Aldageletan gaude. Bridgeport-eko (AEB) Jai-Alai pilotaleku erraldoian. Partida (kiniela) bukatu berria da. Pilotariak irten gara kantxatik, maldizio batzuk entzuten dira, batek kaskoa jaurti du lurrera amorrazioz, buru makur goaz pilotari gehienak. Bestela, isiltasuna. Bakoitza bere armairura doa. Hurrengo kiniela jokatu behar dutenak, kamiseta aldatzera. Ez da nire kasua, bederatzigarren kiniela ez dut jokatzen. Hamargarrena arte itxaron behar dut, beraz. Jaka jantzi dut eta goiko solairura joango naiz. Egongela handi bat dago bertan, telebista ikusteko edo kartetan jolasteko.

Armairu baten kontra erdi etzanda ikusi dut Badiola ondarroarra, zigarro bat esku batean, liburuxka bat bestean. Arraroa egin zait. Pilotari bat liburu bat irakurtzen aldageletan, partiden arteko atseden denboran.

Zer ari den irakurtzen galdetu diot Badiolari, jakin-mina asetzeko. Hitzik esan gabe eskua jaso eta liburuxkaren azala erakutsi dit. “La mascota de la pradera”, titulua. Marcial Lafuente Estefania, egilea.

Ahaztuta neukan Estefania kutuna. Zeharo gainera. Haurtzaroan, debuta egin aurretik (14 urterekin) Estefaniaren mendebaldeko nobelak bata bestearen atzetik irakurtzen nituen. Berdin zitzaidan —100 orriadeko liburuxkak, esku baten tamainakoak—  gehienak berdin samarrak izatea. Planta ederreko bakeroa, ia-ia bi metrokoa, ilehoria, herrixkara iristen zen. Berehala hasiko zen justizia egiten, herriko jauntxoaren aurka eta honen morroiak mendean hartuz, tiroketa eta hildako ugari bidean.

“Cayó cuan largo era”, zenbat eta zenbat halako esaldi gogoangarri!

A! eta bukaeran, arrantxoko jabearen zintzoaren alabarekin ezkonduko zen, herriko sheriffa izendatzen zuen aldi berean. Zoragarria benetan!

Tolosan (Gipuzkoa) eman nuen haurtzaroa. Korreo kalearen bukaeran, Cafe Iruña eta Gorriti tabernatik gertu, bazen liburu-denda txiki bat, Vargas izenekoa. Han aurkitzen nituen Marcial Lafuente Estefaniaren mendebaldeko nobelak. Merkeak izan behar zuten, nahikoa merkeak. Behin irakurri ostean, gainera, trukatzeko aukera ematen zuen dendariak, zerbait ordainduta.

Hura pagotxa! Ni bezalako Estefaniazale batentzat.

Nolako zura halako ezpala. Gure aita zenak ere makina Estefaniaren liburuxkak irakurri omen zuen soldaduska garaian. Eskuz esku pasatzen zituzten koadrila euskaldunen artean. Berari esker izango nuen Estefaniaren berri, pentsatzen dut.

2.600 liburutik gora idatzi zituen Marcial Lafuente Estefaniak, tarteka ezizenak erabiliz. Toledon (Espainia) jaioa 1908an, ingeniari ikasketak burutu zituen. Espainiako Gerra Zibilean jeneral izendatu zuten. Gerraostean, erbesterako bidea hartu ordez, bertan gelditu zen. Presondegian hasi zen idazten. “Orririk ez, ezta lumarik. Lapitzez eta komuneko paperean hasi nintzen idazten”, aitortu zuen handik urte batzuetara, idazle ezaguna egin zenean.

Jardiel Poncela idazlearen aholkua jarraitu zuen. “Idatzi, jendea dibertitzeko. Dirua irabazteko bide bakarra da”.

Baita asmatu ere. Gerra ondorenean, eta geroago ere bai, astean behin argitaratzen zen Estefaniaren mendebaldeko nobela berri bat. Vargasen liburu-dendara ez ezik, urrutiago ere iristen ziren haren lanak. Atzerrian, Latinamerikan eta hainbat tokitara. Texasen (AEB), erietxetan, latindar jatorrizko gaixoei ozenki irakurtzen omen zizkieten Estefaniaren mendebaldeko nobelak.

Badiolari eskatu nion uzteko liburuxka berak bukatu ostean. Ez zen burutazio egokia izan. Hasi nintzen irakurtzen eta 20 bat orri irakurri ostean, bertan behera utzi nuen. Irentsiezina egin zitzaidan. Ezin aurrera jarraitu.

Tolosako Vargas liburu-denda itxi eta taberna ireki zuten bertan, izen bera mantenduz. Badiola ikusten dudan hurrengoan (Bridgeporten bizi da), galdetuko diot ea jarraitzen duen Estefaniaren mendebaldeko nobelak irakurtzen.