Bart amesgaizto bat eduki dut. Bai, oso gaizki pasa dut. Oheratu nahiko asaldatuta oheratu nintzen. Izan ere, Baionatik eskainitako Bertso Txapelketa segitu nuen telebistatik eta buruan nituen nire baitan asmatutako errimak. Ni neu ere, bertsolariaren antzera, lehian banenbil bezala. Errimen gurpil zoroan, nire kasuan.
Pilotan nenbilenean ere gertatzen zitzaidan antzerako zerbait. Etxera ailegatu, nekatuta oheratu eta ezin begirik bildu. Buruan bueltaka pasatzen baitzitzaizkidan partidako tanto gehienak. Hau egin izan banu, edo beste hura…; alferrik, ordea, behin ura pasatu eta gero presa egiten hastea.

Ez dakit zein ordutan hartu ninduen loak. Kostata izan zela, hori bai. Ez dakit gaueko zein momentutan hasi nintzen ametsetan. Halakorik ez baita jakiten.
Pilotalekuan nengoen, Ipar Amerikako Jai-Alai batean, Floridan, Tampakoan; aldageletan nengoen eta kiniela-partida hastear zen. Soinean neraman elastiko morean zortzi zenbakia jartzen zuen. Xistera eta kaskoa hartzera abiatu nintzen zintzilik edukitzen genituen horretarako jarritako leku aproposera, kantxako kaiolaren atarian. Hasi naiz nire saskiaren bila eta ez dut inon topatzen. Badaude beste batzuk, baina nirea ez da ageri. Nire kaskoa ere ez dut ikusten.
Moskeatu naiz. Beti leku berean uzten baitut, erritual bati jarraituz. Beste errepaso bat. Nire saskia eta kaskoa ez daude.

Kiniela-partida laster hasiko da. Txirrinak jo du eta berehala, minutu gutxi barru, desfileari ekingo zaio pasodoble musikaren erritmoan. Ohikoa den moduan harmailak lepo daude, apustu egitera etorri diren 3.000 edo 4.000 lagunez gainezka. Aldageletatik sumatzen da jendearen marmarra. Tarteka esatariaren ahots trumoitsuak apustu egiteko gomendatzen du bozgorailuetatik.
¡Ladies and gentlemen, place your bets!

Goiko solairura abiatzen naiz laster batean. Agian, saskiak gordetzen ditugun gelan utzi ote dut nirea?; ez dut uste baina, badaezpada ere, ez zait ezer kostatzen begiratzea. Berahala konturatzen naiz nire xistera ez dagoela bertan. Urduritasuna gero eta nabarmenagoa da neure baitan.

Behera joan naiz berriro, eskailerak binaka jaitsi ditut. Beste errepaso bat erremintak zintzilik edukitzen ditugun hormari. Nirea ez da agertzen. Txirrinak azken abisua eman du eta hasi dira pilotariak desfilatzen, elastiko gorrian bat zenbakia daraman bikotea lehendabizi; atzetik doaz hilaran bia eta hirua osatzen duten bikoteak, ondoren gainontzekoak; zortzigarren bikoteak ixten du zerrenda. Azken bikote honek, ordea, kide bakarra du. Ni neu falta naiz.
Gero eta urduriago ari naiz jartzen.

Posible da desfileari ekitea pilotari bat falta dela, gertatu izan da. Okerrena —ez dut pentsatu ere egin nahi. Okerrena da bikotearen baten txanda tokatzen denean eta pilotari bat falta bada, epaileek jokoa eten egin behar dutela.
Non da? Hasiko da intendentea lehendabizi. Halako jardunaldietan, harmailak jendez gainezka daudenean eta apustuak gori-gorian… intendentea nerbioetatik egoten da.
Arregi jauna, intendentea, pertsona jatorra da eta, aldi berean, oso zorrotza. Lege-zaharreko diziplina maite duena. Ilea motz motza eta txorakeria gutxi kantxa barruan.

Pasatzen zait burutik beste pilotari baten saskia hartzea eta beste baten kaskoa. Kontua da kiniela-partida horretara irtetea. Pasa-pasa egin behar bada, egin eta kito. Gero, konponduko naiz. Hitz egingo dut konfiantzazko pilotari batekin.
“Hi, hau eta hau… utzidak zesta bat, puskatzen bazait konponduko gaituk”.

Amesgaizto honekin hain asaldatuta sentitzen nuen nire barrua, esnatu egin naizela. Eserita jarri naiz ohearen gainean eta komunera joatea erabaki dut. Bueltan oheratu, amets zitala moztu eta ahaztuko naizen esperantzarekin.
Bai zera!

Ametsa utzi dudan eszenatoki berberera itzuli naiz. Berriro ikusi dut neure burua saskiaren bila. Okerrena da ez daukadala ordezko xisterarik. Bere garaian ez nion saskigileari beste bat enkargatu, neukanarekin denboraldia bukatuko nuelakoan. Eta hara non zestarik gabe aurkitzen naizen une honetan,… kantxara nahi eta nahi ez atera behar dudanean.

Nirea ez den zesta bat hartzea okurritu zait. Eta ezer esan gabe egiten badut? Beste hainbeste kaskoarekin. Pilotari batenak hartu eta kito! Total, kiniela-partida jokatzea nuen helburu; ataka hartatik atera eta gero gerokoa.
Hain dira pertsonalak xisterak, eta garestiak… ez naiz ausartzen ezer esan gabe bat eskuratzeko eta kantxara irteten.
Nerbioetatik jota nago, azkar pentsatu behar dut, soluzioren bat aurkitu. Baina desfilea hasia da…
Eta intendentearengana jotzen badut?
“Aizu, Arregi jauna, beroketak egiten txorkatilean zartada izan dut, hezurraren ondoan, ezin dut ezta oina lurrrean jarri ere”…
Arregi jauna, intendentea, oso nerbioso jartzen da harmailak mukuru daudenean. Aurpegia itxuragabetuta edukitzen du.
“Orain esaten didak suspenditu behar duzula!? Irten hadi kantxara kojoka edo nahi duzun moduan. Hitz egingo diagu kiniela bukatzean!

Berriro igo ditut eskailerak korrika, saskiak gordetzen ditugun gelara itzuli naiz. Iñaki Gerena lagunaren saski bat eskuratu dut. Punta izorratuta dauka, uztaia ere apurtuta. Horrekin ezin dut kantxara irten. Xistera dagoen kondizioetan, ez naiz kapaz izango pilota frontisera jaurtitzeko.
Ai ze erridikulua!
Bozgorailuetatik zabaltzen da lau haizeetara esatariaren ahotsa. Elastiko beltzean bost zenbakia soinean daraman bikotea kantxan da jada. Laster helduko da gure txanda. Ohartu ote dira ni falta naizela kaiolan?
Ez! Bestela intendenteak bidaliko zuen dagoeneko ball-boya nire bila.

Halako batean, zesta bat hartu dut apal batetik. Asis II.a izena dago idatzita xisteraren takoan. Ez da saski normal bat: eskuz egin, zumitzarekin eta gaztainarekin egindakoa; plastikozkoa ematen du, saihetsak ez ditu zurezkoak, polimero batekin edo auskalo zer materia klaserekin egina dagoen. Zumitzaren arre kolorea baino geruza zuri bat du. Muturra ere ez dauka biribildua. Zapala. Eskuzerra baten punta ematen du.
Xistera honekin ateratzen banaiz kantxara asmatuko al dut? Nora joango zait pilota?
Juezari eskatzen badiot pilota bat jaurtitzeko baimena, mundu guztia ohartuko da ez dela nire xistera, Asis II.arena dela.
Nahikoa biharamunean Arregi jaunak kontratua eteteko eta etxera, Euskal Herrira, bidaltzeko.

Urduri nago, blokeatuta. Zer egin ez dakidala.
Arregiri ezin dudala jokatu esatea berriro pasatzen zait burutik. Hain desesperaturik bainago.

Halako batean, despertadorearen burrunbak atera nau amesgaiztotik. Izerditan nago eta ohean eserita. Nahigabeak jota utzi nau. Sentsazio txarra, benetan, amesgaiztoarena!