Juan Ignazio Zulaika

Nor eta Gehiagoka

Joan den igandeko partida gogoangarriari buruz zer idatzi pentsatzen ari nintzela.
“Joseba Ezkurdiak hirugarren aldiz jantzi du lau t´erdiko txapela”… Berriaren mezua azaldu zait pantailaren izkina batean.

Nola jokatu liteke horrenbeste hasi eta bukatu arte, intentsitate horrekin, maila gorenean?, galdezka ari nintzaion nire buruari.

Halako batean, Andoni Egaña bertsolariaren hitzak etorri zaizkit gogora. “Barruan gaude” podcast-en zera zion bertsolari zarauztarrak:
“Txapelketa norgehiagoka da. ´Norgarrantzitsuagoa da ´gehiago´ baino. Gehiago´ soilaren hurrengo urteetan plazan ez duzu irauten…Nor´ bazara, bai.
Biak baldin bazara momentu batean, ba, oso ondo… Baina ez bazara Noren´ alde egin,Gehiagoren´ ordez”.

Kirola garaipenaren diktaduran oinarritzen da. Gizarteak irabazlea saritzen du. The glory of victory and the agony of defeat. Gizartea ez da galdezka hasten zer egin duen irabazteko, bidea nolakoa izan den. Garaipenak balio du soilik. Etxeko taldeak gol bakar bategatik, azken minutuan eta penaltiz irabazi arren, zalea pozez txoratzen etxeratuko da.
Zure pilotari kutunak tanto bakar bategatik irabazten badu, gauza bera, irabazi egin du. Saria hor dago eta hori baloratzen da.
Gazte-gaztetatik garaipenean jartzen da fokua. Emaitzak balio du, 22ra ailegatzea nola ahala.
Badira kalte ordainak, ordea, latzak gainera. Emaitzen mende bizi den kirolaria txotxongilo bat bihurtzen da. Lehentasuna markagailuari ematen dionak, morroi hauskor bilakatzen da. Une bateko norbere buruaren konfiantzaren mende. Irregularra, hitz batean.
Presio ikaragarri batean bizi da eta gogotik sufrituz, gainera.
“Yo-yo” efektua deitzen diote.

Zergatik Ezkurdia eta Altuna III.a iristen dira finaletara halako joko maila erakutsiz?
Nortasuna dutelako, oroz gain. Egañaren Nor´ horren aldeko apustua egin dutelako,Gehiagoren´ alde baino. Urteen poderioz heldutasuna, identitate bat lortu dutelako. Txapeldunena.
Bidea, ordea, ez da samurra. Pilota eskoletan ez da azpimarra jartzen benetako txapelduna izateko zer baliabide behar diren. Emaitza-zale dira nik ezagutu ditudan monitore gehienak.
Denbora behar da, landu egin behar. Autodidaktak izaten dira.

“Txapelaren bila?” galdetzen dio kazetariak lau aldiz txapela jantzi zuen Egañari. “Ez pentsa. Ahal den ondoen egitera. Eromena litzateke txapelaren bila joatea. Bizirautea izaten de helburu”.
Txapeldun handiak ondoen egitera plazaratzen dira, etxetik lanak eginda. Nortasuna lortu duenak badaki zein den bidea eta baliabideak. Eta halako batean, astroak alde agertzen badira, ondorio gisa, sari bat moduan, amaiera bikaina emanez. Nahiz tanto bategatik izan.

Nekez jokatu liteke gehiago lau t´erdian Ezkurdiak eta Altuna III.ak jokatu zutena baino Bizkaia pilotalekuan. Ondoen egitera plazaratu ziren. Egañak esanda bezala.
Noren´ alde apustua egin zuten hasi eta bukatu arte Ezkurdiak eta Altuna III.ak.

Joan den igandean, biak,`Nor´ eta `gehiagoka´, Joseba Ezkurdiak lortu zuen. Baina egon lasai, izango dute elkarren berri datozen urteetan.

1 Comment

  1. Izena *Edorta

    Segun… Badakit artikulua pilotari batek idatzi duela baina hemen, eta arkitekturan, herritar soilak ere badu hitza. “Nortasuna”: mamu sakratu bakan horiez aparte, podiumera igo diren pilotariak zer ote dira, nortasun gabeak? Agian, norbaitek pentsatuko du -Marino Lejarreta ziklista berdingabeak bezala- ez duela merezi gehiago sakrifikatzea sariren (txapelaren) bat irabazteko. Lagunekin ibiltzea, normalxeago jan-edatea eta, hitz batez, hobeki bizitzea oraintxe egin behar dela, ez 85 urterekin. || Ez dakit zinismoa den. Bi anaia pilotariri eginiko elkarrizketa amaitzeko, galdera nagusia: “Zer nahiago, 22ra iritsi edo ongi jokatzea?”. “Ongi jokatzea, dudarik gabe!”. Geroztik, adierazpenetan: “Tira, gutxienez 22ra iritsi gara eta horixe da kontua” erantzun izan dute denek, gutxi gora-behera.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

© 2022 Kontrakantxatik

Theme by Anders NorenUp ↑

Featuring WPMU Bloglist Widget by YD WordPress Developer