Bolo-.bolo dabil igandeko finala, Jon, ezin duzu imajinatu zein neurritaraino! Egunkarietan elkarrizketak egunero, pilotari ohiei, aitonei, entrenatzailei, bataren izebari, bestearen lehengusuari… kalean harrapatzen duten mundu guztiari ia-ia… Gauza bera irratietan, telebistan, baita nor bere eguneroko bizimodu arruntean ere. Ematen du championsaren finala jokatzen dela. Eta hala da neurri handi batean: buruz buruko finala esku-pilotaren championsa da. Bolo-bolo ibiltzea ulertzekoa da, beraz.

Gaur lehenengo orduan etorri zait dendara Josetxo garraiolaria, kaxa batzuk deskargatzera. Oiartzuarra da Josetxo, Imaz, eskuzko pilotaria bezala. Lagunak dira, mendira joaten dira elkarrekin, zakurrekin. Binakako txapelketan behin baino gehiagotan ikusi nuen Josetxo telebistaz harmailetan bi besoak jasota, garrasika, Aimar eta Imaz animatuz.

Etortzen den bakoitzean pilotaz hitz egiten dugu. “Ez dakit”, esan dit Josetxok. “Sakearekin (Olaizola II.ak) asmatzen badu, kontuz!”.  “Bai”, erantzun diot. “Gaur egun banakako partidetan sakeak berebiziko garrantzia hartu du. Jokoaren % 60 da sakea”.

“Hor nonbait”, Josetxok. “Sake harrotu horrek, sekulako mina egiten du”, nik. Orojakilearen papera beteaz, abiada hartu dut. “Irakurri al zenituen lehengoan Atanilloren (Atano X.a) adierazpenak Diario Vascon? Ez zuela ulertzen sake mota hori, harrotutakoa alegia. Horrelako sakea ikusten ditudanean Floridan aurrelariek sakatzen duten estiloa ekartzen dit gogora. Han ere, zestaz jakina, sake bakarrera jokatzen da, pasa eginez gero, falta da. Marrazketa-luma hartuta ekin sakatu behar, beraz. Indar gutxirekin, harrotuz eta ezkerpareta bilatuz. Urtean zehar garatutako sakea da, denek hala sakatzen dute, binaka naiz bakarka”…

“A, bai e! Amerikan ibili zinen”?… aho zabalik Josetxo, ez baitzekien pilotan ibilia naizela.

Handik gutxira Patxi izeneko bezero bizarduna azaldu da dendan. Lenin garaiko itxura hartzen diot, bizarraz aparte, betaurreko borobilak, ile kalparra kizkur-kizkurra, bai, garaiz kanpoko iraultzailearen tankera du Patxik. “Noren alde igandean”? irribarrretsu. Taxuzko azalpenak espero ditu nigandik eta saiatu naiz Patxiren jakin-mina asetzen. “Begira”, esan diot “Orain arte ez dut emaitza bakar bat asmatu, baina hala ere, bustiko naiz. Altuna III.aren alde”!

Patxik ematen didan sentsazioa da partida guztiak ikusten dituela, zuzenean, aurrez grabatuta, ordu txikietan, atariko partidak, estelarrak, denak!… garai bateko marxista-leninista edo auskalo zeinen itxura duenak azterketa zehatza egin dit bi minututan. Aimarren kolpearen abiadura, Altunarena, tutik ulertu ez diodan azalpena eman dit termodinamikaren legeak kontuan hartuta… eskerrak beste bezeroak sartu direla eta alde egin duen.

Tabletarentzat kargatzaile bat behar nuela eta, tarte batean, inguruan dagoen bazar txinatar batera joan naiz. Bertan egoten den txinatarra ezagutzen dut, fotokopiak ateratzera etortzen da. Aurreko astean orri mordo batekin etorri zen. Mugi txartelak behar zituela eta, paperak osatu behar zituela. Xangaitik etorritako gurasoentzat eta beste hiru lehengusurentzat euren emazte eta semeekin. Hura orri mordoa ekarri zidana!

Atea bultzatu ahala, zintzarri salagarria. Tiiirrrrr…! Mostradorean da txinatarra. Senideak ez dira ageri, dendaren atzealdean egongo dira. “Kaixo!”,  agurtu nau. Irribarrea ezpainetan. Zer nahi nuen esateko astirik eman gabe, berak. “Aimal edo Altunalen alde, nola ikasten duzu igandekoa”? Falta zitzaidana! nire artean. Hauek ere pilotazaletu omen dira? Igandean bilduko ote dira denak, gurasoak, lehengusuak, ilobak… ETB ikusten, Euzkitze eta Tolosaren azalpenak entzuten?

Nire baitatik atera nau txinatarrak. “Napala edo giputxalen alde”? irribarre maltzurraz oraingoan. “Nile aita Olaizolalen aldekoa, badakizu aitonen arteko enpatia”… “Bada, esaoizu zure aitari ni gaztearen alde mila euroko apustua egin dudala”! Kar-kar egin du txinatarrak.

Sinets iezadazu, Jon, bolo-bolo dabil igandeko finala. Kalera atera besterik ez dago.

Emazteak, zure amak, Jon, oilasko papar batzuk erostera bidali nau harakinarengana. Erosketak auzoan egiten saiatzen gara, badakizu, komertzio txikia bultzatu behar baita. Estevez anaiak, mutilzaharrak dira laurak. Galtza motzetan etorri ziren Altzara (Donostia) Avilatik, gurasoekin batera. Pazientziaz beteta joan behar duzu, mantso-mantso, slow motion,  egiten baitute lana. “Zer, igandean ikusi beharko dugu finala, ezta”? “Kontxo”! Hauek ere pilotazaleak ote?!

Zaharrena hasi zait azalpenak ematen. “Gure aita zena gaztetan eskuz asko ibilitakoa zen Gaztelako herrietan, festetan eta abar. Sekulako afizioa dago frontoirako”, esan dit.

Halako batean atera naiz nire oilasko paparren paketearekin eta dendara itzuli aurretik, Cerrato senar-emazteak kudeatzen duten Coviran dendan sartu naiz, fruta eta barazkiak erostera. Pedro du izena senarrak. Dendaren atzealdean egoten da, fruta, barazkiak, gazta eta abar zerbitzatzen, baita loteria tiketak ere betidanik,  betiko bezeroei. Diru asko tokatu omen zitzaien duela urte dezente! Zenbaki bera jokatzen jarraitzen dute. Mesfidati hurbildu naiz Pedrorengana. Hasiko ote zait. Igandeko finaleko partidari buruz galdezka. Horixe bakarrik falta zait, txinatarra eta Estevez anaiekin nahikoa izan ez banu bezala…

Ez dit ezer esan. Haserre samar zegoen bezero batek platanoak ukitzen aritu delako, berahala ondatzen omen dira.

Kaixara joan naiz. Marikarmenek: “Egun on”! “Baita zuri ere”. Ordaindu dut eta irteten ari nintzela, Marikarmenek: “Zer, igandean Aimar edo Altunaren alde”?…

Sinets iezadazu, Jon, bolo-bolo dabil igandeko finala.

Aste ona izan, Jon!