Gizonezko mundu batean zer egiten du emakume batek? Duela urte gutxi batzuk, galderak izango zuen bere arrazoia. Gizartean ia-ia den-dena gizonezkoen eskuetan baitzegoen. Zorionez, egoera aldatzen ari da. Emakumeen presentzia gero eta nabarmenagoa da arlo guztietan. Baita gizonezkoen mundua zen pilotan ere.

Itziar Lete mutrikuarra (Gipuzkoa) hautatu dute lehendakari Gipuzkoako Pilota Federazioan. Berez, kargu aldaketak oharkabean pasatzen dira. Oraingoan, aldiz, albiste bilakatu da Letek. Lehendabiziko emakumea karguan, ez gaude ohituta. Are gutxiago pilota bezalako mundu kontserbadore batean. Ematen zuen emakumeek ez zeukatela kabidarik, ez kantxan, ez bulegoetan. Oker geunden, zorionez. Gizartea aldatzen ari da pilotaren abiadura baino azkarrago. Ikusten ari gara, natural-natural, emakumeak epaile, esatari, kantxan eta bulegoetan. 

Itziar Lete ez da edozein pilota munduan. Bere senarrak, Goixerrik (Jon Iñaki Mendizabal), urteak eman zituen Amerikako pilotalekuetan. Itziarrek berak ere sei urte pasatu zituen han. Dituzten bi semeak, Ekaitz eta Aratz, zesta-puntako profesionalak dira, Estatu Batuetako Danian eta Miamiko pilotalekuetan. 

Hori guztia gutxi balitz bezala, Itziar Letek zortzi urte darama Gipuzkoako Federazioaren zuzendaritzan. Esker txarreko karguak izaten dira federazioetakoak. Errekonozimendu gutxi eta kritikak ugari. Txarrena, ezintasunak. Nahi bai, eta oztopoak bata bestearen atzetik. 

Andalapuntaka guztia bidali ordez, pausoa eman eta lehendakaritza eskuratu du Letek. “Haize freskoa” ekartzen duela dio. Nik sinesten diot. Izan ere, emakumeak arlo guztietan gizasemeak baino fundamentu handiagoa daukatelako. Lanerako nekaezintasun izugarria dute; egoa, gizasemeena baino apalagoa. Motibatuta daude, gainera: “Ondo egin nahi dut nire lana”, esan berri du Letek. 

Giza balioa ezinbestekoa da lana ondo egiteko. Badaude, ordea, faktore batzuk horma bilakatzen direnak, emakumea ala gizasemea izan. Zailtasun ekonomikoaz ari naiz. Babesleen diruak gero eta murritzagoak dira. Erakundeen laguntza, eskasa. Letek aitortu du (8 urte barrutik ezagututa) pilota mundua konplikatua dela, eta, aldi berean, beheranzko joera daukala. 

Mila lizentzia ditu Gipuzkoako Pilota Federazioak; 95, emakumeak dira. Litekeena emakumeen joerak gora egitea. Albiste ona da jada nesken presentzia kantxetan, epaile eta esatari lanetan. Lehendakaritza ere emakume baten esku geratu da.
‘Il futuro e donna’, jarri zion izenburua Marco Ferrerik film bati, duela 36 bat urte. Etorkizun horren atarian gaude. Hanka puntetan iritsi baitira neskak pilotara, gizonezkoena zen mundu batera.  
Hurrengo pausoa, emakumeen presentzia albiste ez izatea. Partida hasi besterik ez da egin. Sakea, Itziar Leteren esku geratu da.