Duela zenbait urte zeharo maiteminduta egon nintzen Annie Hall izena zuen emakume batez. 1977ko udazkenean gertatu zen, Jimmy Carter zela Amerikako Estatu Batuetako presidentea. Artean, ni hogeita bat urteko pilotaria nintzen, eta Ocala Jai-Alai frontoian jokatzen nuen udako denboraldian.
Pilotalekua, Ocala izena zeraman. Herriko lur-eremuetan kotatuta zegoen, Orange Lake konderrian, Alachua eta Marionekin muga eginez; Floridako estatuan, hain justu.
Baina nik, Annie Hall ez nuen Ocalan ezagutu, Gainesvillen baizik. Pilotalekua inongo erdibidean galduta zegoen, basoz, arrantxoz, arrantzale etxolaz, eta krokodiloz betetako zingiraz inguratuta. Behartuta geunden oihan hartatik urruntzen, zibilizazioaren bila. Ondorioz, Gainesvillen alokatu genuen apartamentua.
Oso herri lasaia zen iraila bitartean. Bat-batean, irailean, hogeita hamar bat mila ikasle hurbiltzen ziren Gainesvillera, University Of Florida ospetsuan ikastera. Gaines jeneraleren ohorez sortutako herria —seminola tribuen aurka gerra-txikizioak egindako militarra—, campus izugarri bat bilakatzen zen uda amaieran, apartamentuen errenta-sariak, eta trafikoko isunak, bi halakotuz. Lau urte ziren Vietnamgo gerra bukatua zela, eta bakearen aldeko ikasleen “manifak” eta protesta kantuak memoriaren ganbaran zokoratuta zeuden jada. Gogoko nuen herri hura, bizikletaz egiten ziren ikasleen joan-etorriak, fraternities eta sororities egoitzak, bazter guztietatik etorritako estudianteak, party–ak (garagardo-festak) Crossby, Stills and Nashen musika eta belar errearen usain sarkorra; gure etxekoneko zuzenbide ikasleak ziren Bill eta Toniren apartamentutik batik bat.
Annie Hall Gainesvilleko downtown-en ezagutu nuen, hiriko erdigunean, eraikin zahar bateko areto batean, Backstage izeneko tabernan. Gauero ikasle andana biltzen zen bertara, modan baitzegoen. Handik gertu, Talese ́s izeneko taberna zegoen, han ezagutu nuen nik zuzeneko jazz musika, garagardo pare bat hartzen nituen bitartean.
Ikusi bezain pronto maitemindu nintzen. Haren irribarre-garbia, begi beltzaranak betaurreko handien atzean ezkutatuta, masail biribil-biribilak. Janzteko estilo elegantea eta, aldi berean, informala. Txalekoa, alkandora zuria eta gorbata, lihozko galtza lasaiak, zuri kolorekoak haiek ere. Klasea zuen emakumea zen Annie Hall, klasea zerion alde guztietatik. Gainera, tankera hartzen nionez emakume jasoa, kultua, alegia.
Nire desesperaziorako, denbora guztia gizontxo batekin eztabaidatzen pasatu zuen. Gizontxoa burusoila zen, kristal lodiko betaurrekoak zeramana, pastaz egindako egitura. Alvey deitzen zion gizontxoari. Bere bikotekidea zirudien, niri ulertezina egiten bazitzaidan arren.
Aukera izanda, ez dakit izango nuen nahikoa adorea harengana hurbiltzeko, bion arteko distantzia gaindiezina iruditzen zitzaidalako; hain goian ikusten bainuen. Zelata egitearekin etsi nuen, haien solasaldia entzunda. Gehien jota, zera egin nezakeen, amestu, egunen batean Annie frontoiko aparkalekuan nire zain egongo zela, ni ezagutzeko asmoz, neska batzuekin gertatzen zitzaigun bezala. Handik, Gainesvillera abiatuko ginen, 441 errepidea hartuta, Backstage tabernara eta han biok mahai batean eseriko ginen, nik michelob bat eskura, bloody-mary bat berak. Hitz egingo nion Garcia Lorcari buruz, amerikarrek maite duten poeta baita. Edo, agian, Kerouak, Allan Ginsberg eta beat belanauldiko morroi batzuen gainean. Ziur inpresionatuko nuela eta konturatuko zela ez nintzela kirolari soil bat, banituela beste burutazio batzuk. Hain kultua iruditzen zitzaidan Annie Hall, zerbait asmatu beharra nuen haren mailan egoteko.
Agian, batek daki… nitaz maitemindu eta popatik hartzera bidaliko zuen Alvie “gizajoa”. Planak egingo genituzke nire oporretan, denboraldia amaitu bezain pronto nuen VW kanperra hartu eta I-75 autobidean zehar, Floridako cayoe-tara joateko.
Key Westeko kaleetan paseatuko ginateke, Sloppy Joe ́s-en zerbeza edango genuke, juke-box-etik sortutako Jimmy Buffet-en “Mother, mother ocean, I hearyou cry” entzuten genuen bitartean; eta handik, Ship ́s and Wheels-en otarraina bana jango genuke; ondoren, key-lime pie pastela!
Bi txartel bost dolarretan erosi, bi mastako belaontzia hartu eta, bi orduz, Kubarantz abiatuko ginateke, berde koloreko uraren gainean beti, izurdeak atzetik genituela. Brankan eseri eta musuka ariko ginen Annie Hall eta biok.
Ez nuen etsi. Gauero Backstagera joaten jarraitu nuen, Annie han ikusiko nuen esperantzarekin, bloddy-mary bat aurrean zuela, lagun-giroan eserita. Bat-batean, begirada altzatuko zuen eta niri begira, irribarre gozo batekin, eskuarekin imintzio egingo zidan, beraiengana hurbiltzeko adieraziz.
Ez zen inoiz gertatu, nahiz eta ni gauero bertara joan. Funtzioa bukatu bezain laster, segundo bat galdu gabe, Highway 441 hartzen nuen, Micanopy izeneko lur-eremua atzean utziz. Abaila batean, denbora gehiago eduki nezakeen, taberna goizeko ordu bietan isten zutelako. Leku estrategikoan jartzen nintzen, barraren erdi-erdian, nire begiak Annieren bila. Ez nuen gehiago ikusi. Zantzu bakarra, Backstageko sarreraren gainean, txartel haundi bat: ANNIE HALL hizki handietan. Beste miresle baten lana ote zen, bururatu zitzaidan. Neonezko errotulu erraldoi hark, bizpahiru aste iraun zuen. Ez nuen amorerik eman bere bila denbora horretan; alferrik ordea.
Ocalako 1977ko denboraldia bukatu zen. Geroztik, ez dut izan Annie Hallen berririk.
Iruzkin berriak