Juan Ignazio Zulaika

Hilabetea: azaroa 2019

In dubio pro operario?

Ez dakit Daniako (Florida) frontoian pilotarion artean aipatu duzuen Danel Elezkano eskuzko pilotariari egin diotena, eskuzko bi-bitako txapelketatik kanpo utzi izana, nahiz eta iaz bera izan txapeldun. Minduta agertu da Elezkano II.a komunikabideen aurrean. Errespetatzen duela enpresak hartutako erabakia, baina berak ez duela bat egiten emandako arrazoiekin. Zaletuen artean ere izan dira ahotsak injustizia aipatuz, errespetu falta txapeldunari. Neronek ere, lehenengo burutazioan, erreakzio bera izan dut. Ez dago eskubiderik. 

 Ezagutzen nauzu, Jon, hasi naiz bueltak ematen gaiari. Aspaldian ikasi bainuen emozioekin tentuz jokatzen. Eta, in dubio pro operario zepoaren aurrean, haratago joatea erabaki dut. Ikuspegi zabalago baten bila. 

    Duela urte gutxi arte pilota profesionala, modalitate guztietan, hierarkikoa zen, kategoriaz osatuta. Estelarrak jokatzen zituzten pilotariak ziren, bigarren mailakoak eta, azkenik, tertzerakoak. Eskailerak bailiren gorantz egin behar, urteen poderioz. Apustua zen negozioaren bizkarrezurra, jaialdiak ugari urtean zehar. Esku-lanaren premia handia eskatzen zuen, koadro handiak. Pilotarien estatusak ematen zuen bermeaz, egitura sendoaren itxura erakusten zuen pilota profesionalak. 

   Sistema hierarkikoari pitzadurak atera zitzaizkion apustuaren garrantziak, menpekotasunak, behera egin zuenean. Eskuzko enpresak egokitu egin ziren pixkanaka egoera berriari aurre egiteko. Ikuskizuna eskatzen zuen kirolari aldaketak egin behar. Ohartu gabe, hala moduzko homologazio baten aurrean topatu zen pilota profesionala, gero eta antza gehiago hartuz gainerako kirolekin. Apustuaren gainbeherak jaialdien murrizketa ekarri zuen, esku-lanaren premia gutxituz. Aurpegi berrien beharra, bestaldetik, ezinbestekoa. Nobedadeak, freskotasuna. 

   Ustezko errespetua galtzen hasi zen (gainerako kiroletan kontuan hartzen ez dena). Eskuzko enpresek, Baikok eta Aspek, naturan, hautaketa naturalak duen eraginaren pareko, bi enpresek, esku beltza balitz bezala, hartu zuten ardura sistema hierarkikoa purifikatzeko, nolabait, biziraupena bermatzeko, ezinbestekoa erabakiak hartzera bultzatuz. 

   Gaur gun ez da harritzekoa hasiberriek estelarrean debutatzea. Deskuiduan, handik urte gutxira kontraturik gabe gelditzeko. Lege zaharreko sistemak, gorantz egitekoak, zentzua galdu du. Berehala nahastuko dituzte izen handiko pilotariekin, futbol talde bat balitz bezala. Eskuz aldatzeak ere izan dira, enpresa batetik bestera. Kirol txikia da esku-pilota, murriztua, baina izan dira kasuak. Elezkano II.a lanik gabe utzi zuen Asegarce enpresak eta Aspek, kirol irizpide batean oinarrituz, bere baitan hartu zuen. Geroztik berebiziko maila erakutsi du. 

  Odol berria eskatzen duen sistema da ikuskizunean oinarritutako kirola. Duela aste gutxi egin zuen debuta Salaberria gazteak, Tolosan (Gipuzkoa), estelar batean. Rezusta lagun, ELEZKANO II.a eta Bikuñaren aurka. Bitxia.

Joan den astean jakin zen Aspek ez diola kontratua berrituko Mendizabal III.ari. Beste zenbait kiroletan normaltzat hartzen diren neurriak, harridura sortzen dute pilota munduan. Homologazioa ez baitugu ikusten edo ez gara ohartzen. 

Aspe enpresak Danel Elezkano bi-bitako txapelketatik kanpo utzi izana, abisu bat ez ote da, inor ez dela seguru adierazteko modua. Beste kiroletan bezala, hautatzaileak eskubide osoa daukala bat edo beste titular bezala jartzeko. Inor asaldatu gabe. 

Litekeena eztabaida hauek desagertzea botileroen aferarekin gertatu den bezala. Edo hormak berdez margotzen hasi zirenean bezalaxe. 

  In dubio pro operario? Ez nago hain ziur. 

Lurrean arrastaka

Lur jota ikusi nuen Jokin Altuna partidua bukatu ostean. Ezustezko galanta hartu baitzuen. Irabazteko espektatiba handiak zituen. Nonbait, aurreko egunetan ez zuen pentsatu galtzeko posibilitatea benetakoa zela. Konfiantzaz gainezka zetorren. Finala jokatu aurretik erakustaldi bikainak emanak zituen amezketarrak. Gehienok faboritotzat jotzen genuen. Baita katedrak ere, dirua doblean atera baitzen joan den igandean Navarra Arenan, eskuzko lau eta erdiko finalean.

    Borroka epikoa ikusi genuen. Niri, behinik behin, halaxe iruditu zitzaidan. Wagnerren walkiriak alde batean, Chopinen nokturnoak bestean. Ballet dantzaria espartinetan, Basajauna Salomon oinetakoetan. Ederra eta Piztia. Motozerra eskuetan batak, makilatxo majikoa besteak. Bi estilo ezberdineko pilotariak. 

    Abel Barriolak, EiTBrako esatari lanetan, zera zioen, besteak beste: garai bateko pilotariek bi-paretak edo txokoan egindako dejadak jasotzeko, ez zutela bere burua lurrean arrastaka botatzen. Seinale txarra izaten zela. Kantxan kolokatzeko gabezia. Hala izango zen. Niri behintzat, gaur gun, ikaragarrizko abiaduran jokatzen dutela iruditzen zait. Ikusi besterik ez zenbat bider sartzen diren airez. Sinestezina! Horrek behartzen ditu pilotariak lurrean arrastaka ibiltzera.

Ez, ez dut irudikatzen Josean Tolosa lurrean arrastaka, laprast egin ezean. Ezta aurrekoak ere, Migel Gallastegi eta enparauak.

   Partidaren lehenengo zatian Altuna III.ak harat-honat ibili zuen Ezkurdia gizajoa, mandatuak egiten. Ardi txakurra artzainaren aginduetan ibiltzen den moduan. “Joseba! zabalera… Joseba! Txokora”… Lurrean arrastaka sarri, lege zaharreko pilotarien iritziaren kontra. “Lehertuko duk nafarra!”, nioen nire baitan. “Lehertuko duk, hainbeste korrika egin eta gero!”.

   Amezketako “Printze Txikia” edo “Harry Potter”, nahi duzuena, Jokin Altuna, alegia. Txapela nahi zuen, lau eta erdikoa. Osoa, banakakoa kantxa osoan, eskegita baitauka bere laborategian. Aurten bai, magia egiteko tramankulu guztiak ekarri zituen poltsatxoan, prestidigitatorea baita amezketar gaztea. Beste batean, Barriolak esaten zuen moduan: “Azken unea arte ezkutatu egiten du kolpea”. Ez dakizula, alegia, txokoan utziko duen pilota, edo zabalean. Sorginkeriak erabiliz, ezkutatu egiten du pilota. Pilotari gutxik egin dutena, horixe baita gauzarik zailena. 

   Bigarren zatia. Ai! bigarren zatia. Zeharo ezberdina izan zen. Arbizuarrak badaki zer den lur jota bukatzea, lurrean arrastaka ibili ostean. Baita buruz eta animoz ere. Larre motxekoa baita Joseba Ezkurdia arlo horretan. Jotako aharia. Bigarren zatia, motozerrra eskuetan, abarken ordez Salomon-ak oinetan, lokatzetara jauzi egin zuen. Jokoa nahastuz, aginte makila eskuetan artzainaren paperean oraingoan. Odolkiak ordainetan. Border-collie-a makur-makur eginda, umil, nagusiak zer aginduko duen zain.

   Gutxitan ikusi den Jokin Altuna bat ikusi genuen podiumean. Lur jota. Lurrean arrastaka ibili ostean, hainbatetan. Altxako da, ordea, pilotari gaztea. Zailduko da, Ezkurdia zaildu egin den bezala. Altxatzen lanak Danel Elezkanok izango ditu. Iaz bi-bitako txapeldun izan zen Rezustarekin batera. Aurten, aldiz, txapelketatik kanpo utzi dute. Ez du parte hartuko, ordezko gisa ez bada. Lurrean arrastaka ibiltzea gaitza bada, lur jota bukatzeko gero, zer esanik ez lur eman nahi badizute!

Animo Danel txapeldunari! 

© 2023 Kontrakantxatik

Theme by Anders NorenUp ↑

Featuring WPMU Bloglist Widget by YD WordPress Developer