Zesta-puntaren zaleontzat, negu beltzean murgilduta ageri zaigu atzerrian zuen presentzia bukatutzat eman ostean. Izan ere, Daniako (Florida) pilotalekua itxi ondoren —iazko azaroaren 28an— lehen aldia da historian Euskal Herritik kanpo ez dagoela zabalik frontoi profesional bakar bat.
Hala ere, kontuan hartu beharrekoak dira Mixel Labeguerieren kanta baten hitzak: “gauak goiz-alba duela ondoko, lagun, orroit hadi”.

Gernika Jai-Alai Professional enpresako kideek abagunea ezin egokiagoa ikusi dute zesta-punta gure artean indartzeko; non, eta Euskadin. EITBren eskutik joanda.

Astelehenero, urtarrilaren 29an hasita, martxoaren 20 arte, ETB1ek gaueko hamar eta erdietan tarte zabala eskainiko dio hastear den txapelketari, sei bikotez osatutako lehiari.

Albistea nire belarrietara iritsi bezain pronto, lehendabiziko burutazioa hauxe: zerrendan ageri diren pilotari hautatuetatik, nik bakarren bat kenduko nuke eta besteren bat sartu. Esate baterako, Erik Mendizabal mutrikuarra. Azken urteetan Danian jaun eta jabe izandako aurrelaria. Nire ustez, gaur egun aurrelari onena ez bada, ez dela urrun ibiliko.
Manu Ladutxe, lapurtarra, atzelari onena Danian; Imanol Lopezi aurre egingo liokeena. Edota Johan Sorozabal lapurtar gaztea… ez dira emandako zerrendan ageri.
Ni ez naiz, ordea, Roberto Lekue hautatzailea. Izango ditu berak arrazoibideak hartutako erabakiak hartzeko. Batek daki zer diren antolakuntzaren mugak. Beti horrela izan ohi da.

Garrantzitsua zer da, ordea?

Gailurra aspaldian agurtu eta gero maldan behera etorri den joko moldeari aukera ematen zaiola berpizteko. EITBren eskutik erakusleihoan ipiniz, iaz erremontearekin, “ERREMONTARI” saioekin egin zuten bezala.

Jota eta ahul zaudenean hauspoa jasotzea eskertzekoa da. EITBk, kirol zuzendari Joseba Urkiolaren hitzetan, adierazi berri du gogotsu ekin diotela proiektu berriari. Ilusioz gainezka omen aurrrera egiteko.
Esan zuen, baita ere, ez EITBk, ez Jaurlaritzak, ez dizkiotela babak eltzetik aterako zesta-puntari. Denen arteko lana beharrezkoa izango dela sendo atera nahi bada ataka honetatik.

Niri ere, albiste ezin hobea iruditzen zait EITBk kamera guztiak Gernikako pilotalekuan jartzea. Bi hilabetean, jokatuko den txapelketa fokuen azpian ipiniz.
Buru-bihotzak asmo ederrez beteta sumatzen ditut inguruan.
Niri, ordea —jotako aharia naizenez—, jakin-minaz gain, burutazioak sortzen dizkit abian jarri den egitasmoak.

Kirol txiki bat, argala eta indar gutxikoa indartzeak auzolana eskatzen du, eta lidergoa. Gernikako enpresaren eta EITBren arteko elkarlana arbola baten adar bakar bat besterik ez da. Azpiegitura osoa sendotu beharra eskatzen du berpizkundeak, negarbideetatik aldentzeko.
Eskolak babestu; afizionatu eta profesionalen arteko hesiak deuseztatuz; belaunaldi berriei bideak irekiz, goreneko txapelketetan parte hartzeko aukerak emanez… kanporaketen bidez. Tresnak, zestak merkeagoak izan daitezen. Jokoa, teknikoki garbiagoa izan dadila, eta abar.
(Kosmetika hutsa eta marketin kanpaina soila ez dadila bihurtu hastear den txapelketa).
“Erremontari” saioekin gertatu zen bezala?

Ez da erronka samurra hartu dutena. Euskadi hautatu izana zesta-puntaren berpizkundearen gotorleku, eta azoka bilakatzea. Are gehiago, kontuan harturik zesta-puntaren izena (jai-alai marka) eta izana, habitat naturala, atzerrian izan dela.
Bidaia oparoa opa diot “Jai Alai: Azken Hegaldia” eta “Jai Alai Winter Series” deituriko proiektuari.
Publiko zabalagoarengana eta kontsumitzaile berriengana iristeko (gazteengana, ahal bada) balioko ahal du!
Hegaldia ez dadila amaitu martxoan eta, aurrerantzean ere, eskala berriak izan ditzala!
Bidaia on!