Juan Ignazio Zulaika

Hilabetea: abuztua 2018

Annie Hall

   

      Duela zenbait urte zeharo maiteminduta egon nintzen Annie Hall izena zuen emakume batez. 1977ko udazkenean gertatu zen, Jimmy Carter zela Amerikako Estatu Batuetako presidentea. Artean, ni hogeita bat urteko pilotaria nintzen, eta Ocala Jai-Alai frontoian jokatzen nuen udako denboraldian.

   Pilotalekua, Ocala izena zeraman. Herriko lur-eremuetan kotatuta zegoen, Orange Lake konderrian, Alachua eta Marionekin muga eginez;  Floridako estatuan, hain justu.     

     Baina nik, Annie Hall ez nuen Ocalan ezagutu, Gainesvillen baizik. Pilotalekua inongo erdibidean galduta zegoen, basoz, arrantxoz, arrantzale etxolaz, eta krokodiloz betetako zingiraz inguratuta. Behartuta geunden oihan hartatik urruntzen, zibilizazioaren bila. Ondorioz, Gainesvillen alokatu genuen apartamentua.

Oso herri lasaia zen iraila bitartean. Bat-batean, irailean, hogeita hamar bat mila ikasle hurbiltzen ziren Gainesvillera, University Of Florida ospetsuan ikastera. Gaines jeneraleren ohorez sortutako herria —seminola tribuen aurka gerra-txikizioak egindako militarra—, campus izugarri bat bilakatzen zen uda amaieran, apartamentuen errenta-sariak, eta  trafikoko isunak, bi halakotuz. Lau urte ziren Vietnamgo gerra bukatua zela, eta bakearen aldeko ikasleen “manifak” eta protesta kantuak memoriaren ganbaran zokoratuta zeuden jada. Gogoko nuen herri hura, bizikletaz egiten ziren ikasleen joan-etorriak, fraternities eta sororities egoitzak, bazter guztietatik etorritako estudianteak, partyak (garagardo-festak) Crossby, Stills and Nashen musika eta belar errearen usain sarkorra;  gure etxekoneko zuzenbide ikasleak ziren Bill eta Toniren apartamentutik batik bat.

Annie Hall Gainesvilleko downtown-en ezagutu nuen, hiriko erdigunean, eraikin zahar bateko areto batean,  Backstage izeneko tabernan. Gauero ikasle andana biltzen zen bertara, modan baitzegoen. Handik gertu, Talese ́s izeneko taberna zegoen, han ezagutu nuen nik zuzeneko jazz musika, garagardo pare bat hartzen nituen bitartean.

  

   Ikusi bezain pronto maitemindu nintzen. Haren irribarre-garbia, begi beltzaranak betaurreko handien atzean ezkutatuta, masail biribil-biribilak. Janzteko estilo elegantea eta, aldi berean, informala. Txalekoa, alkandora zuria eta gorbata, lihozko galtza lasaiak, zuri kolorekoak haiek ere. Klasea zuen emakumea zen Annie Hall, klasea zerion alde guztietatik. Gainera, tankera hartzen nionez  emakume jasoa, kultua, alegia.

   Nire desesperaziorako, denbora guztia gizontxo batekin eztabaidatzen pasatu zuen. Gizontxoa burusoila zen, kristal lodiko betaurrekoak zeramana, pastaz egindako egitura. Alvey deitzen zion gizontxoari. Bere bikotekidea zirudien, niri ulertezina egiten bazitzaidan arren.

  Aukera izanda, ez dakit izango nuen nahikoa adorea harengana hurbiltzeko, bion arteko distantzia gaindiezina iruditzen zitzaidalako; hain goian ikusten bainuen. Zelata egitearekin etsi nuen, haien solasaldia entzunda. Gehien jota, zera egin nezakeen, amestu, egunen batean Annie frontoiko aparkalekuan nire zain egongo zela, ni ezagutzeko asmoz, neska batzuekin gertatzen zitzaigun bezala. Handik, Gainesvillera abiatuko ginen, 441 errepidea hartuta, Backstage tabernara eta han  biok mahai batean eseriko ginen, nik  michelob bat eskura, bloody-mary bat berak. Hitz egingo nion Garcia Lorcari buruz, amerikarrek maite duten poeta baita. Edo, agian, Kerouak, Allan Ginsberg eta  beat belanauldiko morroi batzuen gainean. Ziur inpresionatuko nuela eta konturatuko zela ez nintzela kirolari soil bat, banituela beste burutazio batzuk. Hain kultua iruditzen zitzaidan Annie Hall, zerbait asmatu beharra nuen haren mailan egoteko.

Agian, batek daki… nitaz maitemindu eta popatik hartzera bidaliko zuen Alvie “gizajoa”. Planak egingo genituzke nire oporretan, denboraldia amaitu bezain pronto nuen VW kanperra hartu eta I-75 autobidean zehar, Floridako cayoe-tara joateko.

Key Westeko kaleetan paseatuko ginateke, Sloppy Joe ́s-en zerbeza edango genuke, juke-box-etik sortutako Jimmy Buffet-en “Mother, mother ocean, I hearyou cryentzuten genuen bitartean; eta handik, Ship ́s and Wheels-en otarraina bana jango genuke; ondoren, key-lime pie pastela!

    Bi txartel bost dolarretan erosi, bi mastako belaontzia hartu eta, bi orduz, Kubarantz abiatuko ginateke, berde koloreko uraren gainean beti, izurdeak atzetik genituela. Brankan eseri eta musuka ariko ginen Annie Hall eta biok.

   Ez nuen etsi. Gauero Backstagera joaten jarraitu nuen, Annie han ikusiko nuen esperantzarekin, bloddy-mary bat aurrean zuela, lagun-giroan eserita. Bat-batean, begirada altzatuko zuen eta niri begira, irribarre gozo batekin, eskuarekin imintzio egingo zidan, beraiengana hurbiltzeko adieraziz.

    Ez zen inoiz gertatu, nahiz eta ni gauero bertara joan. Funtzioa bukatu bezain laster, segundo bat galdu gabe, Highway 441 hartzen nuen, Micanopy izeneko lur-eremua atzean utziz. Abaila batean,  denbora gehiago eduki nezakeen, taberna goizeko ordu bietan isten zutelako. Leku estrategikoan jartzen nintzen, barraren erdi-erdian, nire begiak Annieren bila. Ez nuen gehiago ikusi. Zantzu bakarra, Backstageko sarreraren gainean, txartel haundi bat: ANNIE HALL hizki handietan. Beste miresle baten lana ote zen, bururatu zitzaidan. Neonezko errotulu erraldoi hark, bizpahiru aste iraun zuen. Ez nuen amorerik eman bere bila denbora horretan; alferrik ordea.

Ocalako 1977ko denboraldia bukatu zen. Geroztik, ez dut izan Annie Hallen berririk.

Bukowski maite genuen

Etxe eder bat alokatu genuen Tampan, Florida, Amerikako Estatu Batuetan, 76ko denboraldian, MacDill aireportu militarretik gertu. Chapin kalean zegoen etxea, Dale Mabry etorbidearen ondoan, pilotalekutik minutu gutxira. Kale lasaia, cul de sac zenez, trafikorik gabekoa, bizilagunena izan ezik. Zorte handia izan genuen etxe hura bost hilabeterako alokatu izana; izan ere, denbora laburregia alde batetik, bestaldetik, gazteak eta parrandazaleak ginenez, bekozkoz begiratzen ziguten alokatzaile gehienek; beraz,  loteria tokatu zitzaigula esan liteke.

Denboraldi hartan Joxeramon Lujanbio min hartuta zegoenez, Euskal Herrian geratu zen, ebakuntza egin behar ziotelako-edo. Sebastian Arruabarrena, Joakin Alkorta eta hirurok bizitzen jarri ginen elkarrekin. Lehendabiziko egunsentian damutu ginen etxe hura alokatu izana, ordu gutxi loak hartu gintuela, zarata ikaragarri bat, leherketa modukoa, sentitu genuen gure buruen gainean. Hegazkin istripuren bat edo, lehenengo burutazioa.

MacDill militar basetik goizero ateratzen ziren eskuadrilla desberdinak ariketak egitera, Phantom hegazkinak, gure etxeko teilatutik metro gutxira pasatzen ziren Mexikoko Golkoan barrena desagertu aurretik.      “Konponduta gaituk”, esan zuen Astigarragako Sebastianek.

“Luzitu gaituk aurten”, gehitu zuen Joakin mutrikuarrak.

Handik hiru egunera, MacDilleko, Estatu Batuetako eta NATOko bonbardatzaile guztiak gure etxeko teilatu gainetik pasatuko baziren, gu ez ginen jabetuko. Hogei urteko morroi axolagabeak ginen, legezaharreko pilotarien bizimodua eramanez, ordu txikietan oheratuz.

Akordatzen naiz, gure etxearen aurrean bizi baitzen. Cadillac beltza gidatzen zuen, traste zahar bat. Auskalo zein urtetakoa, Almorzak, Zaldiak, zeukana bezalakoa, baina askozaz zaharragoa. Telebistan serie bateko protagonistak, Cannon detektibeak, zeukan igualtsua.

Tipoa itsusia zen, aurpegia pikorrez beteta, bizar urdina apaindu gabekoa, betaurreko beltz lodi . Hasiera batean beldurra ematen zuen, Ogroa ezizena jarri genion. 60 urtetik gora izango zuen; agure zahar bat guretzat, oso zaharra.

Berak, begi onez ikusten gintuen, gustukoa zuen nonbait halako auzoak izatea, gazteak, zaratatsuak. Party bat antolatzen genuenean, etxe ataritik begira geratzen zen, ume baten legez izozki batera gonbidapenaren zain edo. Denboraldi hartan erosi nuen Honda 750 motozikleta, lau zilindrokoa. Inoiz motor bat gidatu gabekoa, ari nintzen goiz batean eginhalak egiten motorra mendean hartzeko. Hurbildu zitzaidan Ogroa esanez, nahiko gaztelera txukunean:

“Usted, tener más valor que El Cordobés”

Barrezka hasi ginen biok.

Trago bat  hartzera gonbidatu nuen.

“Vodka bat tonika bikoitzaz eta lima pittin batekin jartzen badidak, eskertuko nikek”…

“Limarik ez daukat”, esan nion.

“Entzun, gazte, gauean hire ohean lo lasai egin nahi baduk, hobe duk lima lortu. Aitzakiarik gabe, adiskide, ez baduk izan nahi arnasketa arazorik.

Ikaratu nintzen, eskerrak une horrretan azaldu zela Sebastian ohetik jaiki berria. Ogroa algaraka hasi zen.

I was jus kidding with your roommate”, (Hire lagunarekin txantxetan ari ninduan), esan zion Sebastiani gure bizilagunak.

Begi klisk batean hiruzpalau vodka hartu zituen segidan. Gazteleraz batzutan, ingelesez besteetan, Los Angelestik Tampara etorri berria zela alabari bisita egitera, eta, bide batez, Txolar Gorriaren… bila, hori da nik ulertu niona behinik behin, nire ingeles maila kaskarra baitzen. Idazlea omen, baina nik frakasatu eta zurrutero itxura harekin ez nuen pentsatu idazle profesionala zenik; ospetsua, seguruena ez. Dena dela, garai hartan Nobel saridun bat gure etxean azaldu izan balitz, guk ez genion jaramonik egingo. Guk beste asmo batzuekin bizi ginen.

Sekulako mozkorrak harrapatuz gain, bazen zerbait berezia Ogroarekin, noiznahi jende ezberdina, emakumeak batik bat, bisitatzen zutela. Tarteka berebiziko haserreak erakutsiz, bisitariak popatik hartzera bidaliz.

Eguerdi batez, ate joka norbait gure etxeko atarian. Sebastianek ireki zuen atea. Bi morroi, mafioso itxurakoak, kapela eta gabardinaz jantzita; halako janzkerak deigarri ziren Floridan. Handienak, armairu bat bezain zabala, galdezka, errusiar-edo abizeneko batengatik.

-Hemen gauza onik ez ziok”, esan zidan Sebasek.

Bost bat minutu geroago, gure etxe aurrean ziren. Eztabaidan hasi ziren bi gorila eta Ogroa. Halako batean, Ogroak, egundoko ukabilkada eman zion estomagoan armairua zirudien kankailuari. Denbora galdu gabe 45 kalibreko errebolberra jarri zion kopetan beste gorilari. Korrika atera ziren biak, Pontiac Lemans batean sartu eta gurpilei txinpartak atereaz, ihesari eman zioten, Ogroak oihu egiten zien bitartean:

“¡Ask the dust”…!

Guk, leihotik begira, ez genuen tutik ulertzen zer gertatzen ari zen.

Urte hartan erosi nuen Honda motozikleta eta igande goizetan Clearwaterko hondartzara joaten ginen Sebastian eta biok. Itzulerakoan Ogroa gonbidatzen genuen trago batzuk hartzera, gu noiz etorriko zain egoten baitzen. Zurruta eta zaldi lasterketak gustatzen zitzaizkion —beti zeraman soinean zaldi lasterketarako programaren bat—, eta emakumeak ere gustatzen zitzaizkion, jakina. Ez zen harritzekoa Dale Mabry etorbidetik pasatzen ginenean, Lamas Club aparkalekuan Ogroaren Cadillac-a ikustea, zurruta egitera eta emakumeen bila joaten baitzen. Jai-alai-a Tijuanatik ezagutzen zuen, ez zuen gustukoa frontoia baina, nahiago izaten zituen zaldi karrerak. Bere editoreak bidalitako txeke bat jaso bezain pronto Sarasotako hipodromora joaten zen apustuak egitera.

Denboraldi hartan Gillermoren bisita izan genuen. Gillermo zen zesta-puntak emandako pilotari handienetakoa, baita golfo handiena ere, beharbada. Ogroa eta Gillermo elkar ezagutu zirenean, berehala sortu zen bien artean kimika berezia, betidanik ezagunak izan balira bezala. Gillermok artean 66 urte zituen, hortxe-hortxe ibiliko zen Ogroa baita ere. Zaharrak guretzat, oso zaharrak.

Artean, gu ez ginen konturatzen Gillermoren garrantziaz, zenbaterainoko figura izandakoa zen jai-alai munduan. Gillermo Amutxastegi, Ondarroan jaioa 1910ean, hamabi urterekin Madrilen debuta egin, handik urtebetera Cienfuegos (Kuba) jokatu zuen. Hamabost urterekin Miamin zen jokatzen Hialeah pilotalekuan, Floridan eraikitako lehendabiziko frontoian; 1924an jaso baitzuten, hain justu. Gillermo oso gazte egin zen figura, atzelari onena. Kantxa barruan onena bazen, kantxatik at ere, fenomeno apartekoa izan zen, ausarta, bizimoduari zukua ateratzen zekiena. Hamabost urte zituela, Miamiko Byskaine pilotalekua hurakan batek suntsituta utzi ondoren, Gillermok ihes egin zuen New Yorkera joateko, Jack Smith gaizkilearekin gangsterraren ofizioa ikastera.

Amerikako Estatu Batuek eman badute Bukowski bezalako idazle lotsagabe, politikoki ez-zuzena, beste hainbeste esan dezaket Guillermori buruz, ausarta zen, lotsagabea, galtzailea, bere burua amildegira eramateko prest zegoen hura! Gillermo bat etortzen da Pio Barojaren irudikapenetik sortutako pertsonaiekin… Gillermoren bizitza, —Neuk! liburuan Pako Turrillas kazetari donostiarrak kontatua— abenturetako nobela sailean koka genezake. Hain da indartsua, hain sinestezina.

Gure harremana Guillermorekin guztiz arrunta izan zen, beste lankide batekin izango genuena. Bera ere, guretako bat sentitzen zen, erlojua geratuta baleuka bezala. Izan ere, pilotariok badugu zerbait amankomunean, garai ezberdinetakoak izan arren, solasaldi berdinak ditugu, harrokeria puntu berbera, festarako bera.

Gillermo eta Ogroa lagunak bilakatu ziren. Biak bakarrik gelditzen zirenean, ez dakit zertaz berba egiten zuten. Afaldu ostean, ordu txikitan banan-banan erretiratzen ginenean, han gelditzen ziren bi beteranoak, zurrutan, solasaldian, egunsentira arte. Beste galaxia batekoak ziren.

Tampako denboraldia bukatu eta batzuk Ocalara jokatzea joan ziren. Nik, urte hartan, Euskal Herrirako bidea hartu nuen, itsasoz, New Yorketik Cherbourg-era (Frantzia), Queen Elizabeth II trasatlantikoan, Sebastian, Etxeba eta Azkaraterekin batera, Hegoalde eta Iparraldeko frontoietan jokatzera.

Ogroa, Charles Bukowski, ez nuen gehiago ikusi. Ahaztuta nengoen berataz liburu bateko kontrazalean duela hilabete gutxi identifikatu nuen arte. Zeinek esango zidan, artean, Ogroa kultuko idazlea zenik, dirty realism-aren aitapontea. Zeinek esango zidan niri halakorik,1976ko denboraldian, Tampako Chapin kalean, hogei urte nituenean eta nire burutazioak beste leku batzuetan zeudenean.

Jostaldi pilotalekua Hondarribian

Arratsaldeko laurak dira. Bero sapa pilotalekuaren kanpoaldean, 30 bat gradu egingo ditu, pentsatu dut nire artean, eskerrak iparraldeko brisari, batek daki bestela. Aparkalekua hutsik, bizpahiru auto izan ezik. Bista altxa eta, eraikinaren fatxadan irakur daiteke: JOSTALDI PILOTALEKUA. Gainean, oihal batean, irakur daiteke: Hondarribia Jai-Alai, hiru hizkuntzetan iragarkiak zera dio: ostiral guztietan, uztaila eta abuztuan, zesta-punta partidak, 20:00 etan-

Sartu naiz pilotalekuan. Beroa itogarria da, jasanezina, suediar sauna baten antzekoa. Pilotaren hotsa hormen kontra, oihu batzuekin nahasten da: “Sartu”!… “Irten¡”… gero eta ozenago… korridoreak kantxara eramaten du. Lau pilotari, lau ausartak, kolore desberdineko elastikoekin berebiziko partida jokatzen ari dira. Harmailak hutsik daude.

Bi pilotari urrutitik etorriak dira, Mexiko hiriburutik. Beste biak euskaldunak dira, gipuzkoarrak, hondarribiarra bat, errenterirara bestea. Duda sartu zait, bertan geratu edo inguruko kafetegi batera joan, aire egokituaren abaro bila. Geratzea erabaki dut.

Bizkarra erabat izerdiz blai sentitzen dut. Nire buruari galdetzen diot nola sentituko diren lau ausartak, ordu horretan, halako hotz-beroetan. Zer motibazio sentitzen ote duten.

Daniel Inclan eta Eduardo Cordovak, bi mexikarrak, badakite saio hauen mende dagoela sailkapena datorren urrian Bartzelonan jokatuko den Munduko Zesta-punta Txapelketarako. Lehendabizi Mexikon jokatu beharko dute Txapelketa Nazionala. Irabaziz gero, Bartzelonan izango dira.

Eduardo Cordovak atzean jokatzen du, 30 bat urte izango ditu, gerri-bueltan nabaritzen zaio kilo batzuk soberan dituela. Uniformeak egiten dituen entrepresa bateko nagusia da. Konfiantza handia dauka sailkatzeko, bikote ona osatzen dutela. Gainera, egun hauetan saio asko egiten ari dira, aukera ematen dieten une eta egun guztietan. Dagoeneko, Biarritz, Mutriku, Gernika, Zumaian aritu dira entrenatzen…

Daniel Inclan abokatua da, Samuel Inclan handiaren lehengusu propioa,

—Mexikok eman duen puntista onenetakoa— nekatuta omen dago, bart Biarritzen entrenatzen aritu ostean afaria, gero parranda txiki bat ere bai. Beteranoa da Inclan, berrogei urte paseak. Antzematen da ofizioa ezagutzen duela, zeharkako errematea, errebotea bi eskuekin, erraz mugitzen da kantxan, gazte debutari baten sasoiaz.

Biek jokatu dute profesionaletan joan den denboraldian Mexiko hiriburuan.

Beste lekuetan, beste kiroletan, tenperaturak hain gora egiten duenean, gizakiaren osasuna arriskuan jartzen denean, eten egiten da jokoa. Hemen ez. Barregura ematen didate muturreko kirolek hau ikusita. Lau ausartek berearekin jarraitzen dute, lagunak aldatu eta segi aurrera, atsedenik hartu gabe.

Oier Enrique errenteriarra da, gaur du oporretan lehenengo eguna. Ondartzara edo mendira joan ordez, entrenatzera etorri da, gustatzen zaiona egitera. Urteak darama horrela, pilotari bezela edo monitore lanetan. Gaur sparring lanak egitea egokitu zaio Mexiko maila gorenera eraman nahi duen bikote batentzako.

Antton Agueda da Oierren atzelaria, 25 urte ditu eta injeniari elektronikoa da. Antton, Yoni Amboagerekin batera, biak hondarribitarrak, Hondarribiako Pilota Eskolaren alma materrak dira. Nire buruari galdetu diot zer litzateke pilota bolondres horien gabe… Aurten sekulakoa lortu dute. Hondarribia eraman dute Herriarteko txapelketara, zesta-punta modalitatean

Lanak bere fruituak ematen dituela, irakurri dut pilotalekuaren sarreran.

Ordubete pasea daramate jo eta ke, korrika barrura, zabalera, aurrera, paretan gora, erreboteatzen, erremateak egiten… Halako batean Antton kantxatik irten da eta ur botila bat eskaini dit. Ezetz esan diot nahiz eta deshidratatzen egon. Solidaritatez, errukituta sentitu naiz, izerdi patsetan egon arren.

Beste ordu erdi bat joan da, bostak eta erdiak dira jada. Gustatuko litzaidake berriketan egitea beraiekin, euren bizitzaz pitin bat gehiago jakitea, baina osasuna dut jokoan. Berriro diot, barregura ematen didate muturreko kirolek. Hondarribiko Jostaldi pilotalekura etor daitezela, hartu zesta eskuan eta hasi astintzen, lau ero horiek egiten ari diren moduan, helburu desberdinarekin baina pasio berberaz.

  

© 2023 Kontrakantxatik

Theme by Anders NorenUp ↑

Featuring WPMU Bloglist Widget by YD WordPress Developer