Lur jota ikusi nuen Jokin Altuna partidua bukatu ostean. Ezustezko galanta hartu baitzuen. Irabazteko espektatiba handiak zituen. Nonbait, aurreko egunetan ez zuen pentsatu galtzeko posibilitatea benetakoa zela. Konfiantzaz gainezka zetorren. Finala jokatu aurretik erakustaldi bikainak emanak zituen amezketarrak. Gehienok faboritotzat jotzen genuen. Baita katedrak ere, dirua doblean atera baitzen joan den igandean Navarra Arenan, eskuzko lau eta erdiko finalean.

    Borroka epikoa ikusi genuen. Niri, behinik behin, halaxe iruditu zitzaidan. Wagnerren walkiriak alde batean, Chopinen nokturnoak bestean. Ballet dantzaria espartinetan, Basajauna Salomon oinetakoetan. Ederra eta Piztia. Motozerra eskuetan batak, makilatxo majikoa besteak. Bi estilo ezberdineko pilotariak. 

    Abel Barriolak, EiTBrako esatari lanetan, zera zioen, besteak beste: garai bateko pilotariek bi-paretak edo txokoan egindako dejadak jasotzeko, ez zutela bere burua lurrean arrastaka botatzen. Seinale txarra izaten zela. Kantxan kolokatzeko gabezia. Hala izango zen. Niri behintzat, gaur gun, ikaragarrizko abiaduran jokatzen dutela iruditzen zait. Ikusi besterik ez zenbat bider sartzen diren airez. Sinestezina! Horrek behartzen ditu pilotariak lurrean arrastaka ibiltzera.

Ez, ez dut irudikatzen Josean Tolosa lurrean arrastaka, laprast egin ezean. Ezta aurrekoak ere, Migel Gallastegi eta enparauak.

   Partidaren lehenengo zatian Altuna III.ak harat-honat ibili zuen Ezkurdia gizajoa, mandatuak egiten. Ardi txakurra artzainaren aginduetan ibiltzen den moduan. “Joseba! zabalera… Joseba! Txokora”… Lurrean arrastaka sarri, lege zaharreko pilotarien iritziaren kontra. “Lehertuko duk nafarra!”, nioen nire baitan. “Lehertuko duk, hainbeste korrika egin eta gero!”.

   Amezketako “Printze Txikia” edo “Harry Potter”, nahi duzuena, Jokin Altuna, alegia. Txapela nahi zuen, lau eta erdikoa. Osoa, banakakoa kantxa osoan, eskegita baitauka bere laborategian. Aurten bai, magia egiteko tramankulu guztiak ekarri zituen poltsatxoan, prestidigitatorea baita amezketar gaztea. Beste batean, Barriolak esaten zuen moduan: “Azken unea arte ezkutatu egiten du kolpea”. Ez dakizula, alegia, txokoan utziko duen pilota, edo zabalean. Sorginkeriak erabiliz, ezkutatu egiten du pilota. Pilotari gutxik egin dutena, horixe baita gauzarik zailena. 

   Bigarren zatia. Ai! bigarren zatia. Zeharo ezberdina izan zen. Arbizuarrak badaki zer den lur jota bukatzea, lurrean arrastaka ibili ostean. Baita buruz eta animoz ere. Larre motxekoa baita Joseba Ezkurdia arlo horretan. Jotako aharia. Bigarren zatia, motozerrra eskuetan, abarken ordez Salomon-ak oinetan, lokatzetara jauzi egin zuen. Jokoa nahastuz, aginte makila eskuetan artzainaren paperean oraingoan. Odolkiak ordainetan. Border-collie-a makur-makur eginda, umil, nagusiak zer aginduko duen zain.

   Gutxitan ikusi den Jokin Altuna bat ikusi genuen podiumean. Lur jota. Lurrean arrastaka ibili ostean, hainbatetan. Altxako da, ordea, pilotari gaztea. Zailduko da, Ezkurdia zaildu egin den bezala. Altxatzen lanak Danel Elezkanok izango ditu. Iaz bi-bitako txapeldun izan zen Rezustarekin batera. Aurten, aldiz, txapelketatik kanpo utzi dute. Ez du parte hartuko, ordezko gisa ez bada. Lurrean arrastaka ibiltzea gaitza bada, lur jota bukatzeko gero, zer esanik ez lur eman nahi badizute!

Animo Danel txapeldunari!