Karmen eguna Markina-Xemeinen berezia da. Herriko jaiak direnez, “Pilotaren Unibertsitatea” leporaino betetzen da urtero zesta-puntako pilotari onenekin; baita aurten ere.
Karmen eguna berezia da pilotari ohiontzat; bilkura gune modukoa bilakatzen da pilotalekua. Diasporan bizi diren markinarrek, herriko festen tiradizoaz, ahaleginak egiten dituzte herrira itzultzeko. Herritik kanpo bizi direnak ere badira, egun seinalatuan agertzen dira.
Juan Jose Bilbon bizi da, urteak dira bertan ezkondu zela. Uztailak 16an, joan den Karmengo egunean elkartu ginen “Unibertsitatean” Juan Jose eta biok 30 urte elkar ikusi gabe pasatu eta gero. Bartzelonan ezagutu genuen bata bestea jokatzen ari ginenean, duela 47 urte.
Amerikako Estatu Batuetan, Bridgeporten, egin genuen topo berriro, 1982an. Elkarrekin bizi ginen etxe berean, Julian bere anaia eta Juanmari Iriondo ondarroarra. Bi anaiak mariatxizale amorratuak ziren. Jaiki orduko mexikar musika herrikoia jo eta ke entzungo genuen, etxean ematen genuen ordu guztietan: Vicente Fernandez, Jose Alfredo Jimenez, Alvaro Solis, Pedro Vargas… orduan ezagutu nituen.
“Ni bezainbat dakiena mariatxien gainean gutxi izango dira, ezta Mexikon ere. Hiru urte eman nituen Mexikoko hiriburuan jokatzen”. Vicente Fernandez eta Jose Alfredo Jimenezekin argazkiak badituela esan zidan. Noizbait erakutsiko zizkidala.
“Zer moduz anaia Julian”, galdetu nion. “Miamin bizi da, masaje emaile lanetan aritzen da. Ez dugu harremanik, ez gara eroaten” , erantzun zidan.
Bost operazio izan dituela Juan Josek azkenengo urteetan, ondo dagoela orain. Entzuna neukan minbizia izan ote zuen. Ez nintzen ausartu galderak egiten.
Anaien artean fenomenoa Jabier duzue, esan nion. Deustuko Unibertsitatean katedraduna, Euskaltzaindian euskaltzain oso.
“Bai, denetatik atera gara… Ez duzu jakingo baina arreba bat guardia zibila den kapitain batekin ezkondu zen”…
Informazio gehiago behar nuela, esan nion txantxetan. Agian badela gaia beste Patriarenbat asmatzeko. Barre egin genuen.
Aspaldiko adiskideak izatea badu abantaila. Nahiz 30 urte pasatu arren elkar ikusi gabe, egunero elkar ikusiko bazina bezain eroso sentitzen zara.
Datorren urte arte agur esanez agurtu ginen, Karmen egunean berriro elkartzeko.
Iruzkin berriak