Goizean busean netorren kaskoak jarrita musika entzuten. Ruper Ordorika ari zen: Sarri-sarri-sarri-sarriii…! Buruak, Jon, badakizu zer biribilketa egiten dituen eta, bat-batean, Sarrionandia etorri zait gogora, La Habana gero eta, beste jauzi bat emanda, Raul Castro, Kubako lehendakaritza duela egun gutxia utzi duena… Hau guztia gutxi balitz bezala, derrepente, nire lankide izandako Gregorio Praderak greba garaian kontatu zidan istorioa nahasi zait Ruperren: Sarri-sarri-sarri-sarrii…! artean.

Piketeko egunak itzuli zaizkit gogora. 30 urte bete dira aurten Amerikako Estatu Batuetako pilotalekuetan grebara jo genuela pilotari gehienok. Nekez ahaztuko ditudan egunak, hilabeteak eta urteak ekarri zizkigun ditxosozko grebak.

Elurra egin zuen egun osoan. Hotz handia, ikaragarria! Haizeak  areagotu egiten zuen hotz sentsazioa. Gure piketeak zaindu behar zuen atea hutsik utzi genuen. Babes bila abiatu ginen kalea pasatuta zegoen tailer abandonatuaren abaroan.

Adreilu gorrizko hormek ematen zuten babesean bildu ginen piketea osatzen genuen hamabiko kuadrilla. Kontu kontari hasi ginen. Halako batean, akordatu nintzen Gregorioren gurasoek harremanak izan zituztela Mexikon, Raul eta Fidel Castrorekin.

—Bai, noski ezagutu nituela. Mexiko D.Fn bizi ginen. Nire aitak (Gregorio Potro Pradera) bertako Jai Alai pilotalekuan jokatzen zuen. Ez nago ziur zein urtetan, 1955ean edo 1956an, hor nonbait. Ume bat nintzen artean. Orduan iritsi ziren Raul eta Fidel Mexikora, Pinar del Rion (Kuba) urtebeteko kartzela zigorra bete ostean. Apopilo jarri ziren nire amaren adiskide baten etxean, Maria Antonia izena zuen emakume honek. Mexikoko Jai Alai pilotalekutik bi kalera zeukan etxea. Nire amak, Aida Pi Veitia, Maria Antoniarekin zuen adiskidetasuna medio, ezagutu zituen Raul eta Fidel.

Raul, zezenzale amorratua zenez, gelan gordetzen zituen ezpatak, kapoteak, muletak eta, baita ere, bi adar. Nik, adarrak hartu eta zezenarena egiten nuen, Raulek toreatzailearena egiten zuen bitartean. Izugarri dibertigarria izaten zen!

Denboraren poderioz gure etxera etortzen hasi ziren; taldea handitzen zihoan, Che Guevara tarteko. Eguberriak ziren, Fidelek arri-konkor eraman ninduen ohera, nik ez bainuen lorik egin nahi. Ohean sartu nintzenean, lo egiteko ordua zela esan zidan Fidelek, Santa opariekin etortzekoa zela eta.

Egunen batean, denek alde egin zuten, inoiz ez itzultzeko. Kubara joanak ziren, Gramma itsasontzian…

Argazki bat daukat nire etxean non agertzen diren Fidel eta nire ama, Chapultepec parkean. Nire ama eta Fidel paseatzera joan ziren Chapultepecera, argazkilari ibiltari batek esan zien ea nahi ote zuten argazki bat ateratzea. Gustukoa bazuten eraman zezatela, inongo konpromisorik gabe. Atera zien argazkia, nire amari ez zitzaion gustatu, eta argazkilariak zakarretara botako zuelakoan, bertan utzi zuten.

Fidel, Raul eta talde osoa, FBIren zaintzapean zeunden une oro. Handik egun batzuetara Raul joan zen paseoan leku berera eta hara non ikusten duen argazkia zintzilika tripodearen saihets batean. Raulek erosi eta, haserre bizian, bikotearengana jo zuen; berebizikoak esan omen zizkien!

1973an Denverrera joan nintzen nire emazte ohiarekin, zeina Mexicana airekonpainiako azafata baitzen. Berak aipatu zidan  hotelera eramaten zituen furgonetako txoferrak Fidel Mexikon ezagutu zuela. Iritsi ginenean hasi ginen hizketan eta, hara non, nire amaren izena azaldu zen. Biharamunean argazki batzuekin etorri zitzaidan, nire amaren etxean izandako festa batekoak, ama bertan agertzen zela.

Amarekin elkartu nintzenean aipatu nion gizon honena. El Coreano ezizenez omen zen ezaguna morroia. Koreako gerran borrokan ibilitakoa amerikarrekin. Mexikon arma irakaslea omen zen Fidelen taldean. Nire ama harrituta geratu zen gizon honen berri eman nionean.

Hauxe esan zidana:

—Así que está vivo El Coreano—bizirik jarraitzen zuela harrituta.

El Coreano Fidelen zirkuluan infiltratu zen, Dominikar Errepublikako diktadore Trujillorekin adiskidetasun harremana zeukalako. Fidelek, Trujillo akabatu nahi zuen. Coreano-ren arabera ba omen zuen aukera diktadoreangana hurbiltzeko… Fidel, ordea, dena gezurra zela jabetu zen, Coreano zurikerian zebilela. Traizioa egingo zien susmoa zuen, nonbait.

Goiz batez, Fidelek esaten dio nire amari goiz osoan ez zela agertuko, hitzordua zeukala Coreanorekin. Are gehiago, aitortu zion bidetik kendu nahi zuela, gehiegi zekielako.

Zerbait gertatuko zen bizitza barkatzeko Coreano-ri. Horregatik nire amaren harridura.

1959an, La Habanan geundela, joan nintzen nire amonarekin teatro batera, Raulek hitzaldi bat egitekoa zen. Bukaeran hurbildu ginen berarengana eta amonak galdetu zion ea gogoratzen zen nitaz. Segundo batzuk pasatu ziren eta: “Cololo!!”… esanez, besarkatu ninduen.

Aste ona izan, Jon!