Adinekoa zen gizona. Igerilekutik ezagutzen genuen. Goizero ikusten genuen irteten bere apartamentutik gurditxo batean. Izan ere, guk, bazkaldu aurretik ordubete-edo ematen genuen igerilekuan, bainu bat hartu eta eguzkitan etzanda, karramarroen moduan. Kontu handiz, ordea, Floridan bero sapa egiten du ia-ia urte osoan, eta ez da komenigarri kirolari batentzat eguzkitan egotea. Nerbioa jan egiten dizu, ahuldu arte.

Hura bizimodua! Paradisua existitzen bada, gertutik ezagutu genuen, nahiz eta askotan pentsatu infernu batean bizi ginela, pilotalekuan jasaten genuen presioa medio.

Artean, 1977an, hogeita bat urte nituen. Goizean nahikoa lo egin ondoren, gosaldu, erosketak egin astean bitan, eta hondartzara joaten ginen maiz. Bestela, bainujantzia eta toalla hartu eta, igerilekura. Ondoren etorriko ziren bazkaria, siesta eta frontoira joateko ordua. Pilotalekuko lanak bukatu ostean, gauero, klub batera edo bestera, garagardo batzuk edan eta, neskaren bat egokitzen bazen, orduan bai: what a wonderful world! mundu zoragarria! alegia.

Hasiera batean, agure elbarriak ez zigun kasurik egiten; ezta guk berari ere. Apurka-apurka, ordea, elkar agurtzen hasi ginen, “Hi!”, (kaixo) lehor batekin.

Gurdian eserita, itzalean jartzen zen, bere apartamentuko atarian, uretatik metro gutxira. Behin batean, garagardo bana eskaini zigun. Baita guk onartu ere. Bakarrik bizi zen. Koreako gudan ibilia, zangoak moztu zizkioten. Geroztik, war veteran gisa, pentsio txar bat jasotzen zuen. Marihuana erretzen zuen, sendagileak hala aginduta.

Fucking war!” esaldia maiz aipatzen zuen.

Konfiantza hartzen hasi ginenean marihuana zigarroren bat eskaintzen hasi zitzaidan.

“Kalitate handiko pot duk hau, gobernuaren bitartez lortuta”.

George musika zale amorratua zen. Big band orkestrak zituen gogoko. Glen Miller, Tommy Dorsey edo Benny Goodman. Bi bozgorailu jartzen zituen ate ondoan eta Amerikako Estatu Batuetako big band ospetsuen berri ikasi genuen Georgeri esker.

Dantzari amorratua omen zangoak galdu aurretik. Depresio urteetan, 1920. hamarkadan, langabezian, gorriak ikusi zituen. Urte latz haietan dantza lehiaketak antolatzen ziren. Maratoi antzerako dantzaldiak, orduak eta orduak ematen zituzten pistan, atsedenik hartu gabe, bikote dantzariak lehertzeraino. Zutik gelditzen zen bikoteak eramaten zuen saria. Batean, Georgek, Cathy andregaiarekin, hogei ordu segidan eman zituen dantzan. Leher eginda, oinak arrastaka utzi zuten dantzalekua, bost bikote lehian jarraitzen zuten bitartean.

” Oh, boy, that was insane“, erokeria zela, alegia, esan zidan.

Eguerdi batez, Sebastian eta Joakin bazkaria prestatzera alde egin zutela, biok bakarrik geundela, garagardo botila eskuetan, Benny Goodmanen orkestra jo eta ke, Georgek, aurpegia serio, esan zidan.

“Juan, zerbait kontatu nahi dizut.

Banuen iloba bat, Theresa. Hogei urte zituen. Jai-alai player batekin ateratzen hasi zen. Ez naiz bere izenaz akordatzen, bai abizena. Mandiola. Planta ederreko mutila zen, pilotari ona gainera!”

Ez zen gai izan hizketan jarraitzeko. Malkoak sumatu nituen masailetan behera. Utzi nion bere onera etortzen, arnasa berreskuratu zezan. Georgek, ozta-ozta berrekin zion istorioari.

Abendua omen zen. Tampan (Florida) neguak samurrak izan arren, badira gauak hotz samarrak, ipar-ekialdeko haize leiaren ondorioz.

Demetriok eta Theresak planak egin zituzten drive-in zinema batera joateko. Tampa Jai-Alai pilotalekuaren aldamenean zegoen lur sail handi bat, pantaila erraldoi batekin. Autoak lerroz lerro, ikusleek auto barrutik jarraitzen zuten filma.

Gau seinalatu hartan ohikoa den baino hotz handiagoa egin zuen. Motorra piztuta utzi zuen Demetriok. Buick zaharraren erraietatik ateratzen zen haize beroak auto barrua girotu zezan.

Gozo-gozo biak, apurka-apurka, betiko loak harrapatu zituen. Inoiz ez esnatzeko.

Poliziaren txostenaren arabera, karbono-monoxidoaren eraginez hil ziren Theresa eta Demetrio Mandiola, gaueko hamabiak aldean. Besarkatuta aurkitu zituzten. Filmaren titulua eta dena agertzen zen txostenean: “They shoot the horses. Don´t they”? (“Zaldiak akatzen ditugu ba”)

Demetrio Mandiola Solozabal, aurrelaria. Etxebarriko (Bizkaia) Ubei baserrian jaioa, 1930.eko abenduaren 22an. Palma de Mallorcan jokatu zuen, 1951tik 1954a arte. Baita Zaragozan eta Bartzelonan ere. 1958an Madrilgo Recoletos pilotalekuan ari zen. 1958tik 1960ra, Tampan (Florida).

 “Istripuz” hil zen Tampan, 1960an.