Kaixo Jon. Atzo ere kafea hartzera sartu nintzen Fannys tabernara. Sartu nintzenean Luis eserita zegoen aulki txiki batean. Beti bezala bi telebista pantailak piztuta. Batean, tenis partida bat, Madrildik. Djokovich galtzen ari zen, niretzat ezezaguna zen britainiar baten aurka. Bi ordu barru, Luisen begiak pantailara itsatsita egongo dira; Nadalek jokatzen baitu, bere idoloak.

Beste pantailan, “Viajar” katea. Vietnam edo auskalo nongoak irudiak eskaintzen ari zirenak.

Zutitu da Luis eta esku bat luzatu du kafe-makinara, kafea ateratzeko keinua eginez. Baietz esan diot.

Mostradoreak hormarekin egiten duen izkinan, Migel taxilari burusoila, ehun kilotik gora pisatzen duen morroia, Lazkao Txiki zenaren altura berekoa izan arren; litro erdi zerbeza hartzen duen edalontzia erdi hustuta dauka aurrean.

Luis tabernaria —lehengoan esaten nizun bezala, Jon— kirolzale amorratua da. Nirekin pilotaz hitz egitea gustatzen zaio, pare bat txupito hartu ostean batik bat.

“Zer, Altunaren alde edo Ezkurdiaren alde?” galdetu dit, hotz-hotzean.

Izkin egin diot galderari beste galdera batekin. “Irakurri al dituzu Olaizola II.aren adierazpenak?”. Ezetz berak. “Botilleroek ez dutela balio handirik, kentzen badituzte ez dela ezer galtzen. Tradizioa dela, baina hortik kanpo, ezer gutxi”, gutxi gora-behera hori esan du goizuetarrak.

Ni ere ados nago Aimarrekin. Eliteko pilotariek ez dutela behar inor alboan, kontrakantxan. Partida jokatzen ari denean, pilotaria burbuila batean sartuta dago, zeharkako aholkuek ez dute balio. “Fijatu zaitez”, esan diot Luisi. “Botilleroak, gehienak, ez dira isiltzen euren pilotaria aulkian esertzen denean. Nerbioetatik jota barrua hustu besterik ez dute egiten, tentsioa kanporatu”.

Imintzioka hasi da Luis, begibistakoa da ez datorrela ados nirekin, ezta Olaizolarekin ere. “Zer uste du horrek, besteak baino bizkorragoa dela?… Agian, beste era batera jokatu beharko lukete botileroek. Pilotaria motibatzen saiatu. Tantua egin ondoren, joan pilotariarengana eta saskibaloiko jokalariek bezala, jauzi egin eta bularra bularraren kontra txokatu. Garrasi gehiago”…

Nire ezkutuko jarrera pedanteari eutsi ezinean, moztu egin diot eta zerbait asmatzen saiatu naiz. “Begira, Luis. Botileroak herri kiroletatik datozte. Segalariak, aizkolariak edo harrijasotzaileak, kuadrilla baten bueltan aritzen dira. Dirua bilduz. Apustu egunean kuadrillako batek ordezkari lanak egiten ditu, laguntzailearenak, aizkorakada non jo, atsedena noiz hartu, ur botilla eskaini… Hortik dator botileroaren figura”…

Isildu da Luis, etorkinen semea da eta ez daki ezertxo herri kirolei buruz. Gainera nik erabilitako tonua kategorikoa da, ematen du zalantza izpirik gabe badakidala zertaz ari naizen, bestela bada ere.

Tabernaria ez da errenditzen. “Begira Ezkurdia noraino iristen ari den. Dena Irujori esker, berarekin hasi zenetik, txapeldun bihurtu da”.

“Zuk uste duzu Nadalek behar duela botilerorik? galdetu diot. Lanak etxetik eginda ekarri behar dira. Zer taktika erabili, zer pilota motarekin”…

“Emakumeen (tenisean) hasi dira entrenatzaileak jokalariaren ondoan esertzen”, Luisek.

“Oraintxe izurratu nauk!” pentsatu dut nire artean. Beno, esan diot, agian gazteekin, kasu batzuetan… elitean, ordea, ez.

Betidanik hor egon badira zerbaitetik izango da, moztu dit.

“Betidanik?! Baita bi sakeak? Non daude bi sakeak? Orain bakarra da, eta bera nahikoa!”

Tradizioaz zerbait kontatuko dizut. Duela urte batzuk parte hartu nuen Euskadi Irratiko Katedra saioan. Artean bi sakerako aukera izaten zen eskuz. Telebistarako eragozpena zela eta denbora galtzen zela. Atera zen gaia. Hiruzpalau tertuliakide ginen; Retegi II.a tartean. Niri okurritu zitzaidan aipatzea zergatik ez sake bakarrera jarri, Amerikako Estatu Batuetako frontoietan jokatzen genuen bezala. Esan banuen, esan nuen. Telefonoz ari zen Retegi II.ak bota zuen, tonu ironikoan, “Eta zergatik ez hiru saketara”!? Isildu ginen denok. Retegi  II.a zen, esku-pilotako jainkoa garai hartan.

Handik denbora gutxira sake bakarrera hasi ziren jokatzen; tradizioa hankaz gora jarriz.