Juan Ignazio Zulaika

Egilea: Juan Ignazio Zulaika (Page 2 of 3)

Pilotari puntista ohia. Andoainen (Gipuzkoa) jaioa, 1956ko uztailak 14an. Tolosako Beotibar zesta-punta eskolan ibilitakoa. 14 urterekin Zaragozan debuta egin eta 1971-1972an, Milango (Italia) Sferisterio della pilota frontoian jokatu nuen.
Bartzelonan beste urtebete. Estatu Batuetan, Floridako Tampa hirian eman nituen jokatzen zortzi urte. 1974tik, 1982arte.
Bridgeport (Connecticut) beste sei urte.
Euskal Herrian ere hainbat frontoietan.
Erretirua 1992an hartu nuen. Geroztik, prentsa (Egunkaria, Berria) eta irratian (Euskadi Irratia) kolaboratzen aritu izan naiz.

Karmen eguna Markina-Xemeinen

Karmen eguna Markina-Xemeinen berezia da. Herriko jaiak direnez, “Pilotaren Unibertsitatea” leporaino betetzen da urtero zesta-puntako pilotari onenekin; baita aurten ere.

Karmen eguna berezia da pilotari ohiontzat; bilkura gune modukoa bilakatzen da pilotalekua. Diasporan bizi diren markinarrek, herriko festen tiradizoaz, ahaleginak egiten dituzte herrira itzultzeko. Herritik kanpo bizi direnak ere badira, egun seinalatuan agertzen dira.

Juan Jose Bilbon bizi da, urteak dira bertan ezkondu zela. Uztailak 16an, joan den Karmengo egunean elkartu ginen “Unibertsitatean” Juan Jose eta biok 30 urte elkar ikusi gabe pasatu eta gero. Bartzelonan ezagutu genuen bata bestea jokatzen ari ginenean, duela 47 urte.

Amerikako Estatu Batuetan, Bridgeporten, egin genuen topo berriro, 1982an. Elkarrekin bizi ginen etxe berean, Julian bere anaia eta Juanmari Iriondo ondarroarra. Bi anaiak mariatxizale amorratuak ziren. Jaiki orduko mexikar musika herrikoia jo eta ke entzungo genuen, etxean ematen genuen ordu guztietan: Vicente Fernandez, Jose Alfredo Jimenez, Alvaro Solis, Pedro Vargas… orduan ezagutu nituen.

“Ni bezainbat dakiena mariatxien gainean gutxi izango dira, ezta Mexikon ere. Hiru urte eman nituen Mexikoko hiriburuan jokatzen”. Vicente Fernandez eta Jose Alfredo Jimenezekin argazkiak badituela esan zidan. Noizbait erakutsiko zizkidala.

“Zer moduz anaia Julian”, galdetu nion. “Miamin bizi da, masaje emaile  lanetan aritzen da. Ez dugu harremanik, ez gara eroaten” , erantzun zidan.

Bost operazio izan dituela Juan Josek azkenengo urteetan, ondo dagoela orain. Entzuna neukan minbizia izan ote zuen. Ez nintzen ausartu galderak egiten.

Anaien artean fenomenoa Jabier duzue, esan nion. Deustuko Unibertsitatean katedraduna, Euskaltzaindian euskaltzain oso.

“Bai, denetatik atera gara… Ez duzu jakingo baina arreba bat guardia zibila den kapitain batekin ezkondu zen”…

Informazio gehiago behar nuela, esan nion txantxetan. Agian badela gaia beste Patriarenbat asmatzeko. Barre egin genuen.

Aspaldiko adiskideak izatea badu abantaila. Nahiz 30 urte pasatu arren elkar ikusi gabe, egunero elkar ikusiko bazina bezain eroso sentitzen zara.

Datorren urte arte agur esanez agurtu ginen, Karmen egunean berriro elkartzeko.

Paul Newman

(1988ko Maiatzak 5, Bridgeport, Connecticut, Estatu Batuak)

Sei bat aste baziren grebara atera ginela Estatu Batuetako 14 pilotalekuetan. IJAPA sindikatuko ordezkariak, Gabino Ezpeletak, esan zigun Farfield-go (Connecticut) epaitegira joan behar genuela. Hearing edo bista bat burutzekoa zen bertan eta komenigarria zela pilotariok azaltzea. IJAPA Player jartzen zuen kasaka gorriaz eta kolore eta logo bereko biseraz.  Enpresari erakutsi behar genion elkarrekin geundela pilotariok.

Ez zen lehen aldia epaitegira joaten ginela; azkena ere izango ez zena.

Bigarren solairuko areto batean ospatzen zen bista. Ireki nuen atea eta tupust egin nuen pertsona batekin. Altu samarra, oso argala. Begi urdinak begirada berezikoak.

Berehala ezagutu nuen: Paul Newman aktorea. Urduri jartzeko astirik ez nuen izan. Alboratu nintzen excuse me zabuka ahoskatuz; irrimarra eskaini zidan. Don´t worry, erantzun zidan. Kalerako bidea hartu zuen. Ez  dakit nondik, baina, ausardia izan nuen uju egiteko.

Mister Newman, excuse me, can I talk to you for a minute —aurrera jarraitu zuen, entzungor. Halako batean, ordea, jiratu zen eta begira-begira geratu zitzaidan, ondoren niregana hurbilduz.

Sure I do —esanez.

You must be one of these jai-alai players that are striking— jarraitu zuen.

How is everything going?

Ahal genuena egiten ari ginela, enpresariek eskirolekin moldatzen ari zirela, eta orain auzia epaitegietan erabakiko zela, gure nahiaren kontra.

—I read something about that in the paper —irribarra ezpainetan eta begi urdinen distira.

Derrepente, Bridgeport Jai-Alaira eginiko bisitaz hasi zen hizketan, frontoia inauguratu berria artean, tarteka joaten zela. Behin, berebiziko harrera egin ziotela pilotariek aldageletan azaldu zenean.

How is Okamika doing? —galdetu zidan.

O boy! he was such a fabolus player.

Esan nion urteak zirela Okamikak erretiroa hartu zuenetik. Intendentearen kargua hartu zuela. Garai hartako giroaz mintzatu zen, Ondarresen dotoreziaz, Tximelaren ikusgarritasuna horman gora bi pauso emanez… Frontoira mozorrotuta sartzen zela, jendeak bakean utz zezan; izan ere, Wesporten bizi baitzen, hogei minutu pilotalekutik. Hain jatorra ematen zuen Newmanek, nik ere esan nion Daytonako Speedwayen 24 Orduetan Porsche 944 batean korritzen ikusi genuela, gu zirkuituko bihurgune batean geundela eta berak eskua altxatu zuela. Guri  agur egiten zigula pentsatu genuen leheneng, baina berehala konturatu ginen aldamenean zeuden morroi batzuei zuzentzen ari zela.

Urte hartan seigarren egin nuen, Mariok (Andretti) irabazi zuen. Zuen ondoan zeudenak nire Wesportko kuadrillakoak ziren, Barney, Scotty, Sorredore, Alby… astean behin elkartzen garenak billarrean jolasteko.

Epaitegiko korridoreak betetzen hasi ziren, gehienak, nirea bezalako uniforme gorriaz: lankideak. Paul Newmanek esku hauskor bat luzatu zidan bostekoa emanez.

Good luck boys —irribarretsu, nire eskua gogotik estutuz.

Thank so much Mister Newman, I realyy apreciate it.

Biharamunean Bridgeport Herald-en irakurri nuen, Paul Newman Wesporteko epaitegian izan zela, auzi bat zuela bere bazkidearekin batera,  Newman’s Own izeneko saltsa bat sortu zuten entsaladei eransteko, etekin guztiak karitateko ekintzei bideratuz. Desadostasunak medio epaitegian bukatu zuten bi bazkideek.

(Zazpi urte geroago, Paul Newmanek, 70 urterekin, Daytonako 24 Orduak irabazi zuen.  Poz galanta sentitu nuena).

Jatorra, Paul Newman.

Erremontea, erromantikoen uharte

Egun gutxiko aldearekin agertu ziren komunikabideen aurrean Josemari Barrenetxea eta Koteto Ezkurra. Barrenetxea, Oriamendi taldeko arduraduna da, erremontea zulotik ateratzeko azken ahalegin enpresariala. Hurbiletik begiratuz gero, ordea, Barrenetxea erromantikoen uharteko azkeneko mohikanoa da.

Koteto Ezkurra egun batzuk geroago agertu zen medioen aurrean. 44 urte ditu eta, agur esateko ordua iritsi zaiola, aitortu zuen doneztebearrak. Etxeko egongelako apalak trofeoz eta txapelaz gainezka dauzka, baita oroitzapenez ere. Bera izan baita azken hamarkadetako erremonteko pilotari onena. Seguruenik, inoiz izan den handienetakoa ehun urteko historia duen pilota modalitatean. Datorren irailaren 26an jokatuko du azken partida, Hernaniko (Gipuzkoa) Galarreta pilotalekuan.

Kostako da beste Koteto bat sortzea baldintza normaletan. Are gehiago, erremonteak pairatzen ari den egoera iluna ikusita. Erremontea zulo batean sartuta dagoela esan zuen nafarrak, aldaketa sozialak medio; hitz bitan, zaleek bizkarra eman diotelako erremonteari.

Paradisu baten antzeko uhartean bizi ziren erremonte zaleak Ezkurrak debuta egin zuenean, orain dela 28 urte. Gaur egun, ordea, ozta-ozta irauten du bizirik. Noiz arte? Kalean da galdera.

Diru eske azaldu zen Barrenetxea Diario Vasco egunkarian; diru publiko eske , hain zuzen. 600.000 euroko aurrekontua dauka urtean Oriamendi enpresak erremonte profesionala kudeatzekoa, astean lau jaialdi eskaintzeko, jaialdi bakoitzean 150-200 ikusle biltzeko, bataz beste.

Eusko Jaurlaritzak 150.000 euroko diru laguntza eman zien, hiru urterako. Akordioa hiru urte bukatu zela eta, geroztik, ez dute erantzunik jaso euskal administrazioaren aldetik.

Galarreta, erromantikoen uhartea, nonbait, urrun samar gelditzen da Gasteiztik.

Duela 50 bat urte eraiki zen Hernaniko Galarreta pilotalekua. “Orioko erromantikoak”, izenarekin bataiatu zituzten garaiko prentsak sustatzaileak.

“Nola liteke frontoi bat eraikitzea hirigunetik hain urrun?”, galdetzen zuen jendeak. Erokeriatzat hartu zen. Are gehiago, 50 miloi pezetako inbertsioa zela jakin zenean. Eromena! Bada, urte bakar batean amortizatu omen zuten inbertsioa Orioko erromantikoek.

Ukaezina da erremontea maite zutela oriotar enpresariek. Ukaezina den bezala negozio bezala sortu zela Galarreta, negozio egiteko sortu ziren bezala gainerako pilotalekuak, modalitate ezberdinetan. Ahalik eta diru gehiago irabazteko asmoz. Pilota industrialaren zainetan, beraz, odolaren ordez, pezetak lehen, euroak gero, ibili dira.

Apustuzaleek beste eremu erakargarriagoetara jo dute, ihes egin dute uhartetik. “Orioko erromantiko” haiek hilobiratu zituzten eta beraiekin batera, banan-banan, uharteko biztanleak. Galarretako gain-behera etenik gabekoa izanda. Meategia agortu arte atera zioten zukua. Zikloa, beraz, amaitutzat eman al daiteke. Kotetoren erretiroak mezu sinbolikoa ote darama. Zisnearen kanta?

Erresistentziak badira, Josemari Barrenetxeak ez du amorerik eman nahi. Erromantiko honek sakrifizioa eskatzen du sakrifikatuta izan aurretik. 31 pilotariz osatutako koadroa nahikoa sakrifikatzen ari da uhartea ur gainean mantentzearren, diru apurra eramanez etxera. Erremontea maite dutelako jarraitzen dute. Erremontea bizirik ikusi nahi dutelako.

Barrenetxea kexu agertu zen prentsaurrekoan. Zergatik ez beraiei ere beste modalitateei ematen zaien diru-laguntzak? Bere esanetan, 2.000.000 euroko laguntza du urtean esku-pilotari; palak, 1.400.000; zesta-puntak, 200.000.

Koteto Ezkurra irailaren 26an jokatuko du azken partida. Egun horretan, Galarreta uhartea leporaino beteko da. Babestuta sentituko da Doneztebeko fenomenoa. Erromantikoz inguratuta; baita ere, azken urteetan agertu ez direnak ere aldamenean izango ditu.

Sinbolismoz jositako agurra izango da. Kotetok erretiroa hartuko du, erremonteak iraungo al du?

Bolo-bolo

Bolo-.bolo dabil igandeko finala, Jon, ezin duzu imajinatu zein neurritaraino! Egunkarietan elkarrizketak egunero, pilotari ohiei, aitonei, entrenatzailei, bataren izebari, bestearen lehengusuari… kalean harrapatzen duten mundu guztiari ia-ia… Gauza bera irratietan, telebistan, baita nor bere eguneroko bizimodu arruntean ere. Ematen du championsaren finala jokatzen dela. Eta hala da neurri handi batean: buruz buruko finala esku-pilotaren championsa da. Bolo-bolo ibiltzea ulertzekoa da, beraz.

Gaur lehenengo orduan etorri zait dendara Josetxo garraiolaria, kaxa batzuk deskargatzera. Oiartzuarra da Josetxo, Imaz, eskuzko pilotaria bezala. Lagunak dira, mendira joaten dira elkarrekin, zakurrekin. Binakako txapelketan behin baino gehiagotan ikusi nuen Josetxo telebistaz harmailetan bi besoak jasota, garrasika, Aimar eta Imaz animatuz.

Etortzen den bakoitzean pilotaz hitz egiten dugu. “Ez dakit”, esan dit Josetxok. “Sakearekin (Olaizola II.ak) asmatzen badu, kontuz!”.  “Bai”, erantzun diot. “Gaur egun banakako partidetan sakeak berebiziko garrantzia hartu du. Jokoaren % 60 da sakea”.

“Hor nonbait”, Josetxok. “Sake harrotu horrek, sekulako mina egiten du”, nik. Orojakilearen papera beteaz, abiada hartu dut. “Irakurri al zenituen lehengoan Atanilloren (Atano X.a) adierazpenak Diario Vascon? Ez zuela ulertzen sake mota hori, harrotutakoa alegia. Horrelako sakea ikusten ditudanean Floridan aurrelariek sakatzen duten estiloa ekartzen dit gogora. Han ere, zestaz jakina, sake bakarrera jokatzen da, pasa eginez gero, falta da. Marrazketa-luma hartuta ekin sakatu behar, beraz. Indar gutxirekin, harrotuz eta ezkerpareta bilatuz. Urtean zehar garatutako sakea da, denek hala sakatzen dute, binaka naiz bakarka”…

“A, bai e! Amerikan ibili zinen”?… aho zabalik Josetxo, ez baitzekien pilotan ibilia naizela.

Handik gutxira Patxi izeneko bezero bizarduna azaldu da dendan. Lenin garaiko itxura hartzen diot, bizarraz aparte, betaurreko borobilak, ile kalparra kizkur-kizkurra, bai, garaiz kanpoko iraultzailearen tankera du Patxik. “Noren alde igandean”? irribarrretsu. Taxuzko azalpenak espero ditu nigandik eta saiatu naiz Patxiren jakin-mina asetzen. “Begira”, esan diot “Orain arte ez dut emaitza bakar bat asmatu, baina hala ere, bustiko naiz. Altuna III.aren alde”!

Patxik ematen didan sentsazioa da partida guztiak ikusten dituela, zuzenean, aurrez grabatuta, ordu txikietan, atariko partidak, estelarrak, denak!… garai bateko marxista-leninista edo auskalo zeinen itxura duenak azterketa zehatza egin dit bi minututan. Aimarren kolpearen abiadura, Altunarena, tutik ulertu ez diodan azalpena eman dit termodinamikaren legeak kontuan hartuta… eskerrak beste bezeroak sartu direla eta alde egin duen.

Tabletarentzat kargatzaile bat behar nuela eta, tarte batean, inguruan dagoen bazar txinatar batera joan naiz. Bertan egoten den txinatarra ezagutzen dut, fotokopiak ateratzera etortzen da. Aurreko astean orri mordo batekin etorri zen. Mugi txartelak behar zituela eta, paperak osatu behar zituela. Xangaitik etorritako gurasoentzat eta beste hiru lehengusurentzat euren emazte eta semeekin. Hura orri mordoa ekarri zidana!

Atea bultzatu ahala, zintzarri salagarria. Tiiirrrrr…! Mostradorean da txinatarra. Senideak ez dira ageri, dendaren atzealdean egongo dira. “Kaixo!”,  agurtu nau. Irribarrea ezpainetan. Zer nahi nuen esateko astirik eman gabe, berak. “Aimal edo Altunalen alde, nola ikasten duzu igandekoa”? Falta zitzaidana! nire artean. Hauek ere pilotazaletu omen dira? Igandean bilduko ote dira denak, gurasoak, lehengusuak, ilobak… ETB ikusten, Euzkitze eta Tolosaren azalpenak entzuten?

Nire baitatik atera nau txinatarrak. “Napala edo giputxalen alde”? irribarre maltzurraz oraingoan. “Nile aita Olaizolalen aldekoa, badakizu aitonen arteko enpatia”… “Bada, esaoizu zure aitari ni gaztearen alde mila euroko apustua egin dudala”! Kar-kar egin du txinatarrak.

Sinets iezadazu, Jon, bolo-bolo dabil igandeko finala. Kalera atera besterik ez dago.

Emazteak, zure amak, Jon, oilasko papar batzuk erostera bidali nau harakinarengana. Erosketak auzoan egiten saiatzen gara, badakizu, komertzio txikia bultzatu behar baita. Estevez anaiak, mutilzaharrak dira laurak. Galtza motzetan etorri ziren Altzara (Donostia) Avilatik, gurasoekin batera. Pazientziaz beteta joan behar duzu, mantso-mantso, slow motion,  egiten baitute lana. “Zer, igandean ikusi beharko dugu finala, ezta”? “Kontxo”! Hauek ere pilotazaleak ote?!

Zaharrena hasi zait azalpenak ematen. “Gure aita zena gaztetan eskuz asko ibilitakoa zen Gaztelako herrietan, festetan eta abar. Sekulako afizioa dago frontoirako”, esan dit.

Halako batean atera naiz nire oilasko paparren paketearekin eta dendara itzuli aurretik, Cerrato senar-emazteak kudeatzen duten Coviran dendan sartu naiz, fruta eta barazkiak erostera. Pedro du izena senarrak. Dendaren atzealdean egoten da, fruta, barazkiak, gazta eta abar zerbitzatzen, baita loteria tiketak ere betidanik,  betiko bezeroei. Diru asko tokatu omen zitzaien duela urte dezente! Zenbaki bera jokatzen jarraitzen dute. Mesfidati hurbildu naiz Pedrorengana. Hasiko ote zait. Igandeko finaleko partidari buruz galdezka. Horixe bakarrik falta zait, txinatarra eta Estevez anaiekin nahikoa izan ez banu bezala…

Ez dit ezer esan. Haserre samar zegoen bezero batek platanoak ukitzen aritu delako, berahala ondatzen omen dira.

Kaixara joan naiz. Marikarmenek: “Egun on”! “Baita zuri ere”. Ordaindu dut eta irteten ari nintzela, Marikarmenek: “Zer, igandean Aimar edo Altunaren alde”?…

Sinets iezadazu, Jon, bolo-bolo dabil igandeko finala.

Aste ona izan, Jon!

Altuna III.a: Pilotarietan pilotari

Kaixo Jon. Ez dakit ikusi duzun “Bertsolari” dokumentala, Asier Altunak zuzendutakoa. Ez baduzu ikusi, bila ezazu interneten eta aurkituko duzu; merezi du. Bada atal bat gogoan itsatsita geratu zitzaidana. Rai izeneko kontalari batek ipuin bat kontatzen die, aurrean zirkuluan, eserita dauden haurrei.

Datorren igandean jokatzen da Bilboko Bizkaia pilotaplazan buruz buruko finala, Olaizola II.a eta Altuna III.aren artekoa. Har eta zur utzi gaitu amezketar gazteak. 22 urte bete berriak eta, jada, txapela irabazteko zorian. Ezagutzen nauzu, Jon. Jokin Altunaren ibilbidea ikusita Rairen ipuinaz akordatu naiz.

Aralar mendikatean galdutako herri txiki batean bizitu izan zen gazte bat eskuzko pilotaria izan nahi zuena. Laguntza eske herri horretan bizi zen maisu zahar batengana joan zen.

“Maisua, pilotari on bat izan nahi nuke. Zer da egin behar dudana”?

Maisuak hala erantzun zion:

“Zoaz mendi hauen inguruan dauden herrietara eta hango pilotari guztiak ikusi itzazu jokatzen. Hitz egin ezazu beraiekin. Zoaz Euskal Herrian dauden herri guztietara. Ikusi jokatzen eta hitz egin pilotari onenekin”.

Eta denborarik galdu gabe, gure gaztea abiatu zen bideetan, ibili eta ibili, luze ibili. Mendiak zeharkatu, mendien ustekabeak, itsasertzean, herria. Herritikan gertu zegoela, haizeak ekarri zizkion herri hartatik lehenengo pilotakada soinuak. Eta herria zeharkatzen zihoanean, harrietan, harri pausoetan, pilotakaden hotsak hormen kontra. Zeharkatu zuen herria eta idiki zen noizbait beste herrietara, pilotaleku berriak eta pilotariak pilotan jokatzen, binaka, launaka, taldeka. Haien abilezia den denak ikasten, ezker-gantxoak, dejadak, sotamanoak, boleak eta besagainak… Ikusten zuen guztia, den denak ikasten…, zazpi urte egin arte.

Eta den denak ikasi zituenean, atzera berriro bere herrira itzuli zen. Eta zuzen-zuzen maisu jakintsuaren etxera joan, eta han aurkitu zuen atarian, magnolia zuhaitzaren azpian, isilik, otoitzean.

Esan zion: “Jada pilotaria naiz”?

Eta maisuak erantzun: “Ez, orain, ikasitako guztiak, ahaztu egin  behar dituzu. Eta bakar bakarrik ahazten dituzunean izango zara pilotarietan pilotari”.

Aste ona izan, Jon!

Botileroak

Kaixo Jon. Atzo ere kafea hartzera sartu nintzen Fannys tabernara. Sartu nintzenean Luis eserita zegoen aulki txiki batean. Beti bezala bi telebista pantailak piztuta. Batean, tenis partida bat, Madrildik. Djokovich galtzen ari zen, niretzat ezezaguna zen britainiar baten aurka. Bi ordu barru, Luisen begiak pantailara itsatsita egongo dira; Nadalek jokatzen baitu, bere idoloak.

Beste pantailan, “Viajar” katea. Vietnam edo auskalo nongoak irudiak eskaintzen ari zirenak.

Zutitu da Luis eta esku bat luzatu du kafe-makinara, kafea ateratzeko keinua eginez. Baietz esan diot.

Mostradoreak hormarekin egiten duen izkinan, Migel taxilari burusoila, ehun kilotik gora pisatzen duen morroia, Lazkao Txiki zenaren altura berekoa izan arren; litro erdi zerbeza hartzen duen edalontzia erdi hustuta dauka aurrean.

Luis tabernaria —lehengoan esaten nizun bezala, Jon— kirolzale amorratua da. Nirekin pilotaz hitz egitea gustatzen zaio, pare bat txupito hartu ostean batik bat.

“Zer, Altunaren alde edo Ezkurdiaren alde?” galdetu dit, hotz-hotzean.

Izkin egin diot galderari beste galdera batekin. “Irakurri al dituzu Olaizola II.aren adierazpenak?”. Ezetz berak. “Botilleroek ez dutela balio handirik, kentzen badituzte ez dela ezer galtzen. Tradizioa dela, baina hortik kanpo, ezer gutxi”, gutxi gora-behera hori esan du goizuetarrak.

Ni ere ados nago Aimarrekin. Eliteko pilotariek ez dutela behar inor alboan, kontrakantxan. Partida jokatzen ari denean, pilotaria burbuila batean sartuta dago, zeharkako aholkuek ez dute balio. “Fijatu zaitez”, esan diot Luisi. “Botilleroak, gehienak, ez dira isiltzen euren pilotaria aulkian esertzen denean. Nerbioetatik jota barrua hustu besterik ez dute egiten, tentsioa kanporatu”.

Imintzioka hasi da Luis, begibistakoa da ez datorrela ados nirekin, ezta Olaizolarekin ere. “Zer uste du horrek, besteak baino bizkorragoa dela?… Agian, beste era batera jokatu beharko lukete botileroek. Pilotaria motibatzen saiatu. Tantua egin ondoren, joan pilotariarengana eta saskibaloiko jokalariek bezala, jauzi egin eta bularra bularraren kontra txokatu. Garrasi gehiago”…

Nire ezkutuko jarrera pedanteari eutsi ezinean, moztu egin diot eta zerbait asmatzen saiatu naiz. “Begira, Luis. Botileroak herri kiroletatik datozte. Segalariak, aizkolariak edo harrijasotzaileak, kuadrilla baten bueltan aritzen dira. Dirua bilduz. Apustu egunean kuadrillako batek ordezkari lanak egiten ditu, laguntzailearenak, aizkorakada non jo, atsedena noiz hartu, ur botilla eskaini… Hortik dator botileroaren figura”…

Isildu da Luis, etorkinen semea da eta ez daki ezertxo herri kirolei buruz. Gainera nik erabilitako tonua kategorikoa da, ematen du zalantza izpirik gabe badakidala zertaz ari naizen, bestela bada ere.

Tabernaria ez da errenditzen. “Begira Ezkurdia noraino iristen ari den. Dena Irujori esker, berarekin hasi zenetik, txapeldun bihurtu da”.

“Zuk uste duzu Nadalek behar duela botilerorik? galdetu diot. Lanak etxetik eginda ekarri behar dira. Zer taktika erabili, zer pilota motarekin”…

“Emakumeen (tenisean) hasi dira entrenatzaileak jokalariaren ondoan esertzen”, Luisek.

“Oraintxe izurratu nauk!” pentsatu dut nire artean. Beno, esan diot, agian gazteekin, kasu batzuetan… elitean, ordea, ez.

Betidanik hor egon badira zerbaitetik izango da, moztu dit.

“Betidanik?! Baita bi sakeak? Non daude bi sakeak? Orain bakarra da, eta bera nahikoa!”

Tradizioaz zerbait kontatuko dizut. Duela urte batzuk parte hartu nuen Euskadi Irratiko Katedra saioan. Artean bi sakerako aukera izaten zen eskuz. Telebistarako eragozpena zela eta denbora galtzen zela. Atera zen gaia. Hiruzpalau tertuliakide ginen; Retegi II.a tartean. Niri okurritu zitzaidan aipatzea zergatik ez sake bakarrera jarri, Amerikako Estatu Batuetako frontoietan jokatzen genuen bezala. Esan banuen, esan nuen. Telefonoz ari zen Retegi II.ak bota zuen, tonu ironikoan, “Eta zergatik ez hiru saketara”!? Isildu ginen denok. Retegi  II.a zen, esku-pilotako jainkoa garai hartan.

Handik denbora gutxira sake bakarrera hasi ziren jokatzen; tradizioa hankaz gora jarriz.

You are terrible!

2018ko maiatzaren 2a

Kaixo Jon. Altuna III.ari buruz nahi nizun idatzi, edo Elezkano II.aren gainean. Bizkaitarraren (Elezkano II.a) partida Bengoetxearen IV.aren aurka ez nuen ikusi. Bai, ordea, amezketarrarena Urrutikoetxearen kontrakoa. Underdog (faborito ez zirenak) egin dute aurrera, finalerdietara. Iazko lau onenak, aurten zerrendaburuak, kalean gelditu dira. Harrigarria!

Ados nago zurekin, Jon, esan zenidanean abantaila dutela aurretik partiduren bat jokatutakoek. Ematen du errodajea eginda datozela, final laurdenetan hotz-hotzean hasi beharrean baino.

Bada beste ondorio bat, begi-bistakoa. Berdintasuna. Elitean badira zortzi bat pilotari irabazi dezaketenak Buruz buruko esku-pilotako txapela. Inoiz gertatu ote da halakorik?

Sasoi puntua, konfiantza edo batek daki zer arraio pasatzen den burutik, urte batetik bestera gauzak erabat aldatzen dira. Katedrak ondo daki hori. Atzo bertan Donostiako Atano III.a pilotalekuan dirua bi halako atera zen Urrutiren alde. Nik neuk ere, faboritotzat nuen bizkaitarra.

Lanean sartu aurretik kafea hartzen dudan Fannys tabernan, nagusiak galdetu dit Donostiako partiduari buruz. Azaldu diot nire harridura eta aitorpena Altuna III.aren aldekoa. Atzo arte ez nuen uste ahalmenik zuenik txapela irabazteko, koska bat beherago ikusten nuen Altuna III.a.

Ados jarri gara berehala. Amezketarra crack hutsa dela, jeinu bat. Aralar mendikateko basajaunen besoetan, jaio berritan jaso zuela bedeinkazioa, alegia. Ikasi eta landu, bai; baina bada beste zerbait inon ikasten ez dena: talentua.

Luis du izena Fannysko tabernariak. Kirol zale amorratua, tenisa maite du batik bat. Nadal jainkotzat du. Ordu asko ematen ditu lanean eta ordu asko ematen ditu kirol programazioak ikusten aurrean dituen bi telebista pantailetan. Dagoeneko antzematen diot bi txupito hartu dituenean; berritsu.

“Eta atzelariak zer?”, esan dit. “Zergatik ez dute aurrera egiten? Zer gertatu zen Rezustarekin?”… Erantzuna emateko aukera eman gabe, berak. “Gehiago entrenatu behar dute, orduak sartu prestatzen, mentalitatea aldatu”…

Luisek estimazio handia dio bere buruari kirolaz ari denean. Kritikoa da entrenamenduekin, zaharkituta daudela metodologia asko, sistema berriak asmatu behar direla. Berdin zaio futbolaz, tenisaz edo pilotaz ari bada. Nadalek osaba Tonirekin hautsi aurretik abisatzen zidan Luisek, jende berriaz inguratu behar zela Nadal…

Nola azalduko diot nik Luisi atzelari baten zailtasunak buruz buru jokatzerakoan…

Kantxa osoa bete behar duzunean, zure esparrutik, konfort gunetik, mugitu eta frontisa hain gertu daukazula sentitzen den sentsazio arraroa. Ikara. Berdin zait eskuz edo erremintaz. Konbentzituta nago gauza bera sentitzen dutela: bertigoa. Txokoa zaindu beharra, edo zabala. Sakearekin asmatu behar, eta sakatu eta gero, zer? Aurrera egin jokaldia burutzeko? Nola, ordea? “Eta dejada botaz gero, salduta gelditzen banaiz? Atzera jo eta aurrelari demonio horiek sotamanoz dominatzera pasatzen baitira!

Hobe bertan goxo, binaka, atzeko koadroetan bizkarra zaintzen aurrelari bihurri horiei.

Kontatuko dizut, Jon, nire esperientzia buruz burukoan, balio delakoan ulertzeko atzelariaren zailtasunak.

Tampan (Florida) lehendabizi. Kiniela gehienak binakakoak izaten ziren, tarteka singleak, hots, banaka. Programatu zidaten buruz buru jokatzeko programatu ninduten; artean banaka inoiz jokatu gabea nintzena! Lehenengo egunetik azkeneraino, barregarri gertatu nntzen. Epelak entzun  behar izan nituenak! Harmailak lepo, 5.000 lagun batera buila eta iseka… tantoa galdu eta kaiolarako bidea, hura kalbarioa! Behin, nekez ahaztuko dut. Istiluaren artean, abots bat gainetik: “Zulaika, you are terrible!”

Ahots anonimo hura ez zen nire gurasoez akordatu. Ez, etsita nonbait. Amorrazioz desenkusatutako sentimendua leporatu zidan. “Zulaika, you are terrible!” Mingarria egin zitzaidan une hartan. Autoestimua birrindu. Ez nuen balio buruz buru aritzeko. Intendenteari erregutu nion ez jartzeko gehiago singletan, ni bezalako atzelari batentzat soberan zeudela banakako lan haiek.

Istorioa ez da hemen bukatzen. Dakizun bezala, Jon, Floridako eguraldi tropikala utzi eta ipar-ekialdera joan nintzen jokatzera. Bridgeport-era (Connecticut). Jai-alai pilotalekuko intendentea bestelakoa zen. Gogorragoa. Gupidagabea. Okurritu zitzaion atzelariz osatutako buruz buruko kiniela antolatzea. Igandeetan programatu zuen. Ia-ia inoiz banaka aritutakoak sail berean jarri gintuen. Ikusmin handia zegoen, batik bat lankideen artean. Pilotarien palkoa bete egiten zen gu jokatzen ikusteko. Gutaz barrez lehertzeko.

Nire itxaropena zen intendenteak amore emango zuela, aspertuko zela show-arekin. Ustelak erdiak ustel, ordea. Astean zehar ere gu programatzen hasi zen, aurrelariekin nahasita! Egunak joan egunak etorri, barregarri ginen. Ohartu nintzenean intendenteari bost axola zitzaiola, pentsatzen jarri nintzen. Eta zergatik ez ikasi buruz buru jokatzen? Sakea hobetu nuen, baita ere errebotea ere. Zesta-puntaz, Jon, zuk hain ondo egiten duzun bezala, horiek dira arma nagusiak. Ondo sakatu eta erreboteaz, min egin.

Handik aste gutxira ez nintzen aurreko “terrible!” hura. Gozatzen hasi nintzen, autoestimazioa gorantz. Eroso eta singleak jokatzeko desiratzen! Nire ibilbidean zehar lortutako satisfazio handiena ez da izan txapelaren bat edo beste irabaztea. Buruz buru egokitzen ikasi izana baizik.

Hau guztia, ordea, nola azaldu Fanniys tabernako Luisi, kirolaz hainbeste dakienari.

Aste ona izan, Jon!

Sarri-sarri-sarri-sarriii…!!

Goizean busean netorren kaskoak jarrita musika entzuten. Ruper Ordorika ari zen: Sarri-sarri-sarri-sarriii…! Buruak, Jon, badakizu zer biribilketa egiten dituen eta, bat-batean, Sarrionandia etorri zait gogora, La Habana gero eta, beste jauzi bat emanda, Raul Castro, Kubako lehendakaritza duela egun gutxia utzi duena… Hau guztia gutxi balitz bezala, derrepente, nire lankide izandako Gregorio Praderak greba garaian kontatu zidan istorioa nahasi zait Ruperren: Sarri-sarri-sarri-sarrii…! artean.

Piketeko egunak itzuli zaizkit gogora. 30 urte bete dira aurten Amerikako Estatu Batuetako pilotalekuetan grebara jo genuela pilotari gehienok. Nekez ahaztuko ditudan egunak, hilabeteak eta urteak ekarri zizkigun ditxosozko grebak.

Elurra egin zuen egun osoan. Hotz handia, ikaragarria! Haizeak  areagotu egiten zuen hotz sentsazioa. Gure piketeak zaindu behar zuen atea hutsik utzi genuen. Babes bila abiatu ginen kalea pasatuta zegoen tailer abandonatuaren abaroan.

Adreilu gorrizko hormek ematen zuten babesean bildu ginen piketea osatzen genuen hamabiko kuadrilla. Kontu kontari hasi ginen. Halako batean, akordatu nintzen Gregorioren gurasoek harremanak izan zituztela Mexikon, Raul eta Fidel Castrorekin.

—Bai, noski ezagutu nituela. Mexiko D.Fn bizi ginen. Nire aitak (Gregorio Potro Pradera) bertako Jai Alai pilotalekuan jokatzen zuen. Ez nago ziur zein urtetan, 1955ean edo 1956an, hor nonbait. Ume bat nintzen artean. Orduan iritsi ziren Raul eta Fidel Mexikora, Pinar del Rion (Kuba) urtebeteko kartzela zigorra bete ostean. Apopilo jarri ziren nire amaren adiskide baten etxean, Maria Antonia izena zuen emakume honek. Mexikoko Jai Alai pilotalekutik bi kalera zeukan etxea. Nire amak, Aida Pi Veitia, Maria Antoniarekin zuen adiskidetasuna medio, ezagutu zituen Raul eta Fidel.

Raul, zezenzale amorratua zenez, gelan gordetzen zituen ezpatak, kapoteak, muletak eta, baita ere, bi adar. Nik, adarrak hartu eta zezenarena egiten nuen, Raulek toreatzailearena egiten zuen bitartean. Izugarri dibertigarria izaten zen!

Denboraren poderioz gure etxera etortzen hasi ziren; taldea handitzen zihoan, Che Guevara tarteko. Eguberriak ziren, Fidelek arri-konkor eraman ninduen ohera, nik ez bainuen lorik egin nahi. Ohean sartu nintzenean, lo egiteko ordua zela esan zidan Fidelek, Santa opariekin etortzekoa zela eta.

Egunen batean, denek alde egin zuten, inoiz ez itzultzeko. Kubara joanak ziren, Gramma itsasontzian…

Argazki bat daukat nire etxean non agertzen diren Fidel eta nire ama, Chapultepec parkean. Nire ama eta Fidel paseatzera joan ziren Chapultepecera, argazkilari ibiltari batek esan zien ea nahi ote zuten argazki bat ateratzea. Gustukoa bazuten eraman zezatela, inongo konpromisorik gabe. Atera zien argazkia, nire amari ez zitzaion gustatu, eta argazkilariak zakarretara botako zuelakoan, bertan utzi zuten.

Fidel, Raul eta talde osoa, FBIren zaintzapean zeunden une oro. Handik egun batzuetara Raul joan zen paseoan leku berera eta hara non ikusten duen argazkia zintzilika tripodearen saihets batean. Raulek erosi eta, haserre bizian, bikotearengana jo zuen; berebizikoak esan omen zizkien!

1973an Denverrera joan nintzen nire emazte ohiarekin, zeina Mexicana airekonpainiako azafata baitzen. Berak aipatu zidan  hotelera eramaten zituen furgonetako txoferrak Fidel Mexikon ezagutu zuela. Iritsi ginenean hasi ginen hizketan eta, hara non, nire amaren izena azaldu zen. Biharamunean argazki batzuekin etorri zitzaidan, nire amaren etxean izandako festa batekoak, ama bertan agertzen zela.

Amarekin elkartu nintzenean aipatu nion gizon honena. El Coreano ezizenez omen zen ezaguna morroia. Koreako gerran borrokan ibilitakoa amerikarrekin. Mexikon arma irakaslea omen zen Fidelen taldean. Nire ama harrituta geratu zen gizon honen berri eman nionean.

Hauxe esan zidana:

—Así que está vivo El Coreano—bizirik jarraitzen zuela harrituta.

El Coreano Fidelen zirkuluan infiltratu zen, Dominikar Errepublikako diktadore Trujillorekin adiskidetasun harremana zeukalako. Fidelek, Trujillo akabatu nahi zuen. Coreano-ren arabera ba omen zuen aukera diktadoreangana hurbiltzeko… Fidel, ordea, dena gezurra zela jabetu zen, Coreano zurikerian zebilela. Traizioa egingo zien susmoa zuen, nonbait.

Goiz batez, Fidelek esaten dio nire amari goiz osoan ez zela agertuko, hitzordua zeukala Coreanorekin. Are gehiago, aitortu zion bidetik kendu nahi zuela, gehiegi zekielako.

Zerbait gertatuko zen bizitza barkatzeko Coreano-ri. Horregatik nire amaren harridura.

1959an, La Habanan geundela, joan nintzen nire amonarekin teatro batera, Raulek hitzaldi bat egitekoa zen. Bukaeran hurbildu ginen berarengana eta amonak galdetu zion ea gogoratzen zen nitaz. Segundo batzuk pasatu ziren eta: “Cololo!!”… esanez, besarkatu ninduen.

Aste ona izan, Jon!

Zabor guztia burura

Hasi da, Jon, eskuzko Banakako Txapelketa, eta dagoeneko hiru pilotari kanpoan geratu dira. Horietako bi, lur jota agertu dira partiduaren ostean. Lastima eman zidaten. Gauza bat da galtzea eta, bestea, horrenbeste sufritzea.

Lan latzak ematen dizkigu buruak kirolarioi. Oiartzabalek, Realeko jokalariak, zera zioen: “Irabazten duzunean buruak beste era batera funtzionatzen du. Batzuetan, arlo psikologikoa, fisikoa baino garrantzitsuagoa da”.

Arrazoi du futbolari eibartarrak. Garaipena da bitamina eraginkorrena morala altxatzeko. Nik ere frogatu nuen ederki nire garaian. Zuk ere, honezkero, dastatuko zenuen emaitzen zapore gazi-gozoa. Bolada txar batean murgilduta zaudenean, eta,  bat-batean, bi kiniela irabazten dituzunean, mundua beste modu batera ikusten da.

“Zertarako entrenatu horrenbeste!… Egun beltza, triste nago emandako irudiarengatik”, zioen Axier Arteagak, Elezkano II.aren aurka aise galdu ostean.

Okerrago sentitu zen Victor errioxarra, 21 eta 14 irabazten joan ondoren, 21 eta 22 galduz, Retegi Biren kontra.

“21 eta 14 irabazten nindoala zabor guztia etorri zait burura. Zure posibilitateetan konfiantza ez duzunean, zaila da partida aurrera ateratzea… Ondo aritu naizela, partida ona, ia-ia irabazi, 21a… buruan hainbeste gauza eta, ezin!”, adierazi zuen Ezcaraiko (Errioxa) gazteak aldageletan, begiak gorri-gorri negar saioa egin ostean.

Kontrakantxatik erreparatzeak ematen duen perspektibatik, esango dizut, Jon, zenbaterainoko kaltea egiten duen garaipenaren sakralizazioak. “Porrotaren agonia eta garaipenaren gloria”, zioen lelo batek Ameriketako telebista kate batean. Tirania horren mendean bizi behar kirolariak. Number one izan behar, bigarrenak ez du alerik balio.

Den-denak ondo atera behar du. Perfekzionismoaren eredutik zerbait desbideratzen denean, zerbait espero ez duzun bezala, ematen denean, frustrazioa sortzen da.  Jasanezina askotan. Munduaren akabera balitz bezala…

“Zertarako entrenatu horrenbeste”, galdera egiten zuen Arteagak. “Zaborrez bete zait burua”, Victorrek.

Arrakasta, garaile suertatzea, txaloak eta txapelak. Garaipena da helburu bakarra. Mundu perfektua. Garaipenetik kanpo, beste satisfaziorik ez balego bezala. Porrota, zeresanik ez, desgrazia bat bezala ikusten da; kaosa!

Bada, Jon, honetaz asko dakien psikologo bat, Tan Ben-Shahar izena duena, Harvarden (Amerikako) klaseak ematen dituena. Bera ere, kirolaria gaztetan, squashekoa, ezagutu zuen zer den perfekzionista izatea, gogotik sufritu zuen bere ibilbidean zehar. Ben-Shahar konturatu zen bi perfekzionista mota daudela: negatiboak eta positiboak. Jarrera positiboari “optimalismoa” deitzen dio.

Perfekzionistek errealitatea errefusatzen dute eta fantasiazko mundu batekin ordezkatzen dute: porrota ez da existitzen, ezta emozio negatiboak ere; optimalistek, aldiz, errespetu handia diote errealitateari, jabetzen dira datorrena datorrela onartu beharra dagoela, arrakastaz gozatzea dagokigula, leziotzat hartu behar dugula porrota. Errematea kanpora bota arren, ez dira hasten maldizioka; hurrengo tantoan zentratzen dira, aukera berri bat.

Badakit prestatzaile fisikoak, botileroak eta abar dituztela oraingo pilotariek. Halere, arlo psikologikoa landu gabe daukatela esango nuke, baztertuta. Eta horregatik sufritzen dute horrenbeste. Niretzat ere kirola arrakastarekin lotuta zegoen. “Porrotaren agonia eta garaipenaren gloria”, leloaren mendean beti.

Debuta egin nuenean, Zaragozan, 1970ean, bizi ginen ostatuan bazen pilotari markinar bat, fina, langilea. Partidu bat galtzen zuenean, bi egun ematen zituen mutu. Mamu baten itxura hartzen zuen, ikusi egin behar haren aurpegia!

“Galdu arren asko entrenatu dut, gaztea naiz eta bide honetatik gorantz egingo dut… pozik nago, badakit emandako irudia ez doala nirekin, hurrengoan izango dut aukera (Arteagak esan ez zituenak).

Victorrek berriz, esan balu: “Ondo aritu naiz, partida ona jokatu dut. 21 eta 14 irabazten nindoala, nahasi eta behera egin dut. Arlo hori jorratu behar dut, gainerakoan erakustaldia eman dut. Irabazteko obsesioa burutik kentzen dudanean, etorriko da saria. Gaurkoa lezio bat izan da nire ibilbidean. Erakutsi dut aparteko dohainak ditudala buruz buru jokatzeko. Datorren urtean hemen izango naiz berriro”…

Perfekzionismoaren mekanismoa ez da erabat desagertzen gure burutik. Nahiz eta optimalista izaten saiatu, bi aurpegiko txanponek, habia hartzen dute gure buruan. Positiboa izatea ez da urruneko lurralde batera iristea; baizik eta izar-gidari bat inoiz lortuko ez duzuna.

Aste ona izan, Jon!

Aizkolariak, pilotariak eta apaizak

Donostia, 2018ko apirilak 10.

Kirola lantegi krudela dela honezkero ikasi duzu, Jon. Lehenago edo geroago —lesioak alde batera utzita, kirolari baten minbizia baitira— gazi-gozoak agertzen dira kirolariaren ibilbidean. Horra hor, beharbada, kirolak epikatik duen handitasuna.

Karga handiko igandea izan zen atzokoa kirolari dagokionez: aizkolariak goizetik Tolosan (Gipuzkoa); pilotariak arratsaldez Bilbon (Bizkaia); eta golflariak gauean Augustan (Georgia); zu bizi zaren Floridatik gertu samar.

Denetara iristeko nahikoa lanak. Jainkoa izan behar horretarako, edo  Euskadi Irratiko Iñaki Elortza Txapas kazetaria. Gainerako hezur-haragizkook, irrati edo telebistaren ondoan izan behar gazi-gozoen berri izateko.

Aise irabazi zion 20 urte dituen Iker Vicente aizkolariak Arria V.ari. Ez dakit apustu honen berri izan duzun. 6.000 euro bana jarri zuten. Hiru hilabete prestatzen. Arria V.ak 40 urte ditu. Ezagutuko duzu seguruenik, EITBn agertzen da mendiko lasterketetan, atleta hutsa da azpeitiarra. Ordubete inguruan jo eta ke enborrak jardun eta  bukatu zuten euren lana, 2.000 zaleren aurrean, 40 euro bana ordaindu zutenak. 80.000 euroko poltsa bilduko zuten. Diru partitzea egingo zuten.

Bi apaizen arteko berriketa etorri zait burura, demaren emaitzaren ostean. Batek, Arria V.ak, dio. “Elizan bota den dirutik, billeteak jaso ohi ditut lehenbizi. Txanponak Jaunari uzten dizkiot”.

Beste apaizak, Vicentek, horrela erantzuten dio: “Ba, nik ez. Nik kolekta guztia goraka botatzen dut eta Jaunari esaten: Hartu behar duzuna. Eta lurrera erortzen dena jasotzen dut niretzat”.

Lehendabiziko apustua omen zuen Vicentek, eta gustatu zaiola irakurri diot gaurko egunkari batean. Ez da harritzekoa. Kirolaren alde gozoa dastatu zuen Otsagabiko (Nafarroa) gazteak.

Badakit, Jon, ikusi zenuela eskuz jokatu zuten Binakako finala. Partidua eskasa benetan. Sakanatik haizeak ekarritako erauntsiak birrindu egin zituen arerioen defentsak. Aitortu behar dizut nire pronostikoak txiki-txiki eginda geratu zirela. Elezkano II.a eta Rezustarengan konfiantza izugarria baineukan. Ez horrenbeste Ezkurdia eta Zabaletarekin. Nire kontsolamendua da Jokin Etxanizek, Aspeko guruak, aurreko egunetan egindako adierazpenetan, ez zuela ere espero halako deskalabrurik.

Txapelketan zehar Rezustaren bilakaera ikusita —maldan behera gero eta okerrago jardun baitu— ekarri dit gogora nik Tampako (Florida) pilotalekuan; Miamikoen kontra jokatu nuen torneo bat. Hasi, ikaragarri ondo hasi ginen. Bost partidatara play-offa, bikote onenak eskuratzen zuen txapela. Lehenbizikoa ondo irabazi genuen; bigarrena berriz, Miamin, irabazten joan eta gero galdu egin genuen. Hirugarren neurketa etxean, Tampan, jokatu beharrekoa, aise galdu genuen. Bukaeran, hurbiltzen zait sasi-filosofoa zen Txasio II.a eta esaten dit. “Andaluziar zaldi baten irteera izan duzue; bukaera, aldiz, Mantxako asto batena!”

Zaldiez ari naizela, bete ipuin bat etorri zait gogora. Elezkano II.a eta Rezustaren ibilbidea ikusita txapelketan zehar. Hemen ere, apaizak protagonistak.

Zaldia erosi nahi du apaizak (Rezustak). Saltzaileak zaldiaren ohiturak argitzen dizkio: “Jainkoari eskerrak” esatean, arrapaladan, korrika bizian, abiatzen da, eta “Amen” esandakoan seko gelditzen da.

Hala, erosten du zaldi hori apezak (Rezustak). Eta abiatu da. Arrapaladan, (partidu guztiak irabaziz). Bat-batean ordea, (finalerdietan, 17 eta 21 atzetik joan ostean) konturatzen da amildegia daukala aurrean, baina hitzak ahaztu egin zaizkio eta erreguka hasten da. Otoitza amaitzean, esaten du “Amen” eta zaldia gelditu egiten zaio. (21 eta 22 irabaziz sailkatu ziren Elezkano II.a eta Rezusta).

Amildegiaren ertz-ertzean baina bizirik! Sailkatuta. Esker  ona adierazteko unea, azken finean finalera iritsi baitira eta ailegatu da eguna. “Jainkoari eskerrak” ematen dizkio… Ondorena ezagutzen duzu…

Aste ona izan! Jon.

« Artikulu zaharragoak Artikulu berriagoak »

© 2020 Kontrakantxatik

Theme by Anders NorenUp ↑

Featuring WPMU Bloglist Widget by YD WordPress Developer