hartu behar dugula porrota. Errematea kanpora bota arren, ez dira hasten maldizioka; hurrengo tantoan zentratzen dira, aukera berri bat.

Badakit prestatzaile fisikoak, botileroak eta abar dituztela oraingo pilotariek. Halere, arlo psikologikoa landu gabe daukatela esango nuke, baztertuta. Eta horregatik sufritzen dute horrenbeste. Niretzat ere kirola arrakastarekin lotuta zegoen. “Porrotaren agonia eta garaipenaren gloria”, leloaren mendean beti.

Debuta egin nuenean, Zaragozan, 1970ean, bizi ginen ostatuan bazen pilotari markinar bat, fina, langilea. Partidu bat galtzen zuenean, bi egun ematen zituen mutu. Mamu baten itxura hartzen zuen, ikusi egin behar haren aurpegia!

“Galdu arren asko entrenatu dut, gaztea naiz eta bide honetatik gorantz egingo dut… pozik nago, badakit emandako irudia ez doala nirekin, hurrengoan izango dut aukera (Arteagak esan ez zituenak).

Victorrek berriz, esan balu: “Ondo aritu naiz, partida ona jokatu dut. 21 eta 14 irabazten nindoala, nahasi eta behera egin dut. Arlo hori jorratu behar dut, gainerakoan erakustaldia eman dut. Irabazteko obsesioa burutik kentzen dudanean, etorriko da saria. Gaurkoa lezio bat izan da nire ibilbidean. Erakutsi dut aparteko dohainak ditudala buruz buru jokatzeko. Datorren urtean hemen izango naiz berriro”…

Perfekzionismoaren mekanismoa ez da erabat desagertzen gure burutik. Nahiz eta optimalista izaten saiatu, bi aurpegiko txanponek, habia hartzen dute gure buruan. Positiboa izatea ez da urruneko lurralde batera iristea; baizik eta izar-gidari bat inoiz lortuko ez duzuna.

Aste ona izan, Jon!