Lastima apur bat sentitu nuen jakin nuenean Goikok (Iñaki Osa Goikoetxea) munduko errekorra hautsi zuela, xisteraz baliatuz: jaurtialdi batean. pilotak orduko 313 kilometroko abiadura hartzea lortu zuen. Bitartean, Dani Pedrosa pilotua abiadura hori gainditzen saiatzen zen motoziklismorako pista batean, Red Bullek antolatutako performance batean. 

Goiko da zesta-puntak azken urteetan eman duen pilotari onena. Eskuko behatzekin ezin konta zenbat txapel irabazi dituen. Binaka nahiz banaka. Amerikan edo Euskal Herrian. Bere ospea, ordea, oso mugatua izan da, etxekoa, familiakoa. Pilotazaleei ezaguna egingo zaie. Marka hor geratzen da. 

“Goiko, nor?”, esango dizue kalean galdezka hasten bazarete. 

Kirol minoritario bateko jokalaria izatearen kalte-ordaina. Izar bat izan arren, herritar kirolzale xumeen begietan ez zara existitzen. Sare sozialetan, gauza bera. Komunikabideetan kirol sailean agertuko da, urtean behin, bitan agian. Herriko aldizkariak edo Hitzak elkarrizketatuko dute Miamira joan arretik, edo bueltan. Hor bukatzen da kontua.

Azken egunetan, ordea, Goikoren marka biral bilakatu da bideoaren bidez. Bere balentriaren berri zabaldu da imajinatu ezin dugun komunikabideetan, munduan zehar. Radio Vaticanok ere jaso omen du albistea.

Bidaide ezin egokiagoa izan du Goikok: Red Bull marka. Erakusleiho ezin hobea eskaini dio zumaiarrari. Bikote perfektua. Muturreko kirolak babesten ditu Red Bullek. Duela bizpahiru urte Goiko fitxatu zuen. Geroztik, irabazi izan dituen txapelek oihartzun eskasa izan dute. Errotik aldatu dira gauzak abiaduraren errekorra puskatu duenean. Muturreko balentria baita nonbait markak puskatzea.

Jendeak errekorrak maite ditu. Ez dakit nondik etorriko zaigun halako zaletasuna. Guinness Errekorren liburua da inoiz historian gehien saldutako liburua, Bibliaren, Koranaren eta Maoren Liburu Gorriaren atzetik. Egile eskubideak dituzten liburuen artean, berriz, salduena da Guinness Errekorren liburua. Bada marka!! Beldur naiz, beste edozeinek hobetu ezean, gaur edo bihar Goiko gogoratua izango dela, behin motoziklismorako pista batean, Red Bullek antolatutako performance batean, pilota batekin inoiz lortutako abiadura marka hautsi zuelako. Eta ez, ordea, urtez urte emandako errendimenduagatik. 

Halako indarra baitute markek! Galdetu bestela Txetxu Urbieta kazetariari! Euskadi Irratian elkarrizketatu zuten Goiko, “Hiru Erregeen mahaia” saioan. Nola gertatu zen, nondik norakoak. Bideoan agertzen ez diren bitxikeriak kontatu zituen pilotariak. Elkarrizketa berean, Ibon Aldazabal puntistak ere parte hartu zuen. Bera baita ohiko xistera erabiliz orain arte marka onena egin duena. Esatariaren arabera, saioko zuzendaria den Txetxu Urbieta halako markazale amorratua omen da. Urbietak egin beharreko gestioak egingo dituela noizbait nonbait desafio bat antolatzeko: abiaduraren marka puskatzeko lehia. Pilotariak prest, jakina!

Lepoa jokatuko nuke taxuzko lehia edo performancea antolatuko balitz, berebiziko oihartzuna lortuko lukeela. Hain maiteak ditugu errekorrak, markak puskatzea!

Irabazlea markatuta geratuko litzateke. “Bera da”, jendeak miresmenez esango luke, “markaren jabe. Pilota orduko 300 kilometrotik haratago jarri zuena, aizue!… 

“Ni naiz Lete” dokumentalean, bitxia iruditu zitzaidan Antxon Valverdek kontatu zuen pasadizoa. Letek, txantxetan, esan omen zion: “Hiltzen naizenean, zeruko atarian, San Pedro galdezka hasten zaidanean, zer merituak egin ditudan zeruan sartzeko, zer esan ez dakidala gelditzeko zorian ikusten dut neure burua: “Poeta… kulturgile… umm! ez dakit”…

Azken momentuko okurrentzia esango ziola: “Ni naiz ´Xalbadorren heriotzean` kantaren egilea”. Orduan, bai, San Pedrok esango ziola. “Aurrera! Sar zaitez zeruan”.

Bere bizi guztia poesia lantzen, kantari, kulturaren alde borrokan… ez nahikoa nonbait zeruan sartzeko. Kanta bakar batek, horrrek bai, horrek irekiko zizkion zeruko ateak. 

Marken indarra!