“Akabo…!” pentsatu nuen nire artean Dania Jai-Alai pilotalekuak ateak itxi zituenean, orain dela urtebete. Izan ere, Daniakoa (Florida) baitzen zesta-punta profesionalaren azken gotorlekua Euskal Herritik kanpo.
Horregatik, askok gauza bera sentitu genuen: “Akabo…! Gureak egin du!”

Danian egokitu nintzen egun haietan, lekuko izatea tokatu zitzaidan. Eta bizi izandakoak ez ziren samurrak izan. Batik bat, azken jaialdikoa. Kantxaren erdian pilotariak, 30etik gora, euren senideekin batera, malkoak begietan eta besarkatuta ikustea… pilotalekuaren hormatzarrak: granitozko ezker pareta eta marmolez eraikitako frontisa ere bigundu zirela esango nuke.

Hain justu, pilotariek gehien maite dutena, xisteraz jokatzea eta hortik bizimodua ateratzea, eten beharra… batzuek betiko; ulertzekoa da emozioak aske, lotsarik gabe plazaratzea. Harmailetan geunden ehunka lagun ere, hunkituta geratu ginen bizitzen ari ginen egun historiko hartan.
Beteranoenak eta ez hain beteranoak, batzuk 20 urteko pilotari gazteak, jakin bazekiten hura izango zela azken baltsa eta eurek zirela azken baltseroak.
Beraiei tokatu zitzaiela ziklo baten amaieraren azken aktoreak izatea. Azken mohikanoak!

Bi hilabete lehenagotik bazekiten frontoiak ateak itxiko zituela, baina otsoaren ipuinean bezala… Badatorrela otsoa…! Badatorrela…! eta seinalatutako egunean otsoa azaldu zen, bestela sinetsi nahi bazuten ere.

Euskal Herrian ere oihartzun handia izan zuen albiste honek. Gaur egun, Teleberri eta hainbat mediotan; batzuk, sekula santan lerro bakar bat eskaini ez ziotenak, deika aritu ziren testigantzaren bila. Reality baten antza hartu nion zenbaitetan bizi izanari.

Lurrikara moduko zerbait izan zen zikloaren amaiera zesta-punta profesionalaren unibertso txikian. Daniako pilotalekuak bazuen balio sinbolikoa eta praktikoa aldi berean. Batetik, azken Jai-Alaia zela Floridan geratzen zena. Bestaldetik, pilotari ugari zela bertan debuta egin izana; kiniela sistema baliatuz ofizioa ikasitakoa.
Gaur egun, Gernikan Winter Series jokatzen ari diren pilotari gehienak, Danian aritutakoak dira.

Harrobi lanak egiteaz gain, Euskal Herritik kanpo Jai-Alai bat izateak balio sinbolikoa ere bazuen. Erakusgarri moduko bat. Den-dena galduta ez balego bezala.
Aurretik, azken 30 urteetan, Estatu Batuetan 15 pilotalekuren itxierak ez zuen halako oihartzunik ekarri, ezta hurrik eman ere! gelditzen zen bakarra itxi zenean, aldiz, berebiziko eztanda sortu zen. Halakoxeak izaten dira gauzak. Sinbolismoak indar handia du eremu guztietan. “Azken”… edozer horrek morbo handia eragiten du.

Lurrikarak —zeinek esan— tsunamia ekarri zuen. Non eta sorterrian; Gernikan.
Zerbait egin behar zela eta, urtarrilean hasita, bi hilabetetan, jokatu zen Winter Series txapelketa Gernikan. Aurretik, Azken Hegaldia, bi ataletako dokumentalak, eskaini zituen ETB1ek; pilotasoroa prestatzen goldea baliatuz. Ondoren, ETBk inoiz ez bezalako promo lanak egin zituen, jendearen atentzioa eta grina piztuz.

Txapelketak aurrera egin ahala, olatu bilakatu zen, Mundakakoaren pare, gero eta handiagoa, tsunami baten antza hartuz. Zer zen hura!

Urtebete joan da, eta, gutxien espero zenean, Daniako jabeek erabaki zuten ateak zabaltzea, bi hilabeteko denboraldia eskaintzea, abenduak batean hasi eta urtarrila arte. Pilotari gazteez osatutako koadro batekin, Iparraldekoak bospasei; beste horrenbeste, Hegoaldekoak. Debuta egitera profesionaletan gehienak eta ilusioz gainezka. Lege zaharrak agintzen zuen bezala.

Azaroan berrekin zioten, Gernikan, Winter Series txapelketari, lau bat hilabete iraungo duena. Oraingoan, sei bikote izan beharrean, zortzi ari dira.
Nobedadeak badira, batik bat kantxaren barruan. Odol berriaren presentzia, hiru gazte beteranoen artean. Azpimarratzekoa da, astelehenero jendetza biltzen dela Gernikako Jai-Alai pilotalekuan, 1.500 bat lagun. Ez da, ez, ahuntzaren gauerdiko eztula. Onintza Enbeitak, egunkari honetan, Berrian, idatzi zuen: “lehen frikiak joaten ziren frontoira; orain, berriz, frikiak dira joaten ez direnak”…

Modan jarri da Gernikako plaza eta bertan egoteko ezinbesteko lekua bilakatu da “Jai-Alaiaren Katedrala”. Beste postura bateko frikiak hurbiltzen dira: betiko zaletuak aparte, politikariak, kirolariak, kazetariak eta modazale kuriosoak.

Olatuaz egiten zen berba iaz, eta, beste olatu bat, handiagoa, astintzen ari da pilotalekua (tsunami hitzak beldurtu egiten nau). Joaldiak segi dezala indarrean luzaroan!

Bitartean, 7.000 kilometro urrutirago, gehienez jota 500 ikusleren aurrean, jo eta ke arituko da 22 pilotariz osatutako koadro gaztea.
Puntisten amerikar ametsa betetzen. Jarraipena izango duelakoan eta amesten, noizbait, gai izango direla Gernikan jokatzeko, Winter Series barruan. Biak ala biak beharrezkoak baitira denon hobe beharrean.
Bada Gernikako parte hartzaileen batez besteko adina gaztetzeko premia larria!