30 urte pasatu dira geroztik; nekez ahaztuko dut, ordea, gau hura. Aste Nagusian murgilduta zeuden Bilbon. Deportivo pilotalekuan zesta-punta jaialdia antolatuta zegoen, eliteko puntistekin. Harmailak lepo bete ziren, EITBk zuzenean eskaini zuen emanaldia.

Finalerdia zen, eta gaizki jokatu nuen. Nire mailatik behera; dezente, gainera. Partidaren ostean, lur jota, buru-makur nengoen aldageletan.
EITBko langile bat hurbildu zitzaidan. Elkarrizketa egingo zidatela, ohikoa zen eta den bezala. Doi-doi jaso nuen burua.
Ezetz, esan nion, hitzik esan gabe. Langileak alde egin zuen.

30 urte pasatu dira, eta zenbat aldiz gogoratu naizen partida hartaz. Ez neurketa galdu nuelako eta barregarri samar jokatu nuelako. Baizik eta, ezetz, uko egin niolako elkarrizketari.

Zutitu eta kantxarantz abiatu izan banintz, aurpegia emanez, ez nintzen partidaz gogoratuko. Beste porrot bat, askoren artean. Estatistika hutsa, azken finean..
Baina, ez, iltzatuta geratu zitzaidan partida malapartatu hura, arantza azalaren barruan. Denborarekin gaiztotuz joaten den zauri klasea.
Begirune eskasaz jokatu nuen, EITBko langileen aurrean, ikusleen aurrean zer esanik ez.

Garrantzi izugarria ematen zaie emaitzei: irabazi ala galtzeari. Denbora joan ahala, konturatzen zara umekeriak besterik ez direla, eta beldurra, jendeak zer iritzi ote duen norberari buruz. Ondorioz, lotsa eta koldarkeria, batzuetan.

Biharamunean, edo handik bizpahiru egunera, erraza neukan:
“Aizak, Euzkitze, lehengoan ez nintzen batere fin portatu”…
Berak: “egon hadi lasai, gizona, edozeini gertatzen zaio gau txar bat izatea”…
Nik moztuko nion: “Ez, ez, Euzkitze, ez naiz partidaz ari, baizik eta ondorengo erreakzioaz, elkarrizketari uko egin izanaz”.

Hantxe bukatuko zen afera, arantza barrutik ateraz, bakea betiko.
30 urte pasatu dira, ordea, eta Deportivoko gau hura gogoan iltzatuta dago oraindik. Ez pattal aritu nintzelako, baizik eta uko egin niolako elkarrizketari.