Juan Ignazio Zulaika

Abel Barriola: pedagogo

Egokitu izandu zait esatari lanetan aritzea telebistan, zuzeneko emankizunean, gonbidatu gisa. Eta ez da batere samurra. Kaskoak kaskezurrean dituzula eta mikrofonoa aurrean, arraroa egiten da. Gainetik, suposatzen da asko dakizula, horregatik deitu dizute, aditu bat zarelako. Beraz, ezin hutsik egin. Batek daki zenbat entzule dituzun telebistaren aurrean. Presioa sentitzen da. Ondorioz, presaka hitz egiten duzu eta gehiegi, beharbada. Behin, lanak bukatuta, etxerako bidean: “Hau esan banu, edo beste hura”. Sentsazio gaziarekin bukatzen duzu. Ez, ez da erraza esatari lanetan aritzea gonbidatu gisa. 

EITBk baztertu egin ditu Errasti eta Tolosa eskuzko pilota emanaldietatik. Bi pilotari ohirekin ordezkatu ditu: Idoatek eta Barriolak hartu dituzte euren lanpostuak, Lehena, Idoate, Josetxo Lizarzarekin aritzen da. Barriolak, Euzkitzerekin osatzen du bikotea. 

Euzkitzek eta Barriolak osatzen duten bikotea jarraitzeko aukera izan dut igande batzuetan, eta iruditzen zait aldaketak asko irabazi duela. Haize berria sartu dela telebistaz eskaintzen dituzten eskuzko pilota partidetan. Binakako neurketetan tanto luzeak izaten dira, badute, beraz, denbora sobera solasean aritzeko. Aproposa esatarientzat. Gauza bat da, ikuslearen tokian, gozatzea pilotarien jokoarekin, ikuskizunarekin. Bestea da disfrutatzea esatariek esaten dutenarekin. Euzkitzek eta Barriolak osagarri dira eta bikote apartekoa egiten dute.

Irudiaz ere aldaketak izan dira. Janzkerak etxetik ekarritakoak izan beharrean, EITBk emandako uniformeak dira, NBAko amerikar esatarien estiloan. Aldaketa aproposa iruditzen zait. Fashionezko jakak edo lepo luzeko jertseak alboratu eta irudi korporatiboa erakutsiz, lankideak direla erakusten dute, eta ez pilotalekuan egokitutako bi lagun. Baina estetika alde batera utziz, mamiaz ere asko irabazi du Barriolaren ekarpenarekin. Saio batetik bestera hobera egin du plazagizona dela erakutsiz. Pilotari handia izan da leitzarra kantxetan, profesional bikaina. Horrek, ez du esan nahi, ordea, esatari bezala ona izango denik. Esperientzia, jakinduria, ez dira nahikoak. Komunikatzaile trebea izan behar. Euzkitzen gonbidatua izatea aukera ezin hobea da luzitzeko. Baina, aldi berean, zure onena eman behar duzu. Aurrelari onenekin jokatzea tokatzen zaizunean bezala. Erraztu egiten dute lana. Hala ere, atzelariak lan karga handia hartzen du bere gain, aurrelariak tantoa bukatu dezan. Goi mailako bikotea osatzen dute Euzkitzek eta Barriolak.

Aspaldidanik ezagutzen ditugu Euzkitzen dohainak mikrofonoarekin. Mintzo ederrekoa, mendiko iturritik ateratzen den hitz jarioa da berea. Freskagarria. Edozeini egarria asetzeko modukoa. Jokoaren deskribapena, ikusten ari garena, azaltzen digu azpeitiarrak, tarteka areago joanez, urteek ematen duten baliabideaz. Ez da derrigorrezkoa pilotari profesionala izan beharra aditu bilakatzeko. Halere, kantxa zapaldu izana, ogibidez, beste abantaila puntu bat ematen du. Barru-barrutik ezagutu dituzun esperientziek plus bat ematen dute esatari lanetan tokatzen denean. Ez azalpen teknikoak ematerako unean soilik, baita buru barruko sentsazioez aritzerakoan. Konfiantzaz jokatzea zer den, edota zeharo konfiantzarik gabe, miserablea sentitzeraino Egun beltz baten ondoren, partida erraz galdu ostean, sekulako errridikulua eginez. Aldageletatik irten inor ikusi nahi ez duzula, automobilaren bila zoazela, beldur topo egiteko ezagunen batekin. Kirolari profesionala izatea, askotan, sufrimenduaren sinonimoa da. 

Barriolak kontatzen dizkigunak ikusten ez direnak dira, ezkutuko faktoreak, begi-bistatik haratago daudenak. Pedagogia egiten du esatari nafarrak. Eskertzeko da. Partida onak, ikuskizunak, pizten du zaletasuna. Baina pilotari egokiak ez badaude kantxan alferrikakoak dira esatarien ahaleginak. Ikusleak zapping egiten bukatuko duelako. Joko ona bada kantxan, esataria luzitzeko aukera ematen du. Barriola luzitu egiten da. Ezagutzen ditu pilotariak, duela gutxi arte eurekin jokatzen zuelako. Ezagunak ditu kantxa ezberdinak. Materiala, hots, pilota motak: biziak, motelak, azpitik ibiltzen direnak, gastatzen direnak. Kokatzeaz maiz egiten du aipamen, pilotaria konfiantzaz dagoenean edo faltan. Lekuko pribilegiatu bat da Barriola. 

Steven Pinker, psikologo amerikarrak esaten du bere liburu batean, idazle askok idazten dutela irakurleek beraiek bezainbeste ez dakitela konturatu gabe. Jakinduriaren sindromea edo, antzerako zerbait aipatzen du Pinkerrek. Ez da Euzkitze eta Barriolarekin gertatzen dena. Behin eta berriz azaltzen dute gertatu dena zergatik gertatu den, ikuslearen jakin-mina asetuz eta jakinduria aberastuz. Pedagogoak dira biak.  Barriolaren kasuak gogora ekartzen dit kirol idazle batzuekin gertatzen zaidana. Nahiz, nire kasuan, azaleko kirol jarraitzaile izan, kronikak onak direnean, gozatu egiten dut. Halako zerbait sentitzen dut txirrindularitzarekin. Xabier Usabiaga tartean denean, orduak emango nituzke bere azalpenak entzuten. Bai Usabiaga, baita Barriola, biak kirolari profesionalak izanak dira. Mikrofonoa aurrean dutela pedagogo bilakatu direnak.

1 Comment

  1. Edorta Agirre

    Ados, orokorrean. Ez dakit zergatik ahaztu zaizkizun Josetxo Lizartza eta, orain, Mikel Idoate. Gustu kontuak aipatu dituzu eta, alde horretatik, ez dizkizut hutsunetzat hartzen, subjektibotasunaren haututzat baizik. Euzkitzeren ezaugarrietako bat euskara bikain oratzea den bezala, beste bat da partida irratiko entzuleari kontatzea, pantaila ikusten ari dela saihestuta. Lizartza izan da besaulkikook ikusten ez dugun alderdi hori (lurra hezea dago, pilota azkar gastatu denez, lehiakidearena hartu dute, etc.) urtetan jakinarazi duena. Eta, zuk esan bezala, Barriola geroz eta hobeki, Lizartzaren euskarazko lehen saioa artifiziala izan zen, bigarrena trakets samarra eta handik aurrera fresko, oparo, goxoa,.. Batak bestearen inbidiarik ez, alegia. Abel Barriola handiak ederki daki frontoiko berri azaltzen baina horrek ez digu isilarazi behar Idoateren jardun aberasgarria. Hoberena, zuk diozun modura, beste biek erretiroa hartu izana, bataren eta bestearen hizketa alferrikakoa zelako. Txikikerien atalean, zapatila zuri estridente horien presentzia nabarmena. Zuri gustatzen omen zaizun uniforme amerikarra osatzeko bai, baina mikrofonotik hitz egiteko ezinbestekoak, beharrezkoak edo egokiak izan daitezke? (Bixera falta dute esatariek, ezta?)

© 2023 Kontrakantxatik

Theme by Anders NorenUp ↑

Featuring WPMU Bloglist Widget by YD WordPress Developer